Jose Inazio Elias: "Gure musika zaintzen ez badugu, konturatzerako galdu egingo da"

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 27a, 08:46

Jose Inazio Elias. (Maialen Etxaniz)

Proiektu berezi bat dauka esku artean Jose Inazio Elias Zarautzen bizi den txistulari azpeitiarrak: txistuarekin jotzeko mila abesti baino gehiago grabatu ditu. Lan hori aitortu dio Euskal Herriko Txistulari Elkarteak. Gipuzkoako Hitzarako egindako elkarrizketa da honako hau.

“Kaleko txistularia” da Jose Inazio Elias (Azpeitia, 1951), musika ikasketa profesionalik jaso ez duen “txistulari saltseroa”. Urte askoan aritu izan da Euskal Herriko mendi gainak txistu doinuz girotzen, eta Imanol Urbieta zenarekin ere egin zituen hainbat proiektu. Orain, bestelako egitasmo bat dauka esku artean; izan ere, Youtubeko Zesteronekua kanalera igo ditu txistuarekin grabatu dituen mila abesti baino gehiago. Sona handia izan du Eliasen proiektuak, eta entzunaldi ugari izan dituzte abestiek. “Gustura” dago egindako lanarekin, eta aitortu du elkarrizketara bertaratu baino zertxobait lehenago amaitu duela azken abestia.

Gaur egun txistuarekin joaten zara edonora, baina noiz hartu zenuen txistu bat aurrenekoz esku artean? Nolatan hasi zinen instrumentu hori jotzen?

Bitxia da kontua, baina aitak arrebari erositako txistua izan zen jo nuen aurrenekoa. Arreba piano ikasketak egiten ari zen, eta hark ez zion arretarik jarri txistuari. Niri, aldiz, deigarria iruditu zitzaidan. Gainera, banekien Loiolako basilikan [Azpeitia] bazegoela txistua jotzen zekien jesuita bat, eta harengana joan nintzen, ea irakatsiko zidan galdezka. Eskema bat marraztu zidan, zein zulo ireki eta itxi behar nituen zehaztuta. Eskema hura aurrean jarrita ikasi nuen txistua jotzen. Ezkutuka jotzen nuen, eta egun batean aitak entzun egin ninduen. Aho zabalik gelditu zen, ez baitzekien txistua jotzen nekienik. Hark eraman ninduen jotzen ikastera, Andoni Albizurirengana. Zaletasuna txikitatik datorkidala esango nuke, haurra nintzela ere txokolotarren piezak entzuten genituelako meza nagusien ostean eta.

Non trebatu zinen?

Andoni Albizurirekin hasi nintzen, Oargi dantza taldeak Azpeitian zuen lokalean. Ez genituen ordu asko egiten han, baina jo eta jo aritzen ginen; hori zen ikasteko modurik onena. Dantzariek piezak entseatzeko jotzen genuen txistua, eta dantza errepikatu behar bazuten, guk ere pieza osoa errepikatzen genuen. Ez dago aritzea baino eskola hoberik.

Ba al zegoen orduan txistua jotzeko joerarik?

Gure taldean zazpi-zortzi lagun inguru biltzen ginen, ia denak gizonezkoak, baina gerora pare bat emakumezko ere animatu ziren. Sei-zazpi urtean aritu nintzen han, eta oroitzapen bikainak ditut. Eskolak jasotzeaz gain, egunpasa ederrak egiten genituen. Txistua gainean hartuta mendira joaten ginen sarritan, eta dantza taldeekin ere herriz herri ibiltzen ginen. Legazpira egin nuen aurreneko irteera, eta oso oroitzapen onak ditut.

Mendiak eta txistuak lotura handia zuten sasoi hartan; izan ere, orduan ez zegoen orain beste trikitirako joerarik. Orduan txistua entzuten zen mendian, urteekin aurrea hartu digun arren. Xoxotera, Pagoetara, Aralarrera, Urbiara… Hara eta hona ibiltzen ginen. Gainera, abertzaletasuna pil-pilean zegoen garai haietan, eta gu agitatzaileak ginen, nolabait. Txistuz jotzen eta abesten genituen euskal kantak tarteko, joan izan ginen behin baino gehiagotan kuartelera. Abentura andana utzi dizkigu txistuak.

Zeuk esana da kaleko txistularia zarela. Zer egiten du kaleko txistulari batek?

Egia da hori; ni zerbait banaiz, kaleko txistularia naiz. Eta zer egiten dugun? Herria girotu, festetan jai giroa sortu, festarik festa euskal kantak eskaini… Azken batean, musikaz askotariko txokoak alaitzen ditu kaleko txistulariak. Zoritxarrez, apenas gelditzen den halakorik.

Mendira urte luzez eraman zenituen txistu doinuak, eta Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunakoek aitortza ere egin zizuten. Nola oroitzen dituzu urte haiek?

Urte paregabeak izan ziren; beti oroituko ditut. Harreman bikaina izan dut eta daukat Lagun Onak Mendi Bazkunarekin. Xoxoten urte luzez aritu nintzen txistulari, eta horregatik egin zidaten aitortza. Ausartzen naiz esatera inoizko aitortzarik onena izan zela, edozein domina baino ederragoa.

Azpeititik Zarautzera ezkondu zinenean, nolakoa zen euskal kulturaren bueltako giroa herrian?

Iritsi bezain pronto ezagutu nuen Imanol Urbieta zena. Musika eskola zuen hark, eta proposatu zidan haurrei txistu eskolak eskaintzea. Orduan dirurik kobratu gabe egiten genituen horrelakoak, eta ezin gusturago ibili nintzen. Ume ugari zegoen musika eskolan, eta giro paregabea sortzen zen. Imanolek grabaketak egiten zituen haurrekin, eta haientzako kanta ugari sortzen zituen. Grabaketa haietan ere parte hartu nuen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide