Bestaldetik

Regla Hernandez: "Uste dut azala bizi garen ingurura egiten zaigula"

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 7a, 09:38

Regla Hernandez bere etxea atarian, Izarraitz atzean duela. (Mailo Oiarzabal)

Ia 21 urte daramatza Azpeitian bizitzen Hernandezek. Herrian eraiki ditu familia eta bizimodua, eta ez da damutzen duela bi hamarkada emandako pausoez. Bidaiazale porrokatua, Kuban zuen lanbidearekin zerikusirik ez duten lanak izan ditu Euskal Herrian, baina benetan maite duen jarduera da gaur egun duena.

"Dantza egitea" da Regla Aracelia Hernandezi (Habana, 1969) gehien gustatzen zaion gauzetako bat, eta dantzari lotutako lanean dabil azken urteetan. Zumba irakaslea da, eta Udal Igerilekuetako eraikinean eskola bat eman ondoren hartu du Uztarria, herrian ezagun egin duen jarduera horretatik kanpoko zaletasunez, bizipenez eta oroitzapenez hitz egiteko.

Abeslari eta dantzari bikote baten alaba da. Lau anai-arreba dira hernandeztarren etxean, mutilak bi zaharrenak, eta nesketan zaharrena da Azpeitira etorritakoa; ahizpa ere abeslaria da. "Artea DNAn daramat", dio Hernandezek. "Familia xumea, langilea" da berea, eta umetako oroitzapen gozoak ditu Azpeitian bizi den kubatarrak, "haurtzaro zoriontsua" izan zuela dio. "Anaiekin egiten nituen jolasak gogoan ditut. Zer ez ote nuen ikasi nik haiekin!". Jostailu asko eta ikusgarririk ez zuten, baina jolas asko egiten zuten: pom-pomean, bizikletan, chivichanan (patinetea)... Kaleko jolasak, "beti kalean" ibiltzen zirelako. Kuban, oro har, "ateak irekita" bizi da jendea, eta bere haurtzaroan ez ezik, gaur egun ere umeak kalean jolasean "lasai" ibiltzen direla dio Hernandezek. "Aire zabalean bizi dira, ez daude elektronikari hemengoak bezainbeste lotuta".

Artea zainetan eraman arren, beste bide bat aukeratu zuen gaztetan. Industria Ingeniaritza ikasketak egin zituen unibertsitatean, Kuban, "hemengo enpresa ikasketen parekoak". 22 urterekin graduatu, eta zortzi urtez farmazia laborategi batean egin zuen lan, kalitate sailaren arduradun. "Oso gustura" aritu zen lan horretan. Farmazeutika enpresan lanean ari zen garaian ezagutu zuen bere senarra izango zena. "Euskal Herriko enpresa batentzat lan egiten zuen berak han. Ezagutu ginen, urtebetez ezkongai harremanetan ibili ginen, eta Euskal Herrira etortzea erabaki genuen. Han lan kontuak okertu egin ziren berarentzat", kontatu du Hernandezek. 2001ean etorri zen Azpeitira, "Dorre Bikien urtean"; New Yorkeko bi etxe orratz famatuak suntsitu zituen atentatua gertatu eta hilabete eskasera iritsi zen hona, urri hasieran.

Regla Hernandez, Kuban. (Utzitakoa)

"Probatzera"

Azpeitira "probatzera" etorri zela dio Hernandezek. Bazekien, gutxi gorabehera, zerekin egingo zuen topo, baina ezin jakin nahi bezala moldatuko zen. "Latinooi kostatu egiten zaigu familiarengandik aldentzea". Probatu, eta hasieran hotzarekin ezingo zuela pentsatzera iritsi arren, "aldaketa handia" izanagatik, "gustatu" egin zitzaion Azpeitian topatu zuena. Gainera, senarraren bidez Kuban ezagututako hemengo lagun batzuk ezagutzen zituen, "jende zoragarria"; horrek bidea erraztu ziola aitortu du, oro har euskal herritarrak "pixka bat itxiak" direla baieztatu baitu. Senarraren lagun batek eramandako Bakarka metodoaren materialarekin hasi zen euskaraz ikasten ere, Kuban bertan, "hona etortzerako oinarrizko esaldi batzuk behintzat jakiteko"; Azpeitira etorri zenean euskaltegian ikasten hasi zen.

"Oso gustura" bizi da Azpeitian, eta "oso argi" dauka: "Nire herrialdera, oporretara. Hemen eraiki dut bizimodua, semearekin eta senarrarekin. Senarraren familiak hasieratik hartu ninduen oso ondo, eta etxean bezala sentiarazi ninduen". Eta nola izaten diren gauzak: iritsi zenean hotzak akabatuko zela uste zuen hari, jasanezina egiten zaio orain jaioterriko beroa: "Orain, Kubara joaten naizenean, ezin dut hango beroarekin. Gaizki pasatzen dut, gauez autoan aire girotua piztuta lo egin behar izateraino. Asmatikoa naiz, eta han hogei gradutan bagaude, amak errieta egiten dit jertsea hartzen ez badut, hoztuko naizen beldurrez. Ni, berriz, zoratzen, hozbero horrekin. Uste dut azala bizi garen ingurura egiten zaigula".

Bidaiak antolatu eta gozatu

Euskal Herrira iritsi berritan, burokrazia kontuak tarteko legez lanik egin ezin zuenez, euskaltegian ez ezik unibertsitatean ere izena ematea zen Hernandezen hasierako asmoa, Kuban lortua zuen titulazioa baliozkotzeko zenbait ikasgai gainditu behar zituela esan baitzioten. Baina "espero ez" zuela, haurdun gelditu zen, eta bidean zetorren haurrari "lehentasuna" ematea erabaki zuen bikoteak.

Semea koskortu zenean hasi zen etxetik kanpo lan egiten; hasieran, asteburuetan, zenbait taberna eta jatetxetan, sukalde lanetan. Umea eskolan hasi zenean, berriz, ordu gehiagoz lanean hasi zen, egur tailer batean aurrena, eta jabetza erregistroan gero. Eta semea bere kabuz moldatzen hasi zenean, buruan zuen asmoa betetzeko urratsa egin zuen Hernandezek: "Senarrarekin hitz egin nuen, eta esan nion dantza zela nik egin nahi nuena, eta horrekin lotutako lan bat egin ahal izateko titulazioa lortzea nahi nuela". Horrela iritsi zen zumbara, eta gaur arte. Jose Mari Orbegozoren akademian estreinatu zen zumba irakasle lanetan, ordezkapen bat eginez; eta duela sei urtetik igerilekuan ematen ditu eskolak, etxetik pauso gutxitara. "Garrantzitsua da atsegin duzun hori egitea. Baliagarri sentiarazten zaitu, bizipoza ematen dizu eta mingostuta egotea eragozten dizu. Nire kasuan, distantzia errazago eramaten ere laguntzen dit. Gainera, lan honen bidez jende zoragarria ezagutu dut, eta horrek asko aberastu nau".

Hernandez zumba saioa egiten etxeko balkoian, COVID-19ak eragindako itxialdian. (Utzitakoa)

Lanetik kanpo ere dantza egitea da Hernandezentzat plazerik handiena. "Orduak eman ditzaket dantzan gelditu gabe, ur pixka bat edanda besterik ez. Ez dut besteren beharrik dantza egiteko", dio. Bidaiatzea da ahal duen guztietan egiten duen beste gauza bat. "Izugarri gustatzen zait bidaiatzea", dio, eta nabari da benetan dela horrela, egindako bidaiez eta bidaiatzerakoan zer atsegin duen kontatzen hasi denean. Bidaia luzeak zein irteera laburrak, atzerrira edo etxetik gertu; denetakoak egin ditu eta denak gustatzen zaizikio. "Gainera, bidaiak antolatzen oso ona naiz". Bazter asko ezagutzeko "zortea" izan du, eta familia osoa hara eta hona ibiltzen da sarri beren karabanarekin; joaten diren tokietan zer ikusi eta nora joan, Hernandezen kontua izan ohi da. Kuban atzerrira bidaiatzea oso zaila dela dio, "irabazten duzuna jateko izaten da". Aldiz, herrialde barruan kanpinetan ibiltzeko ohitura badute, eta zaletasun horri eutsi dio kubatarrak hemen, atzerrira bidaiatzeko aukera zabalagoak gehituta. Itsasoa eta hondartzak maiteago ditu mendiak baino, eta udako oporretan Mediterraneora joateko ohitura dute, hotela edo apartamentua hartuta, kasu horretan. "Euskal Herria zoragarria da, baina hemen itsasoko ura hotzegia da niretzat".

Irakurzalea da, gozozalea ere bai, sudokuak eta gurutzegramak egitea gustatzen zaio, eta mahai jokoekiko zaletasuna da Kubatik datorkion bestea. Dominoan jokatzea asko gustatzen zaio, "nola ez, Kubakoa izanda". Jaioterritik ekarritako haritz egurrezko fitxadun joko bat dauka etxean, "oso usain berezia" daukana. Etxean gonbidatuak dauzkanean, Kubako jakiak eta Kubako dominoa eskaintzen dizkie bisitariei.

Semearekin eta senarrarekin dominoan, karabanan. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide