Erretratua

Manu Reyes: "Txorizale amorratua naiz; jai dudanetan ere txoriak ikustera joaten naiz"

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 3a, 15:52

Manu Reyesen erretratua. (Olatz Alkorta)

Loiuko aireportutik animaliak uxatzea da Manu Reyesen egitekoa, horiek hegazkinei kalterik eragin ez diezaieten. Belatzen laguntzarekin hegaztiak urruntzen ematen ditu lanordu gehienak. Izugarri gustatzen zaizkio animaliak, eta pozik dago "pasioa lanbide" bilakatzea lortu duelako. 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian Reyesena da Erretratua.

Handitan zer ofizio izan nahi duten galdetuta, ziurrenik haur gutxik erantzungo dute Manu Reyesen (Azpeitia, 1972) ogibidean aritu nahi dutela. Suhiltzaileena, ile apaintzaileena edo irakasleena guztien begi bistako lanbideak diren arren, askok ez dute izango aireportuko fauna kontrolatzaileen egitekoaren berri. Horretan aritzen da, baina, Reyes, Loiuko (Bizkaia) aireportuan. "Hegazkinek hegan modu seguruan egin dezaten, aireportuan egon daitezkeen animaliak uxatzea da nire egitekoa", adierazi du.

Zer da, baina, zehazki Reyesek egiten duena? Haren lanaren %90 hegaztiak uxatzean datza, baina bestelako animaliak ere urrundu behar izaten ditu. "Aireportuan agertzen diren animalia gehienak hegaztiak izan ohi dira, baina izan daitezke txakurrak, basurdeak, orkatzak, azeriak, sugeak edo bestelako animaliak ere. Fauna guztia uxatzeaz arduratzen gara gu". Animalia horiek hegazkinei enbarazurik egin ez diezaieten, bi langile daude Loiuko aireportuan, eta horietako bat da azpeitiarra.

Hegaztiek eragiten dizkiete kalterik larrienak hegazkinei. Reyesen arabera, hegazkina aireratzeko eta ibilgailuak lur hartzeko uneak izan ohi dira arriskutsuenak. "Une horietan, motorrak abiadura handia hartzen du, eta parean duen aire guztia xurgatzen du. Inguruan hegaztiak baldin badaude, motorrean sartzen dira, eta kalte handiak eragin ditzakete". Reyesek azaldu duenez, halako motor batek "sekulako dirutza" balio izaten du, eta sarraskiak "saihestea" da haren lanaren helburu nagusia. "Ezin dira hegaztiak ehuneko ehunean uxatu, baina horretan ahalegintzen gara".

Hegaztiak uxatzeko, beste hegazti batzuk baliatzen ditu Reyesek: belatzak, hain zuzen ere. "Belatzak harrapariak dira, eta gainontzeko hegaztiak haien beldur dira. Horregatik, belatzak hegan jartzen ditugunean, beste hegaztiek alde egiten dute aireportutik. Gure lanaren ehuneko handi bat horretan datza". Guztira, 35-40 belatz inguru dituzte aireportuan, eta horiek trebatzea ere Reyesen egitekoa da, hegazti horiek beren lana ondo egin dezaten. Falkoneria izenez ezagutzen da hegazti harrapariak trebatzeko jarduna.

Manu Reyes Loiuko aireportuan, lanerako dituzten belatzetako bat eskuan duela. (Utzitakoa)

Urteak daramatza Reyesek belatz horiekin lanean, eta beren artean sortu den harremanean jarri du arreta. Belatzak animalia "basatiak" direla gogorarazi du, eta beraz, haiekin sortzen den harremana "ez da katu edo txakur batekin sortu ohi den bezalakoa". Dena den, urteetako harremanaren ondorioz, aireportuko belatz guztiak ondo baino hobeto ezagutzen dituela nabarmendu du. "Urteetako harremana dugu, bikotekidearekin edo lagun batekin izan ohi den bezala. Badakit belatz bakoitza nolakoa den; primeran ezagutzen ditut nik, baita haiek ni ere. Bakoitzak bere izaera du".

Hil ez, uxatu

Bi hegaldi mota bereizten ditu Reyesek bere ogibidean. Hegaldi batzuek eremua markatzeko helburua dute; hau da, belatzek hegan egiten dute, eta inguru horretara hurbiltzera doazen hegaztiak beldurtzen dituzte. Beste hegaldi batzuek, berriz, aireportuko mugen barrura sartu diren hegaztiak uxatzeko helburua dute, eta haiei eraso egitera joaten dira belatzak. "Hegaztiak ez ditugu harrapatzen, uxatu egiten ditugu. Noizbait gertatu izan zaigu belatzak uxatu nahi zuen hegaztia harrapatzea, baina ez da normalena". Beren filosofia zein den azaldu du Reyesek: "Txoriek ez dute errurik, eta haiek ez hiltzen saiatzen gara".

