Sanjuandegiko festak 2022

Trikitilari gazteen plaza

Julene Frantzesena 2022ko eka. 4a, 08:29

Trikiti txapelketa bateko irudia.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, trikiti doinuak itzuliko dira auzora. Aurtengoa txapelketaren VIII. edizioa izango da, eta larunbatean egingo dute karpan, 17:00etan hasita. Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko edukia da honako hau.

XJ Auzolanean elkarteak 2013az geroztik antolatzen du Trikitilari Gazteen Txapelketa, Trikigiro elkartearekin elkarlanean. Aurtengoa txapelketaren VIII. edizioa izango da, eta azken urteetako etenaldiaren ondoren, indartsu iritsiko da lehiaketa auzora.

Azpeitiko eta inguruko herrietako trikiti irakasleen ekimenez hasi ziren txapelketa antolatzen, eta kide horietako bat izan zen Haritz Garmendia: "Beste herrietan antolatzen zituzten txapelketak, eta Azpeitian bertan txapelketa egiteko adina ikasle bagenituela pentsatu genuen irakasle talde batek. Gainera, Azpeitiko txapelketa ikasleentzat gainontzeko txapelketetarako tranpolina izan zitekeela ere uste genuen. Izan ere, Zarauzko edota Zaldibarko txapelketek urte askotako tradizioa zuten, baina herri mailako zerbaiten falta sumatzen genuen. Hutsune hori betetzeko aukera gisa hartu genuen Sanjuandegiko gazteen txapelketa», gogoratu du Garmendiak.

Trikiti txapelketen loraldia 1990ko hamarkadan izan zen; Euskal Herriko txoko guztietan egiten zen bat edo beste. Hala dio Garmendiak: "Azkoitian, adibidez, Euskal Herriko lehiaketaren finalerdietako bat egiten zen". Txapelketa horiek guztiak desagertzen joan dira, ordea. Dena den, bestelako joeran ibili da Azpeitia. "Gero eta soinujole gazte gehiago zegoen Azpeitian, eta txapelketa antolatzeko baldin- tzak bazirela iruditu zitzaigun. Baldintza egokienak Sanjuandegik eskaintzen zituenez, festen baitan sartu genuen txapelketa".

2013. urtean egin zen lehendabiziko edizioa. Garmendia XJ Auzolanean elkarteko kidea zen orduan, eta urte hartako larunbat arratsaldeko egitarauan hutsunea zegoela oharturik, proposamena egin zuen. "Garai hartako batzordekideak trikitizaleak ziren, eta izugarrizko babesa izan genuen antolaketan", gaineratu du. Ordutik, bilakaera izugarria izan du txapelketak, eta, gaur egun, ikus-entzule ugari biltzen dituen ekitaldia da. "Kuriosoa da gero! Herrietako txapelketa guztiak desagertzen ari direnean edota partaideak aurkitzeko zailtasunak dituztenean, Azpeitikoa indarra hartzen ari da. Horrek badu bere esanahia: Azpeitia herri trikitizalea den seinale da".

Bailarakoak

Bi urteko etenaldiaren ondoren, larunbatean izango da txapelketaren VIII. edizioa, 17:00etan hasita, karpan. Bost eta zazpi bikote artean lehiaketaren aurtengo edizioan Sanjuandegiko oholtzaren gainean. Parte hartzaile guztiak bailarakoak izango dira: "Bailarakoa izatea edo bailarako irakasleen ikaslea izatea da parte hartzeko baldintza bakarra. Gainera, lehen urtetik zehaztu genuen trikitilariek baserritarrez jantzi beharrik ez zutela izango; izan ere, txapelketa guztietan hala jantzita agertokiratu behar izaten dute, baina uste dut erosoago sentitzen direla kaleko jantzita".

Mari Jose Bikendi soinujotzaile eta Unai Frantsesena pandero jotzaile azpeitiarrak izango dira epaimahaikideak, eta horiek arduratuko dira trikitilari gazteen lana epaitzeaz: "Teknika, erritmoa, zailtasuna... baloratu beharko dituzte. Izan ere, soinuak baditu bere sekretuak. Horrez gain, bikoteak bat egiten al duen ere baloratzen dute, eta ondo abesten al duten ere bai. Gauza asko hartu behar dira kontuan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide