Pilota egokituari, bere lekua

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 9a, 08:54

Aitor Erauskin, Nagore Alkorta eta Jose Mari Mitxelena, topaketaren aurkezpenean. (Ihintza Elustondo)

Euskal Herriko I. Pilota Egokituko Topaketa egingo dute larunbatean Azpeitian, egun osoz. Urritasun fisikoa edo adimen desgaitasuna duten 30 kirolarik parte hartuko dute.

Euskal Herriko Pilota Egokituko Topaketa egingo dute lehen aldiz aurten, eta Azpeitiko herria aukeratu dute ekintza hori gauzatzeko. Hain zuzen ere, larunbatean izango da topaketa, eta guztira, urritasun fisikoa edo adimen urritasuna duten 30 kirolarik parte hartuko dute. Euskadiko eta Gipuzkoako euskal pilotaren federazioek eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatu dute topaketa, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Aitor Erauskin nahiz Jose Mari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako kideek eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ekintzaren gaineko xehetasunak azaldu dituzte. 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federakuntzak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak duela hamabi urte antolatu zuten lehendabiziko Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa; hori izan zen Euskal Herriko topaketaren ernamuina, Erauskinek adierazi duenez. "Gipuzkoan hamabi urte daramatzate pilota egokitua lantzen, eta 2020an erabaki garrantzitsu bat hartu zuen Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako batzar orokorrak: hain zuzen ere, araudiaren barruan sartu zuen pilota egokitua. Horrekin lortu zen pilota egokitua euskal pilotaren barruan sartzea eta araututa egotea txapelketak antolatzeko". Haren arabera, topaketaren helburua da Gipuzkoan ereindako hazi hori Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabaltzea. 

Larunbateko topaketan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek parte hartuko dute. Erauskinek adierazi duenez, "tamalez" ezin izango dira bertaratu Nafarroako nahiz Iparraldeko pilotariak. Urritasun fisikoa duten hamahiru pertsonak parte hartuko dute topaketan, eta adimen urritasuna duten beste hamazazpik. Urritasun fisikodunak gomazko paletan lehiatuko dira, gurpil aulkiarekin, eta adimen urritasuna dutenak, berriz, teniseko paletarekin ariko dira. 

Egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. 11:00etatik 13:00etara, adimen urritasuna dutenak ariko dira Betharrametan, eta Izarraitz pilotalekuen, berriz, urritasun fisikoa dutenak. Goizeko saioa bukatzean, bazkaria izango da partaide guztientzat. Arratsaldean, kirolari denak elkarrekin ariko dira pilotan, 16:00etatik 18:30era, Izarraitzen. Saio guztiak amaitzean, kamiseta eta oroigarri bana oparituko diote partaide bakoitzari. 

Alkortak halako ekintza bat Azpeitian gauzatzeak duen garrantzia nabarmendu du: "Askotan esaten dugu denontzako Azpeitia egin nahi dugula, eta halako ekitaldiak oso garrantzitsuak dira jendea kontzientziatzeko". Mitxelenak, bestalde, pilota egokituak ikusgarritasun gutxi duela adierazi eta hura sustatzeko egiten ari diren ahalegina eskertu du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide