Klik!

Panpingintza, sendagarri

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 10a, 09:42

Itsaso Egiguren, berak sortutako eskulanetako batzuekin. (Maialen Etxaniz)

Osasun arazoak tarteko hasi zen eskulanak egiten Itxaso Egiguren azpeitiarra, eta hasieran entretendimendu soila zirudienak asko lagundu dio azken urteetan. Haurrentzako askotariko panpinak egin izan ditu, eta etxean jasota ditu horietako asko. Egindako lanaz solasteko, etxeko ateak ireki dizkio Uztarriari, 2022ko ekaineko Klik! argazki erreportajerako.

Aurrena, puntuan

Osasunez gaizki zegoela hasi zen Egiguren orratzak hartu eta eskulanak egiten. Atzemandako gaixotasuna tarteko, askotan ospitaleratu zuten, eta egoera hark eragin psikologiko handia izan zuen Egigurenengan. Lagun batek proposatu zion eskulanak edo puntua egiten hastea, baliagarria izango zitzaiolakoan. Ospitaletik itzultzean, bufanda bat egiten hasi zen, baina ez zuen asmatzen. Amonarekin gehiago ikasi ostean ohartu zen ez zuela puntua egitea gustuko, eta orduan erabaki zuen kakorratz lana probatzea.

Panpinak, konplexuenak, baina gustukoenak

Neskatila itxuradun panpinak egitea da Egigurenek gehien atsegin duena. "Detaile edo xehetasun ugari dituztenez, denbora asko eskatzen du halakoak egiteak, baina sortze prozesua entretenigarriagoa da; izan ere, pauso asko eta oso desberdinak egin behar dira halakoak osatzeko". Askotarikoak egin izan ditu: ilehoriak, ilegorriak, ile luzedunak, mototxa dutenak... Hori da, hain zuzen, Egigureni egitea gutxien gustatzen zaiona: panpinen ilea. Panpinen patroiak egitea oso zaila dela dio, eta noiz edo noiz ikastaroren bat egitea pentsatu izan duen arren, oraingoz erositakoekin jarraitzeko asmoa du.

Ikusiz eta arituz, ikasi

Youtuben bideoak ikusiz ikasi zuen Egigurenek kakorratz lanak egiten. "Hasiberrientzako bideoak ikusiz hasi nintzen lehen otarreak eta txapelak egiten. Jertse bat ere egin nuen. Lehengusuaren umea jaio zenen, bi panpin txiki egin nizkion: dragoia eta olagarroa. Orduan konturatu nintzen bufandak baino nahiago nuela halako figuratxoak egitea. Denborak erakutsi zidan buru osasunerako baliagarria zitzaidala; zerbait egiteko gai ikusi nintzen, eta erlaxatzeko, lasaitzeko eta kontzentratzeko balio izan zidan".

Material eta hari bereziak

Aurreneko panpinak edonon eskuratutako materialarekin egiten zituen arren, trebatzen joan ahala, material berriak probatzen eta erabiltzen hasi zen. Gaur egun, asko zaintzen du eskulanetarako baliatzen duen materiala, eta ahalik eta ondoen aukeratzen saiatzen da: "Umeentzako jostailuak direnez, kontuan hartu beharreko gauza ugari daude. Panpinak segurua izan behar du ezinbestean, eta horregatik erabiltzen dut, esaterako, kotoia. Panpinei jartzen dizkiedan begiak ere ez dira edonolakoak, segurtasunerako botoi bereziak dira, eta panpinen barruko materiala ere horretarako egina da". Koloreak atsegin ditu Egigurenek, eta hori nabaria da haren material kutxak irekitzean.

Animalia koloretsu eta alaiak

Alaitasuna darie Egigurenek sortutako figuratxoei. Denetarik egin izan du, baina animalia txikiak dira gehienak: azeriak, hontzak, olagarroak, ardiak, untxiak, hipopotamoak, xagutxoak... guztiak kolore biziz jantziak. Tamaina desberdinetako panpinak egiten ditu, eta ordu luzeko lana dela kontatu du. "Egindako panpinik zailena bukatzeko, 50 ordu inguru behar izan nituen. Kronometratu egin nuen, kuriositatez".

Egindakoaren fruituak

Egindako figuratxoak oparitzeko ohitura hartu zuen Egigurenek, ez baitzeukan haiek gordetzeko nahikoa leku. Panpinekin zer egin ez zekiela, Sanjuandegiko Azoka Herritiken parte hartzeko proposamena jaso zuen. "Hasieran beldur pixka bat eman zidan, baina pilatutako material ugari nuenez, animatu egin nintzen. Ahizpak lagudu zidan, eta eskerrak. Izugarrizko harrera izan zuten panpintxoek", kontatu du.

Arodun txintxirrinak

Egigurenek askotariko txintxirrinak sortzen ditu, arodunak nahiz arogabeak. Panpinak bezala, haurrei zuzendutakoak diren arren, harrera paregabea dute adin guztietako herritarren artean, eta horrek poza ematen dio. "Bitxia da, baina adin guztietako jendea etorri zait panpinez galdezka. Sortzera eta saltzera animatu naute askok, baina ez dut halakorik nahi oraingoz". Argi dauka: "Gustoz egiten ditut panpinak. On egiten didan zaletasuna da, eta ez dut nahi lotuta edukiko nauen eginbehar bihurtzerik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide