Azpeitiko Euskaraldirako dinamizatzailea kontratatzeko prozesua ireki dute

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 9a, 14:29

Curriculuma aurkezteko azken eguna ekainaren 22a izango da. Lanpostua eskuratzen duen pertsona irailaren 1ean hasiko da lanean, eta lau hilabeteko kontratua izango du. 

Azpeitiko Euskaraldia lantzeko dinamizatzailea behar dute, eta horretarako lanpostua ireki dute. Hain zuzen, dinamizazio lanetarako pertsona bat kontratatuko dute Euskaltzaleen Topagunearen bidez, eta kontratazio prozesua martxan da jada. Lanaldi erdiko lanpostua izango da, eta eskuratzen duenak irailaren 1ean hasita, lau hilabeteko kontratua izango du.

Lanpostuarekiko interesa dutenek Lansarean webgunearen bidez edo posta elektronikoz bidali beharko dituzte curriculumak edo motibazio gutunak. Helbide elektroniko bidez egin nahi dutenek mikel@topagunea.eus helbidera bidali beharko dute curriculuma.

Lanpostua lortzen duenak honako zeregin hauek izango ditu, besteak beste: 

  • Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta prestakuntza eskaini.
  • Euskaraldiko Batzordea ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea.
  • Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatu.
  • Entitateen lanketa planifikatu eta garatu.
  • Herritarrak ahobizi/belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu.
  • Herritarren eta entitateen izen ematea antolatu.
  • Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostu herriko euskaltzaleekin.
  • Ekimenaren aurrekontua kudeatu.
  • Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatu. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egon.

Baldintza jakin batzuk ere bete beharko dituzte eskatzaileek. Hain zuzen, honako hauek izango dira lanpostua eskuratzeko bete beharreko baldintzak:

  • Euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz).
  • Azpeitia ondo ezagutzea.
  • Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
  • Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
  • Eragiletzarako gaitasuna izatea (ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia).
  • Kudeaketarako gaitasuna izatea.
  • Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…).
  • Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
  • Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
  • Gidabaimena eta autoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide