Proiektuari "hauspo berri bat emanda" dator Arkupehotsaken bosgarren edizioa. Formatu jakin batean lau edizio eginda, berrikuntzak dira bosgarrenaren protagonistak. "Sortu, ikasi eta plazaratu" dira Arkupehotsak berrituaren gakoak. Izan ere, Kulturaz kooperatibak osotasuna eman nahi izan dio proiektuari. Sanagustin kulturgunean aurkeztu dute gaur egitasmoa, orain arteko lau edizioen plaza izan den leku berean, arkupeko agertokian.
Berrikuntzetako bat da, gazteei zuzendutako deialdia izanik, Arkupehotsaken parte hartu ahal izango duten taldeetako musikariek edo bakarlariek 16 eta 25 urte bitartean izan beharko dituztela. "Lehen akordeak" jotzen ari diren musikari horientzako deialdia dela zehaztu du Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak. Gaur zabaldu dute egitasmoan izena emateko epea, eta horretarako hilabeteko epea agortzean, sei musikari edo musika talde aukeratuko dituzte; Kulturaz.eus webgunean eman daiteke izena. Hautatuen zerrenda irailean jakinaraziko du kooperatibak.
Aukeratutako talde bakoitzak musika sortzeko, ikasteko eta plazaratzeko parada izango du. "Hiru gako horiek oinarri dituen esperientzia" bizi ahal izango dute musikari gazteek. Zehazki, Dinamoa sormen guneko soinuaren eremuan –lanak bukatzeko fasean dira– bi asteburutako egonaldia egin ahal izango dute horiek; lotarako lekua eta otorduak eskainiko dizkiete.
Egonaldi horretan ikasteko, sortzeko nahiz entseatzeko aukera izango dute sortzaile berriek, eta esperientzia horretan bidelagunak izango dituzte: batetik, soinu teknikariak; eta bestetik, musikari ezagunen kolaborazioa jasoko dute. Egonaldi bakoitzean musikari bidelagun bat izango dute Arkupehotsakeko taldeek, eta horien artean dira, besteak beste, Tomas Lizarazu Bulego taldeko abeslaria eta Olatz Salvador abeslaria.
Taldeak urritik aurrera hasiko dira egonaldian prestatuko dituzten zuzenekoak eskaintzen. Hileko azken igandero kontzertu bana eskainiko dute taldeek, Sanagustingo arkupeko oholtzan, eta "ukitu berezia" izango dute horiek; izan ere, talde bakoitzak bidelagun izan duen musikariak kolaborazioa egingo du emanaldian.
Proiektuari "arnasa"
Sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruko sortzaileei duten balioa ematea eta belaunaldi berriei plaza bat eskaintzea dira Arkupehotsaken helburuak, eta bide horretan hobetzeko helburuz aldatu dute deialdia aurtengoan. "Ibilbidea, emaitzak eta esperientzia ikusita, arnasa hartu dugu proiektua atontzeko, gaur egungo baldintzetara ekartzeko eta are gehiago hobetzeko", azaldu du Bengoetxeak. Hark eskerrak eman dizkie proiektua ontzerakoan bidelagun izan dituzten erakundeei eta eragileei, hala nola Azpeitiko Udalari nahiz laguntzaileei.
Akrupehotsaken bidelagun izango den Bulego taldeko Tomas Lizarazu ere egitasmoaren aurkezpenean izan da, eta hark proiektuan parte hartzeko egindako eskaintza "ilusio handiz" hartu zuela eta esperientzia bizitzeko "gogotsu" dagoela azaldu du. "Oso beharrezkoa da hain zaila den sorkuntza proiektu bat aurrera emateko jendea konprometitzea, eta Kulturaz horretan ari da. Gazteentzat eta talde berrientzat aukera ezin hobea izan daitekeela uste dut, eta talde berriei eta musikari gazteei dena emateko nago". Horrez gain, atzera begira ere jarri da azkoitiarra. Izan ere, duela urte batzuk Arkupehotsak egitasmoan parte hartu zuen Bulego taldeak, eta Arkupehotsakek eskainitako "babesa eta hasierako bultzada" eskertu ditu.
Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak esan duenez, "zortea eta ohorea" da Kulturazekin lan egitea. Arkupehotsaki dagokionez, ideiari forma emateagatik eskerrak eman dizkio kooperatibari. "Asmoak ekintzetara ekartzeagatik eskerrak, hori delako behar duguna". Bestalde, agertokiei garrantzia eman behar zaiela eta sortzaileei agertokiak eskaini behar zaizkiela esan du, baina kultur sustapena hori baino "askoz ere gehiago" dela azpimarratu du. "Oholtzan eta haren atzean dagoen horri eman nahi diogu garrantzia, sorkuntzari eta sorkuntzaren ostean dator lan guztiari. Badakigu oholtzetan ziklo bat hasi edo bukatu egiten dela, baina ziklo horrek beste eginkizun ugari ere izaten ditu, eta hain zuzen, horri erantzuteko jarri genuen Dinamoaren proiektua martxan".