Tourreko notak!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2022ko uzt. 25a, 10:31

Pogacar maillot zuriarekin, eta Vingegaard, horiarekin.

Urteko lasterketa garrantzitsuenaren balantzea, klik batean.

10. Wout Van Aert. Tourreko indartsuena, askogatik. Ez da azkarrena izan, baina izan zitekeen, bere helburua hori izango balitz. Ordekan ibili da, gorantz, beherantz, lanean, harbidean, 150 kilometroko ihesaldietan... Funtsezkoa Vingegaardek Tourra irabazteko, eta hiru etapa eta maillot berdea zakura. Erakustaldi ikaragarria. Berarekin, edo bera gabe, Tourra zeharo ezberdina izango litzateke. Chapeau.

9. Jonas Vingegaard. Oso txirrindulari sendoa. Terreno guztietan menderatu du garaiezina zirudien Pogacar, eta talde indartsuenaren babesari esker bere lehen Tourra irabazi du 25 urterekin. Hiru parte hartze, hiru podium, horrek ere bere erregulartasuna nabarmentzen du. Kronoan asko hobetu du, mendian gora Granonen eta Hautacamen nagusi. Ziklista handia dago etorkizunari begira.

8. Tadej Pogacar. Garaiezina zirudiena, garaituta, baina ez da inoiz belaunikatu, eta azken metroraino saiatu da Vingegaard eta Jumbo garaitzen. Akats handia egin zuen Galibierren gora, Jumboko Roglic eta Vingegaard liderraren eraso guztiei erantzunez, berak erasoekin erantzuten, eta garesti ordaindu zuen Granonen. Bestelakoan nahiko paretsu ibili da Vingegaardekin. Epikoak izan bide dira etorkizunean danimarkarrarekin izango dituen borrokak.

7. Jumbo Visma taldea. Lokomotora eraginkorra. Taktikoki bikain aritu dira etapa erabakigarrietan, Granonen eta Hautacamen bukatu zirenak, adibidez. Van Aert zure taldean edukita gauzak errazago egiten direla esango du norbaitek, eta egia da, baina Van Hooydonckek, Laportek, Benootek, Roglicek eta Kussek Tour bikaina egin dute, nagusikeriaz jardun gabe gainera. Bloke hautsezina.

6. Geraint Thomas. Bikaina, hirugarren postuan 37 urterekin, eta bultzaka datozen guztien gainetik. Erregularra, zintzoa, bere mugak onartu, eta Pogiren eta Vinekoren aurka buruz buru zer eginik ez zuela onartuz publikoki.

5. Jasper Philipsen. Suitzako Itzulian bigarren helmugaratu eta garaipena ospatu zuen irudiarekin handi samarrak jasan behar izan ditu, baina ordainekoa hartu du, bi etapa irabazita. Atzokoa, batez ere, Eliseoko Zelaietako etapak balio ikaragarria baitu esprinter batentzat.

4. Danimarka. Bertako txirrindulariek eman duten maila ikaragarria izan da: Vingegaard, Magnus Cort Nielsen, Mads Pedersen... eta zer irudi Kopenhagenen eta herrialde hartako belaze eta kale kantoietan. Euskal Herriak badu erronka, hurrengo urteari begira. Haiek adina edo gehiago izatea.

3. Historiako Tour azkarrena izan da atzo bukatutakoa. 42,02 kilometro orduko. Egia da 10, 20, 30 urte atzera korritu ziren Tourrak luzeagoak zirela, 1.000 kilometro gehiago, baina aurtengoa ziztu bizian egin dute, eta inoiz baino diferentzia handiagoak egon dira sailkapen nagusian.

2. Movistar taldea: Enric Masen aldeko apustua egin zuten erabat, eta hautu okerra izan da, ihesaldietan saiatzeko kemenik gabe geratu direlako lan horretan trebeak diren hainbat txirrindulari. Mas podiumean kokatu nahi zuten, helburu hori bere gaitasunaren oso gainetik dagoela onartu ezinik. Estrategia okerra darabilte azken urteetan, eta maila galtzeko arrisku handia daukate.

1. Frantziako bigarren mailako taldeak. BBK Hotels eta Direct Energie, batez ere. Gutxi azaldu dira, eta garaipena lortzeko aukerarik gabe, apenas. Arkea txukun aritu da, Quintanarekin. Lotto eta Astana ere oso justu, desagertu antzean.

0. Sagan eta Ewan. Esprinter handiak izandakoak, urteak ez dira alferrik pasatzen haien hanka zuztarretatik. Ewanek eroriko pare bat izan zituen lehen astean, baina oso justu ibili da mendian. Sagan ere onenak emandakoa, bere taldeak marketin kontuen bidez jaso beharko du bueltan eslovakiarrarekin egin zuen inbertsio potoloa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide