Santio eguna, trago motzean nahiz luzean dastatzeko

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 14a, 10:03

Sagardo eta gazta lehiaketen antolatzaileak eta parte hartzaileak, atzoko aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Sagardo txapelketa, gazta lehiaketa, ganadu txapelketa, pintxoak, bertsoak eta musika ez dira faltako aurten ere Baserritarren Egunean. Berrikuntza gisa, aurten sagardoa kopan ere dastatzeko aukera eskainiko da. Kalakan taldearen kontzertuarekin bukatuko da uztailaren 25eko festa eguna.

2020an eta 2021ean COVID-19aren pandemiagatik bizitako etenaren ostean, udako festa nagusiak berreskuratuko ditu aurten Azpeitiak. Festa aurreko ohiturak ere hasi dira berreskuratzen: atzo, Elosiagako Añota sagardotegian elkartu ziren udal ordezkariak, antolatzaileak eta parte hartzaileak, Santio egunak, Baserritarren Egunak, ekarriko dituenak aurkezteko.

Ohi bezala, XLII. Sagardo Txapelketaren bueltan egingo da festa nagusia uztailaren 25eko eguerdian. 23 sagardogile lehiatuko dira Azpeitian, denak Gipuzkoakoak, eta 3.300 bat botila ekarriko dituzte, plazako arkupeetan jarriko dituzten postuetan dastatzera emateko. Aurten, urtero etorri ohi izan direnetako bi ez dira egongo arkupeetan, eta horien ordez bi sagardogile berri izango dira Azpeitiko txapelketan: Itxasburu (Hernani) eta Eula (Urnieta). Horiekin batera, beste 21 sagardo etxe hauek parte hartuko dute txapelketan: Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Urdaira (Usurbil), Astiazaran (Zubieta, Donostia), Barkaiztegi (Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Igeldo (Igeldo, Donostia), Egiluze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Irigoien-Herrero (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Sarasola (Asteasu), Izeta (Aia-Zarautz) eta Zabala (Aduna).

Sagardoaz gain, edo sagardoarekin batera, plazan bertan erreko duten txekorraren, hegaluzearen eta Idiazabal jatorriko XII. Gazta Lehiaketaren gaztagileek jarritako pintxoak salduko dituzte plazan Baserritarren Egunean.

Sagardoa, kopan ere bai

Xebastian Lizasok nabarmendu bezala, aurten izango du "berezitasun bat" Sagardo Txapelketak: "Jendeari aukeran jarriko zaio sagardoa kopatik edatea ala edalontzitik edatea". Izan ere, biak jarriko dituzte salgai, edalontziak eta kopak, jendeak aukera dezan. Baina, horrez gain, aurten epaimahaikideek ere kopan dastatuko dituzte txapelketara aurkeztutako sagardoak.

Hain zuzen ere, atzo dastatze saioa egin zuten Añotan bertan Santio egunean epaimahain izango direnek, Mikel Garaizabalen eskutik. Emakumeei dastatze horretarako egindako deialdiari bi lagunek erantzun zioten. "Lehengo urteetan ere egin izan dugu saiakera emakumeak hurbiltzeko sagardo ingurura, Sagardo Egun honetara behintzat. Deialdi irekia egin da, eta bik behintzat izena eman dute. Orain arte emakume bat izan dugu epaimahaiko. Aurten, ikusiko dugu zer izango den, berak jarraituko duen edo gehiago ere izango ditugun. Deialdia egin eta bi besterik ez agertu arren, jarraituko dugu ahaleginean. Eskerrik asko izena eman duten biei, baina estimatuko genuke jende gehiago etortzea", esan zuen Lizasok.

Epaimahaikideak eta epaimahaikide gaiak, atzo Añotan egin zuten sagardo dastatzean. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitiko Sagardoaren Lagunak, Euskal Sagardoa, Sagardoa Route, Añota eta Azpeitiko Udala dira Sagardo Txapelketaren antolatzaileak.  Euskal Sagardoako teknikari Olatz Mitxelenak azaldu zituen, besteak beste, sagardoa kopan ere eskaintzearen arrazoiak: "Sagardoaren sektorea urteetan ari da lanean produktuarentzako beste posizionamendu bat lortzeko, beste merkatu batzuk irekitzeko nahian, hain gurea den produktuari beste balio bat eman nahian. Hainbat ekintza ari gara bultzatzen horretarako, eta tartean, okurritu zitzaigun kopara jauzia ematea, sagardoa kopan ere edan daitekeela erakustea, eta jendeak hori probatu ahal izatea".

Sagardoa eskantziatuta, apurtuta, kopuru txikian eta trago motzean, edo hainbeste apurtu gabe, trago luzeagoan edo patxadatsuago, edan daitekeela zioen Mitxelenak. "Zorionez, Euskal Herriko sagardoak ez du eskatzen kristoren eskantziatua, berez gorputz handiko sagardoak direlako". Kopan edatearen aldeaz, "edozein produktu kopan aterata modu desberdinean, lasaiago" edaten dela gaineratu zuen. "Dastatzeko, kopa, eta edateko, edalontzia. Kito", borobildu zuen Lizasok,  Sagardoa kopara zerbitzatzerakoan, berriz, "inongo arazorik ez" dago, Mitxelenaren ustez: "Gainera, hemengoak artista hutsak dira. Txanpain kopa jarrita ere moldatuko lirateke".

"Berezia eta maitatua"

Bi urteko hutsunearen ondoren, Santio eguna ospatzeko "gogoz" daudela zioen Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. "Berezia eta maitatua da Baserritarren Eguna, bai azpeitiarrentzat eta bai kanpotik etortzen direnentzat. Ederra izaten da Azpeitiko kaleak eta plaza jendez beteta ikustea, hain gureak diren gaztaren, ganaduaren eta sagardoaren bueltan sortzen den giroa ikustea", Odriozolaren esanetan. Zinegotziak eskerrak eman zizkien uztailaren 25eko "festa antolatzen lanean" jardun duten guztiei: "Zuek gabe ez litzateke posible hau guztia aurrera eramatea".

Ondoren, uztailaren 25erako prestatu duten egitaraua aletu zuen Odriozolak. Honako hau izango da, goizetik gauera, aurtengo Santio eguneko ekitaldien eskaintza:

10:00. Cesar Valverderen omenezko XXXVII. pilota txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.
10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.
Ondoren, Nafarroako banderari omenaldia, Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatuta. Perez Arregi plazatik hasita kalejira egingo dute, eta ekitaldia ondoren, plazan.
11:00. Euskal Herriko XV. Blonda Txapelketa, Zelai Luzen.
11:00. Idiazabal jatorriko XII. Gazta Lehiaketa, plazan.
12:00. XLII. Sagardo Txapelketa, plazan. Txekor eta hegaluze pintxoak dastatzeko aukera ere izango da, sagardoaz gain.
Plazako festa girotzeko, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Andrea Bidart bertsotan ariko dira, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilari eta pandero jotzaileek jarriko dute musika.
12:00. Kantu Jira taldekoen, Hazparnekoen eta Marea Arroxakoen kalejira.
18:00. Errekortarien Txapelketa Nagusia, zezen plazan.
18:30. Jainekin txarangaren kalejira.
19:00. Zirkoteke ikuskizuna, Balentina Agirre plazan.
20:00. Kalakan taldearen kontzertua, Perez Arregi plazan.

Lizaso, Mitxelena eta Odriozola aurkezpeneko mahaian, gainerako antolatzaile eta parte hartzaileak atzean dituztela. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide