Sanjuandegiko festak 2022

Kaleak musikaz astintzera dator Skapaie

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 3a, 12:34

Azpeitiko Skapaie elektrotxarangak Sanjuandegiko festetan joko du arrenekoz jendaurrean. Abesti ezagunekin alaituko dituzte auzoko kaleak bihar arratsaldean 19:00etan hasita, eta "gogoz" daude. "Ondo pasatzera" aterako dira kalera, eta ingurukoek ere goza dezaten nahi dute. 

Bazen behin, elektrotxaranga bat Azpeitian: Skandalue. Sei urtez ibili zen Euskal Herri osoko kale eta auzoak musikaz alaitzen. Duela urte batzuk eman zioten agurra ibilbideari, eta orduz geroztik ez da beste elektrotxarangarik izan herrian. Aurten, ordea, badago Skandalueren erreleboa hartuko duenik, eta jendaurreko lehen emanaldia eskaintzear dago. Sanjuandegiko festetan, larunbatez, egingo du estreinaldia sortu berria den Skapaie elektrotxarangak. Adin eta eremu desberdinetako bederatzi gaztek sortu dute Skapaie, musikarako eta festarako zaletasunak elkartuta. Hain zuzen, Janitz Larrañagak –gitarra–, Jon Martinezek –tronpeta–, Enaitz Zubizarretak –bonboa eta txistua–, Markel Aranburuk –tronpeta–, Alex Carrizok –kaxa–, Julen Carrizok –saxofoia eta harmonika–, Julen Brizek –baxua–, Lantz Unanuek –ahotsak eta tronboia– eta Lur Iurrebasok –ahotsa– osatzen dute Skapaie

Alex Carrizo XJ Auzolaneaneko kidea da, eta hark kontatu du nolakoak izan diren taldearen hastapenak: "Sanjuandegiko festa batzordeko kidea naiz, eta urtero bezala elektrotxaranga baten bila genbiltzala sortu zitzaigun taldea sortzearen ideia. Azken jaietan jo zuen elektrotxarangari deitu genion aurrena, baina ezezkoa eman zigun. Hori ikusita, geure elektrotxaranga sortzea proposatu zidan anaiak, ideia polita izan zitekeelakoan".

Alex eta Julen Carrizo anaiek berehala jakin zuten norengana jo kide berrien bila. "Kasualitatez, Azpeitiko Gaztetxeko Bertsio Gaua igaro berrian zen, eta bagenekien egun hartan gazte talde batek ska taldeen edo abestien bertsioak egin zituela. Beraz, haiekin harremanetan jarri ginen", kontatu dute. Alex eta Julen Carrizo Azpeitiko Musika Bandako kideak dira, baita Lantz Unanue ere. Beraz, harengana jo zuten, bera baitzen Gaztetxeko bertsio gauean parte hartu zuen gazteetako bat. "Lantz ezagutzen genuen bandatik, eta harengana joan ginen".

Aste Santu inguruan hasi ziren entseatzen Zubizaharreko entsegu lokaletan. Azken hilabeteotan "ordu pila bat" igaro dituzte han. "Astean bi edo hiru alditan etorri gara entseatzera. Entsegu guztietan ez gara denok elkartu, bakoitza ahal duenean etortzen baita. Dena den, helburu orokorrak jarri ditugu, eta horiek lortzen joan gara pixkanaka-pixkanaka: orain bost abesti, gero beste bi… eta horrela, gaur arte", azaldu dute musikari gazteek. "Entsegu lokaletik aparte, etxean ere aritu gara, norbera bere erara", gaineratu dute.

Harrera bikaina

Parranda girorako aproposak diren abestiak eskainiko ditu Skapaiek. "Euskal kanta ezagunak, parrandarako modukoak direnak, ska klasikoa… hori da gutxi gorabehera joko duguna", diote bertako kideek. Adibide bezala jarri dituzte Jaia, Txikia eta La Chica del Batzoki abestiak.

Sanjuandegiko festei begira sortu dute Skapaie, baina Euskal Herriko hainbat txokotatik deiak jaso dituzte dagoeneko. Ez zuten espero, eta sorpresaz hartu dute. "Elektrotxarangen eskaera handia dagoela ikusi dugu, baita interesa ere», adierazi du Julen Carrizok. "Data batzuk itxita ditugu dagoeneko. Esaterako, uztailaren 2an Leaburun joko dugu", zehaztu du Iurrebasok.

Musika taldeetan aritutako gazteak dira Skapaieko kide asko, eta uste dute ohiko punk-rock musika taldeek baino harrera hobea izan duela elektrotxarangak. "Taldearekin beti ibili gara edozein lekutan doan kontzertuak eskatzen. Orain, aldiz, leku ugaritatik deitu digute". Horren zergatiaz galdetuta, uste dute festen leherketak baduela zerikusirik: "Orain leku guztietan daude festak. Uda dator, eta jaietan elektrotxarangek ez dute hutsik egiten. Gainera, ez daude elektrotxaranga asko inguruotan, ez baita erraza hamar laguneko musika taldeak sortzea. Punk-rock musika taldeak entzutera musika mota hori atsegin dutenak edo ingurukoak soilik hurbilduko dira; aldiz, elektrotxaranga batek sortzen duen giroa tarteko, edonor gerturatuko da taldearen ingurura. Edonor joan daiteke emanaldira".

Skandalueren laguntza

Skapaieko kideek azaldu dutenez, Skandalue elektrotxarangako kideek pozez hartu zuten berria, eta orduz geroztik haiek asko lagundu dietela azaldu dute gazteek. Materiala utzi ez ezik, laguntza eskaini dietela kontatu dute, eta laguntza hori garrantzitsua izan dela azpimarratu: "Skandalueko zenbait kiderekin harremanetan egon gara. Esaterako, bonboa Piedek –Skandalueko kidea zenak– utzi digu, eta erabiliko dugun karroa ere haiena zen. Urte hauetan guztietan Gaztetxeko ekintzetarako erabili da karroa, eta orain guk ere aterako diogu probetxua".
Estreinaldiaren atarian, urduri ez daudela diote, baina bai zeruari begira; izan ere, eguraldi txarra dago iragarrita datozen egunetarako, eta ez dute euriak festak zapuzterik nahi. Dena den, "oso gogotsu"  daudela aitortu dute, eta "gozatzera" aterako direla. "Inguruan festarako eta gu entzuteko gogoa badagoela nabaritzen dugu", diote.

"Egoera pixka bat arraroa" dela uste dute, ordea, azken asteetan elektrotxarangak izan baitira protagonistak Azpeitian, Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa tarteko. "Agian jendea aspertuta egongo da, baina berdin du. Pasatutakoa pasatuta dago, eta orain gure txanda da", diote Skapaiekuek. Sanjuandegikoa izango da egingo dituzten geldialdi guztietako aurrenekoa eta berezienetakoa, baina ziur ez dela azkena izango.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide