Sahatsa dantza taldeak jaso du Azkoitiko I. Kultura Saria

Andoni Elduaien 2022ko mai. 28a, 08:30

Atzo jaso zuten Sahatsa dantza taldekoek saria, Azkoitian. (Andoni Elduaien)

Atzo, ostirala, jaso zuen aitortza berezia Sahatsak, Azkoitiko plazan eta udaletxean egin zuten ekitaldian. Dantza taldearen "urte luzeetako ibilbidea" txalotu nahi izan zuen Azkoitiko Udalak, euskal folklorearen sustapenean eta euskal dantza tradizionalen hedapenean "oinarrizko papera" izan duelako.

Sahatsa dantza taldeak jaso du Azkoitiko I. Kultura Saria. Azken 46 urteetan euskal dantza tradizionalen nahiz euskal folklorearen sustapenean egin duen lanagatik egin dio aipamena Azkoitiko Udalak dantza taldeari. Juan Luis Lizabe Sahatsako zuzendariak jaso zuen saria atzo, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearen eskutik. Udaletxean egin zuten sari banaketa ekitaldia. Hala eta guztiz ere, Azkoitiko plazan elkartu ziren dantza taldearen ibilbidean era batera edo bestera parte hartu duten kideak, eta argazkia ere atera zuten. Ondoren, Bizkargi dantza eskolako bi gaztetxok aurreskua eskaini zieten guztiei, eta udaletxera bidean ongietorria egin zieten txistulari taldearen doinuekin.

Bizkargi musika eskolako ikasleen piano doinuek ireki zuten sari banaketa ekitaldia udaletxeko bilkura areto nagusian. Azkoitiko alkateak hartu zuen hitza han: "1976tik dantzan ari zarete, dantzan ikusi zaituztegu. Kuriositate bezala, jakin dut gure erretore jauna izan zela Trintxerpetik [Gipuzkoa] Urrestilara [Gipuzkoa] dantza irakasleak ekarri zituena, inguruotako gazteek dantzan ikas zezaten. Gerora, zuen oin jostariekin plazak eta antzokiak bete dituzue. Euskal dantza tradizionala plazaratzea eta ezagutaraztea izan da zuen nahia, gozatuz eta gozaraziz, lana eginez. Urteen poderioz, Sahatsa handia egiten joan da, erreferentziazkoa. Taldean urteak egin dituzuenontzat familia bihurtu da, eta gazteei dantzarako ateak zabaldu dizkiezue, dantzarako eta hamaika bizipenetarako".

Juan Luis Lizabe Sahatsako zuzendariak udalak egindako aitorpena eskertu nahi izan zuen saria jaso ondoren. Halere, Pello Larrañagak eman zituen azalpenak Sahatsaren izenean: "Eskertu nahi dugu egin diguzuen aitortza, eta herritarren aldetik Sahatsak izan duen estimua. Beti izan dugu Sahatsako kideok herritarron esker ona dantza taldearen ibilbidean. Sari edo aitortza hau horren ispildu dela sentitzen dugu", adierazi zuen Larrañagak. Txistulariak nabarmendu nahi izan zuen guztia taldearen 46 urteko bidean taldekide izan direnek egindako "lanari esker" izan dela. "Gaur egun kide direnek eta kide izan ziren guztiek taldearekiko izan duten konpromisoagatik iritsi gara gaur gauden lekura".

Duela 46 urte sortu zen Sahatsa Urrestilan, eta hango gazteek erein zuten lehen hazia. Urrestilan bertan, gazte haiek bailarako gazteei ateak ireki zizkieten eta elkarrekin ekin zioten dantzaren eta folklorearen bideari. Filosofiari jarraituz, gaur egun berdin jarraitzen du taldeak, Azpeitiko eta Azkoitiko gazteek osatzen baitute taldea. Tartean, bailaratik harago, kostaldeko gazterik ere izan da Sahatsan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide