Ikusleak alaitzera dator Itsasi dantza taldearen 'Arkupean' ikuskizuna

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 14a, 08:51

Itsasi dantza taldearen emanaldia, iazko Azpeitia Dantzan egitasmoan.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, Itsasi dantza taldeak Arkupean ikuskizuna taularatuko du igandean, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Iazko abenduan Korrontzirekin egitekoak ziren emanaldirako prestatutako hainbat dantza taularatuko dituzte, besteak beste.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, Arkupean ikuskizuna estreinatuko du Itsasi dantza taldeak igandean, uztailak 17, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Ohi bezala, ikasturtean zehar landutako dantzak taularatuko ditu taldeak; haietako batzuk tradizionalak dira, eta beste batzuk berriagoak. Badu berezitasun bat, gainera, aurtengo emanaldiak: berez Korrontzirekin emanaldi bat eskaintzekoak ziren Itsasikoak joan zen abenduan, baina bertan behera gelditu zen saioa azkenean, eta harako prestatutako hainbat dantza ikusi ahal izango dira.

Ainara Bidal Itsasiko kideak azaldu duenez, azken urteotako emanaldietan dantza tradizionalak txertatzea gustatzen zaio taldeari, eta bide beretik jarraituko dute oraingoan: "Arku dantza batekin hasiko dugu ikuskizuna. Emanaldian zehar, Arkupean izena duen beste dantza bat ere egingo dugu; dantza hori Korrontzirena da. Eta ikuskizuna amaitzeko, berritutako arku dantza bat egingo dugu". Arku dantzek ikuskizunean duten presentzia dela-eta jarri diote Arkupean izena emanaldiari.

Guztira, Itsasiko 25 dantzarik parte hartuko dute emanaldian, eta haiei laguntzen ariko dira taldeko hainbat musikari. Era berean, Juan Antxieta musika eskolako hainbat txistulari ere oholtzan izango dira igandeko saioan. Oro har "emanaldi alaia" izango dela aurreikusten du Bidalek, eta herritarrak animatu ditu ikuskizunaz gozatzera.

Badira urte batzuk Azpeitia Dantzan egitasmoa martxan jarri zutela eta Itsasikoak bertan parte hartzen ari direla. Bidalen arabera, "polita" da herriko taldeei bultzada emateko halako proiektu bat martxan izatea, "dantzaren inguruan jendea mugitzeko eta herritarrak dantza ikustera ohitzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide