40 urte bete dira gura ama azpeitiarra (azken hitz horrek esan nahi duen guztiarekin...) hil zela, eta saninaziyuek gerturatzen direnean beti ditut gogoan attitteren etxean sartzeko pasahitza, Urolako trenaren egurrezko eserleku gogorretan entseatzen genuen San Inazioren martxa... Eta txikitan urteroko programazioaren errepikapenak nagusiengan pizten zuen poza nabaritzen genuen (ez ote zen elkartzearena bakarrik?).
Gurean, oso elizkoiak izanik, santuari zioten miresmenez betetzen ziren azpeitiarren mandamentuak: elizako kanpai ederren hotsa aditzea, meza santua, prozesioa... Eta, zer esanik ez, mandamentu ez erlijioso eztabaidapekoak: desenkajonamentua, zezenetarako paseo ikusgarria, korrida...
Badira urte batzuk, ordea, gure azpeitiar lehengusu-lehengusina gazteek hain obligaziozkoa zitzaigun San Inazioren martxa ez jakiteak harritzen ninduela. Gerora, ordea, hobeto ulertu nuen, lantokira etorri zen azpeitiar gazte batek esan zidana: "Ynazio y se murio". Aldaketa pentsaeran. Festak ospatzeko erak ere aldatu dira gaur egungo euskal hiri honetan, eta gu baino gazteagoak direnek beste mandamentu berri batzuk izan eta eraiki dituztelakoan nago. Gu jada beste adin tarte eta bizipen batzuetan gaude eta.
Ziur nago guri, txikitan, atzerriratutakoen (hots, garai hartan Azpeititik kanpora bizi ziren azpeitiar guztien) herrimina transmititu nahi zigutela. Ez zezenetakoa eta ez beste batzuk, ordea, ez zuten lortu itsastea. Berriro etorriko ez diren une gozoen oroitzapena besterik ez. Ez al da nahikoa?
Gogoeta eta denboran atzera joate hau aitzakia bat besterik ez da izan, eta ez herrimina. Gaur egun globalizazio ttipia ere iritsi zaigu distantzian eta kulturan (?) ere. Baina oroitzapenak, azpeitiar guztiei ondo pasatzeko aldarrikapena eta desioa barrutik ateratzen zaizkit. Beraz, gora saninaziyuek!