Ainhoa Aira: "Aniztasun sexuala erakusten duten eredu berriak behar dira"

Nagore Aizbitarte 2022ko eka. 28a, 16:18

Ainhoa Aira. (Nagore Aizbitarte)

Pedagogian graduatua eta sexu hezitzailea da Ainhoa Aira. Azpeitiko ikastetxeetako haurrei eta gazteei sexu heziketako tailerrak ematen aritu da azken hiru urteetan, Arremanitz kooperatibako kide gisa. Lan horretaz eta bestez hitz egin du 2022ko ekaineko Uztarria aldizkariko elkarrizketa honetan.

Gaztetatik argi zuen Ainhoa Airak (Errenteria, Gipuzkoa, 1998) arlo sozialari lotutako ikasketak egin nahi zituela. Bere burua ulertzeko behar pertsonaletik abiatuta, Pedagogia ikastea erabaki zuen, etorkizunean haurrei eta gazteei laguntzeko asmoarekin. Bide horretan, azkar ohartu zen sexu heziketako alorrak interes berezia pizten ziola, eta Arremanitz kooperatiban hasi zen lehenengo pausoak ematen. Urola bailarako Harremonak egitasmoaren barruan hezitzaile aritu da azken hiru urteetan. Haurrek eta gazteek sexu harremanen eta sexualitatearen inguruan dituzten zalantzez hausnartu du, bai eta hilerokoaren bueltako tabuez ere.

Zergatik erabaki zenuen Pedagogia ikastea?

Hasieratik oso argi nuen arlo sozialari lotutako zerbait ikasi nahi nuela. Azkenean, Pedagogiako ikasketak egitea erabaki nuen, hezkuntza eta hezkuntza egiteko modua aztertzen dituen arloak asko erakartzen ninduelako. Bestalde, nire behar pertsonaletik ere bazetorren Pedagogia ikasteko nahia; ulertu nahi nuen zein naizen eta zergatik edo nola eraiki naizen pertsona gisa. Haurtzarotik helduarorako prozesuan sentitu nituen hutsuneak hobeto ulertzeko beharra nuen, ondoren bide horretan diren haurrei eta gazteei lagundu ahal izateko.

Eta noiz sortu zitzaizun sexu hezitzaile izateko nahia?

Beti izan dut nire sexualitatearen inguruko jakin-min handia, kontzienteki edo inkontzienteki. Hala ere, unibertsitateko gelakide batek piztu zidan sexu heziketan hasteko nahia. Gelakide hura sexu heziketako ikastaro bat egiten ari zen; lantzen zutenaren inguruan hitz egin zidan, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Ondoren, unibertsitateko hirugarren mailan, praktikaldia egiteko leku bat hautatu behar nuela eta, jardun hori Arremanitzen egin zuen pertsona baten aurkezpena ikusi nuen. Aurkezpen hark asko erakarri ninduen, eta hurrengo egunean bertan deitu nuen Arremanitzera, praktikaldia han egiteko asmoa nuela esateko. Beraz, kasualitatea izan zen dena, baina ez nuke ezer aldatuko.

Alde batetik, informazio fidagarriaren eta ereduen beharrean daude ikasleak. Aniztasun sexuala erakusten duten eredu berriak oso beharrezkoak dira; adibidez, heterosexualitatetik kanpo dauden beste sexualitate mota batzuk ikusteko beharra dute. Bestalde, praktika erotikoen inguruan esplizituki hitz egiteko beharra dute; izan ere, dituzten zalantza nabarmenenak praktika erotikoen ingurukoak izaten dira. Praktika erotikoak esplizituki azaltzen diren leku bakarra pornoa da, eta horregatik jotzen dute askotan horretara ikasteko. Behar dutena da praktika erotikoez esplizituki hitz egitea, adibidez, masturbazioaz.

Zein da sexua hitza aipatzean burura datorkien lehenengo gauza?

Sexua asko lotzen da oraindik koitoarekin, edo hobeto esanda, koito heterosexualarekin, erreprodukzioarekin eta antikontzeptiboekin. Horregatik diot uste duguna baino aurrerapen gutxiago egin direla. Askotan, sexualitate tailerrak ematera joan eta genero adierazpenaren edo estereotipoen inguruan hitz egiten hasten garenean, zera esaten dute: "Baina hau zer da? Guk jakin nahi duguna da zakila aluan nola sartzen den". Koitozentrismo handia dago oraindik, eta genero rolak oso indartuta daude. Emakume gisa sozializatu diren gazte askok, adibidez, harreman sexualak eta koitoa praktikatu nahi dituzte beste pertsona batzuekin. Pertsona horietako askok, ordea, oraindik ez dute inoiz beren alua ikusi edo ez dira inoiz masturbatu. Beren kezka nagusia beste pertsona batzuekin harremanak edukitzea da, eta besteen plazera lortzea, beren plazera bigarren planoan utziz. Hori oso kezkagarria da guretzat; izan ere, oraindik desinformazio eta genero ezberdintasun handiak dauden seinale da hori.

Pornoa kontsumitzen al dute haurrek eta gazteek?

Bai. Kontsumoa handia da, eta gainera, kontsumitzeko adina jaisten ari da. Kontsumo goiztiar horren eragileetako bat sakelako telefonoen eskuragarritasuna da. Hala ere, aipatu nahi dut ez dela kezkagarria pornoa existitzea; kezkagarria dena da haurrari pornoa eskuragarri bihurtzen duen sakelako telefonoa ematea. Adibidez, ez genioke labana bat emango mozten ez dakien haur bati, ezta? Bada, gauza bera egin beharko genuke eskuko telefonoekin.

Goian, Aira Emakumeen Txokoan eskainitako tailer batean. Behean, Urola Ikastolan sexu heziketa saio bat ematen. (Utzitakoak)

Zergatik uste duzu hasten direla pornoa ikusten?

Ikasteko. Zenbait ikerketak azaldu dute ikasteko grina dela pornoa kontsumitzen hasteko arrazoi nagusietako bat. Horrek agerian uzten du sexu heziketan dagoen hutsunea. Gazteek askotan jotzen dute pornora alu edo zakil bat nolakoa den ikusteko, eta kezkagarria da haurrek eta gazteek ikusten dituzten lehenengo gorputz biluziak pornografiako aktoreenak izatea. Bestalde, denok dakigu zein diren pornoan praktikatu ohi diren sexu harreman nagusiak; podiumean daude koitoa eta harreman heterosexualak erakusten dituztenak. Horrek guztiak sexualitate eredu batzuk bermatzen laguntzen du. Nire ustez, ordea, fokua ez da pornoan jarri behar, haurrek edo gazteek sexu heziketan dituzten hutsuneetan baizik.

Feminismoaren garapenak eta ahalduntzeak eragin al du aldaketarik?

Gatazka egoeran gaudela esango nuke. Emakumeen ahalduntzea geroz eta handiagoa den une honetan, badirudi mutil asko mehatxatuta sentitzen direla. Horri lotuta, askotan gatazka oso bortitzak izan ditugu ikasgeletan, indarkeria maila oso handikoak. Askok lehen zuten botere edo leku hori galtzen ari direla sentitzen dute, eta orduan, oso modu bortitzean erantzuten dute genero berdintasunaren edo aniztasun sexualaren inguruko gaiez hitz egiten dugunean. Gerra bezala definituko nuke nik; hori beti egon da modu batean edo bestean, baina azkenengo urteetan egoerak askoz bortitzagoak dira. Horrek guztiak adierazten digu feminismoaren lanketa bere fruituak ematen eta zerbait mugitzen ari dela, baina oraindik lanketa handia dago egiteko.

Sare sozialek zer-nolako rola dute gaur egungo gazteen sexu harremanetan?

Sare sozialek alde positiboak eta negatiboak dituzte. Onurarik handiena da lehen eskuratzeko oso zaila zen informazio pila bat klik batean eskura dezaketela. Gazte asko hasten dira beren sexualitatea deskubritzen sare sozialei esker, baina horiek eman dezaketen informazioa kaltegarria ere izan daiteke. Pornografiarekin gertatzen denaren antzekoa da: haur edo gazte bat sare sozialetan murgiltzen bada osasuntsua zer den jakin gabe, iristen zaion informazioa kaltegarria izan daiteke. Aipatutako bortizkeriaren gorakada ere azaltzen dute sare sozialek. Matxismoa, indarkeria edo homofobia elikatzen dituzten eredu berri asko ari dira agertzen, eta gazte askoren eredu dira horiek. Errua, ordea, ez da sare sozialena. Haurrei eta gazteei informazio osasuntsua eta ez-osasuntsua bereizten lagundu behar diegu helduok.

Sexu harremanena ez da izan saioetan landu duzun gai bakarra: hilerokoaz ere hitz egin duzu gazteekin. Zer dela eta?

Hilerokoaren inguruko proiektuaren zuzendaria izan naiz Arremanitzen. Hilerokoa beti landu izan da Arremanitzen barruan, baina gaiak nire praktikaldiaren ondoren hartu zuen proiektu izena. Unibertsitateko azkenengo urtean nengoela, Erika Irustaren bideo bat ikusi nuen Facebooken. Irusta pedagogo menstruala da, eta bideo hartan hilerokoaren eta ziklikotasunaren inguruan hitz egiten zuen. Oso identifikatuta sentitu nintzen, eta gai horretan buru-belarri murgiltzen hasi. Azkenean, Gradu Amaierako Lanaren erdigunea ere bihurtu zen hilerokoa; irakasleei bideratutako unitate didaktiko bat sortu nuen, hilerokoa LH 5-6 mailetako haurrekin lantzeko. Arremanitzen barruan, Azpeitiko eta Zestoako ikastetxeetan hilerokoaren inguruan egin nuen ikerketa bat izan zen nire praktikaldiaren ardatza. Horrela, lantzea asko gustatzen zaidan arlo bat bihurtu da hilerokoarena.

Aluarekin eta umetokiarekin jaiotzen diren pertsonen sozializazioaren inguruan hitz egiteari eta hausnartzeari garrantzia eman nahi izan diozu. Zergatik?

Aluarekin eta umetokiarekin jaiotzen garenontzako, emakume bihurtzera bideratzen gaituen erritu moduko bat da hilerokoa. Kulturalki badirudi hilerokoa jaisten zaizunean emakume bihurtzen zarela; emakumeen identitatearen eraikuntzan bete beharreko oinarrizko baldintza da. Hori da nik puskatu nahi dudana. Alua, umetokia eta emakume hitza bereiztearen arrazoietako bat da hori. Badaude zakila duten emakumeak edota mila arrazoigatik hilerokorik ez dutenak. Gainera, kontuan hartu behar da ugaltzeko gaitasuna geureganatzen dugulako bihurtzen garela emakume, hilerokoak hori adierazten du eta. Emakume 'baliotsu' baten sozializazioa oso lotuta dago erreprodukzioarekin, umeak eduki ahal izatearekin. Beraz, nire helburuetako bat bada, ugaldu ezin diren edo nahi ez duten emakumeak indartzea eta hilerokoa ez dela haurrak izatea soilik ohartaraztea. Azkenik, ez dela soilik emakumeen kontua aldarrikatu nahi dut. Gizon bezala sozializatu diren pertsonengana ere heldu behar da gai honen inguruko hausnarketa.

Lekua ematen al zaie hilerokoa duten pertsonei gizarte honetan?

Ez. Hilerokoa daukagun pertsona asko ez gaude konektatuta gure aluarekin eta gure zikloekin. Izugarrizko desinformazioa dago; izan ere, urte askotan hilerokoa gizonezkoek aztertu dute edo ez da aztertu. Gainera, aurreko belaunaldietatik asko galdu da hilerokoa zuten pertsonen jakintza. Gizonak eta zakila erdigunean dauden gizarte batean bizi gara, eta horrek markatzen du zibilizazioaren erritmoa; erritmo hori lineala da. Aldiz, hilerokoa dugun pertsonen erritmoa ziklikoa da. Errealitate horri falozentrismo deitzen diot nik. Hilerokoa duen pertsona batentzat oso zaila da gizarteak ezarritako erritmo lineal hori jarraitzea: zortzi orduz lan egin edo ikasi, gero gimnasiora, familia zaindu... Ez da erreala. Horregatik geratzen dira atzean erritmo linealetatik kanpo dauden pertsonak.

(Nagore Aizbitarte)

Hilerokoa oztopo gisa hartzen da, beraz?

Bai, guztiz. Azkenean, ez zaio tokirik ematen; ez da hitz egiten hilerokoaz. Askotan, hilerokoa izatea putakeria handi bat bezala bizi dugu. Eta noski dela putakeria bat, horren ondorioz gurea ez den erritmo bat jarraitzera behartuta baikaude. Ez da zaintza errespetatzen. Hilerokoarekin gaudenean, gure gorputzek erritmo naturalagoa jarraitzeko eskatzen digute, eta horri ez zaio kasurik egiten. Hilerokoarekin lotzen den minak ere erlazio zuzena du horrekin.

Hilerokoa izango duten haurrek eta gazteek zernolako lotura dute gaiarekiko?

Tentsioa eragiten dien zerbait da. Beldurra ere badute; adibidez, gelako aulkia odolez zikintzeko beldurra. Hortik hasita, gelan egoteko modua aldatu egiten da. Gelako jardueretan ezin dut modu berean parte hartu alutik odola aterako zaidalako tentsioan baldin banago. Beste beldur handi bat ere bada: mina izateko beldurra. Izan ere, inguruko pertsona askorengandik jaso dute hilerokoak mina eman dezakeela. Horrela, plazerarekin eta norberaren gorputza ezagutzearekin lotuta egon behar lukeen zerbait sufrimenduarekin bakarrik lotzen da. Egoera horrek beldurra eragiten du, eta beldurrak berarekin dakar nazka.

Nazka horrek sexua praktikatzerakoan ere eragingo du, ezta?

Noski. Alua eta umetokia duten pertsonen sexualitatea oraindik erruduntasunarekin, nazkarekin eta beldurrarekin oso lotuta dago. Beraz, sexu harremanak izaterakoan ez gara leku beretik abiatzen. Hau da, sexualitatea eta sexu harremanak eraikitzeko eta onartzeko orduan, ez da gauza bera zakilarekin edo aluarekin jaiotzea. Aluarekin eta umetokiarekin jaiotzen diren pertsonek, orokorrean, zapalkuntza handiagoa bizitzen dute gorputzaren autokontzeptuan, eta beren gorputzekiko exigentzia askoz ere handiagoa izan ohi dute. Horrek zuzeneko eragina du desiran ere. Ez da gauza bera desira sentiarazteko eta adierazteko orduan alua edo zakila duen pertsona izatea.

Zer egin daiteke hilerokoaren inguruko kontzeptu horiek aldatzeko?

Lanketa indibiduala egin behar da lehendabizi. Haurrekin eta gazteekin ezingo dugu hilerokoa landu, guk aurretiazko lanketarik egiten ez baldin badugu. Ikusgarritasuna ere beharrezkoa da; hilerokoa eremu pribatuko eta intimoko zerbait bezala hartu izan da beti, baina hori aldatu beharra dago. Hilerokoa ez da izendatzen, eta izendatzen ez dena ez da existitzen. Gaia arlo publikora eramaten hasi behar dugu pixkanaka; adibidez, ikasgelan konpresa bat mahai gainean utziz. Detaile txikiak dira, baina alde handia ekar dezakete. Belaunaldi berriekin lanketak eginez, hilerokoaren esperientzia mingarria eta lotsagarria zerbait positiboa bilakatzeko bidea eraiki daiteke.

Eta sexu harremanen eta sexualitatearen lanketari dagokionez, zer behar nabari dituzu?

Ikastetxeetan, sexu heziketarena zeharkako konpetentzia bat da orain. Gaia lantzen dela uste dugu, baina ez da asko lantzen. Ez da nahikoa urtean sei orduz sexualitateari buruz hitz egitea; eguneroko ekintzekin landu behar den zerbait da. Sexu heziketa egunero egin daiteke. Adibidez, irakaslea baldin banaiz eta heterosexualitatetik kanpo dagoen sexualitatea bizi baldin badut, horri buruz hitz egin dezaket ikasgelan.

Beharrezkoa al da gure eskoletan sexu heziketa lantzeko ikasgai bat?

Ezetzik ez dut esango, onuragarria izango litzateke. Baina garrantzitsuena da egunerokoan arreta jartzea eta familietatik nahiz ikuspegi kolektibotik helarazten ditugun sexualitate eta sexu harreman ereduak birplanteatzea.

(Nagore Aizbitarte)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide