Gaur gaueko bertso afariaz aparte, ostiralean gazte afaria eta zapatuan auzo bazkaria ere antolatu ditu XJ Auzolaneanek aurtengo festetarako. Hiru otorduetara herritar ugari joatea espero dute antolatzaileek, baina bada bereziki arrakasta izango duen hitzordu bat: auzo bazkaria. Larunbatean, 15:00etarako, jendez leporaino beteko da Jose Antonio Agirre plaza.
Hara joango diren auzotarrek badakite zer izango duten bazkaritan jateko: paella. Ziurrenik, baina, askok ez dute jakingo nork prestatuko duen otordua: Joxe Ramon Guridi da aurten paella prestatzeko ardura izango duen auzotarra. Urte asko daramatza zeregin horretan; hainbeste urte dira auzo bazkariko paella prestatzen hasi zela, ezen ez duen gogoan noiz hasi zen egiteko horretan. "Urte pila bat dira! Anaia zaharra eta biok hasi ginen egiteko horretan. Jarraitu eta jarraitu egiten duzu, eta badakizu zer izaten den... Auzoko gazteek egiten duten lan pila ikusita, pena ematen du uzteak ere", dio Guridik. Hainbat urtetan hiru lagun aritu izan dira bazkaria prestatzeko lanetan, baina aurten Guridik berak bakarrik prestatuko du: "Beste bi lagunek ezin dute aurtengoan, eta beste bateren bat laguntzera animatuko dela espero dut, bestela bakarrik izango bainaiz".
Aurtengoa, baina, auzo bazkarirako paella prestatuko duen azken aldia izango duela aurreratu du. Bazkaria prestatzen ondo pasatzen eta egitekoa gustukoa badu ere, 65 urterekin erretiroa hartzeko garaia iritsi zaiola uste du: "Gazteak behar dira, eta, gaur egun, horiek falta dira horrelako lanetarako. Batzordekoei esana diet, pare bat gazte hastea nahikoa litzatekeela... Aurten aprobetxa dezakete dena nola egiten den ikusteko eta aurrerantzean beraiek jarraitzeko. Hori bai, datozen urteetan laguntza behar balute, ni beti prest nengoke horretarako».
125-150 lagunentzako paellak prestatzeak sekretu berezirik ez duela dioen arren, badu zerbait Guridiren paellak, laudorioak jasotzen baititu urtero: "Neurriak eta kantitateak errespetatzea bezalakorik ez dago: hainbeste ur, hainbeste arroz. Salda prestatzen dugu aurrena, eta arroza botatzen dugu gero. Egia da jendeak asko eskertzen duela eta ona dagoela esaten duela, eta poztekoa da hori. Txarra dagoenean ere esaten didate, ordea, ez pentsa!".
Arrasateko motozale batzuk dira, besteak beste, Guridiren paellaren zale nagusiak. "Ikuskizuna eman ondoren, auzo bazkarian gelditu ziren. Bazkaria amaitzean nigana etorri ziren, eta Arrasateko herri bazkarietako paellak prestatu behar nituzkeela esan zidaten".
Lana eta gozatua
Auzo bazkarirako lan asko egin behar izaten du Guridik, baina saiatzen da festetako hamaika ekintzez gozatzen. Kontzertuak eta herri kirolak ditu gustuko, baina auzoan sortzen den giroa nabarmendu du. Izan ere, sanjuandegitarrak gogora ekarri du festak galtzear egon ziren garaia. Poz handia sentitzen du auzoko jaiek duten indarra ikusita. "Gazte kuadrilla bat hasi zen jaien antolaketan, eta festak goitik behera aldatu zituzten. Sanjuandegi bezalako auzo batentzat garrantzitsua da giroa izatea, eta poz bikoitza da jende gaztea lan ona egiten ikustea. Gipuzkoako edota Bizkaiko hainbat herritatik ere etortzen da jendea, eta hori horrela izanik, zera pentsatzen duzu: auzo honek badu bere xarma!".