Fauna kontrolatzaileen jarduna eraginkorra izan dadin, "konstantzia" behar dela nabarmendu du. "Egun batean, eguraldi txarra egiten duelako belatzik ez baduzu hegan jartzen, ez da ezer gertatzen. Baina denbora luzez hori eginez gero, hegaztiak etortzen hasten dira berriro", esan du. Horregatik, "prebentzio lana" egin behar da, nahiz eta aireportuan txori gutxi ibili.

Kuriositate bat ere aipatu du Reyesek: aireportua kokatzen den inguruneari Txorierri bailara deitzen zaio. "Zerbaitegatik jarri zioten izen hori bailarari; izan ere, historikoki, txori asko egon izan dira eremu horretan". Lanerako arazo gehien udaberrian eta udazkenean izan ohi dituztela adierazi du, hegaztiek urtaro horietan egin ohi dituztelako migrazioak. "Aireportuan lautada handia dago, eta migrazio bidaiaren erdian, aireportua gelditzeko leku lasaia iruditzen zaie hegaztiei".

Reyes belatzekin eta txakurrarekin, Loiuko aireportuan. (Utzitakoa)

Bi lankideren artean arduratzen dira Loiuko aireportuko fauna guztiaz, urteko egun guztietan. Txandaka lan egin ohi dute: batek egun batzuetan, eta ondoren, besteak. Egunsentitik ilunabarrera bitartean aritu ohi dira beharrean; neguan ordu gutxiagoz, udan gehiagoz. Lan jardun luzea izanagatik eta une oro adi egon behar izaten duten arren, egun guztia gelditu gabe ez direla aritzen azpimarratu du Reyesek. Aireportuan bertan, fauna kontrolatzaileentzako etxe bat dute, eta han eman ohi dituzte lan egitea tokatzen zaien egunak.

Animaliak, pasio

Ikasketaz biologoa da Reyes, eta unibetsitateko ikasketak amaitzean, falkoneria enpresa batean egin zuen praktikaldia, Logroñon (Espainia); han ikasi zuen belatzak eta antzeko animaliak trebatzen. Praktikaldia amaitzean, Logroñoko aireportuan hasi zen lanean, eta zortzi urte egin zituen han, gaur egun Loiun egiten dituen antzeko zereginetan. Ondoren, Bilbon lan egiteko aukera suertatu zitzaion, eta urteak daramatza han. Askorentzat ogibide bitxia izan daitekeen arren, Reyesek oso gustuko du berea. "Izan ere, txorizale amorratua naiz; jai dudanetan ere txoriak ikustera joaten naiz", adierazi du. Sarri-sarri, mendira joan ohi da hegaztiak ikustera, edo nonbaiten txori bereziren bat agertu dela jakiten badu, hura bertatik bertara ezagutu nahi izaten du. "Pasioa lanbide" bilakatzea lortu duela nabarmendu du, eta hori "eskertzekoa" dela dio. Dena den, "ardura handiko" lana ere badela azpimarratu du. "Niretzat lan polita da, baina gustatu egin behar zaizu, e...".

Reyesek ez daki ondo azaltzen zergatik gustatzen zaizkion hainbeste hegaztiak, baina jakin badaki "betidanik" maite dituela. "Institutuan nengoenean, uso bat izan nuen etxean", azaldu du. Unibertsitatean ikasten hasi zenean, gainera, afizio hori indarra hartzen joan zela gogoratu du: "Xoxotera joaten nintzen, prismatikoekin txoriak ikustera. Gida bat ere erosi nuen, hegaztiak bereizten ikasteko. Nahiko autodidakta izan naiz", esan du. Askok pentsatu ez arren, txoriekiko zaletasuna "uste baino jende gehiagok" duela nabarmendu du.

Aireportuan lan egiten duenez, batek baino gehiagok galdetu ohi diote Reyesi gizon bidaiaria ote den. "Askok pentsatzen dute hegazkinen prezioetan deskontuak izango ditudala". Dena den, hegazkina hartu eta urrutira bidaiatzea baino nahiago du furgoneta hartu eta mendi aldera ihes egitea. "Orain dela gutxi, Zamorara [Espainia] joan nintzen otsoak ikustera, eta Andaluziara [Espainia] ere joan izan naiz katamotzen bila. Hartzak ikustera ere joango naiz uztailean", adierazi du. Dagoeneko esan beharrik ez dagoena baieztatu du: "Izugarri gustatzen zaizkit animaliak".

Reyes, Azpeitian. (Ihintza Elustondo)

Motzean

  • Jaiotze data: 1979ko apirilaren 2a.
  • Ikasketak: Biologia.
  • Lanbidea: Loiuko aireportuko fauna kontrolatzailea.
  • Fauna kontrolatzailea ez banintz... Ez dakit zer egingo nukeen, baina naturarekin lotutako zerbait, ziur.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Bilboko metal talde batean baxua jotzen dut, eta haiekin musika egitea, edo bestela, mendira txoriak ikustera joatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide