Jaietan ere, 'Nik xinixteñat'

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 26a, 17:51

Uxana Agirresarobe eta Idoia Arrizabalaga, Berdintasun teknikaria eta zinegotzia, 'Nik xinixteñat' kanpainaren txartelekin. (Mailo Oiarzabal)

Saninazioen atarian aurkeztu ditu udalak eraso matxistei aurre egiteko protokoloa eta kanpaina. Besteak beste, aurten ere arreta zerbitzua emango dute Plaza Txikian uztailaren 30etik abuztuaren 2ko goizaldera arte.

Azken urteetan herriko festa nagusietan egin izan duen gisan, eraso sexistei eta indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak eta baliabideak prestatu ditu Azpeitiko Udalak datozen San Inazio jaietarako ere. Nik xinixteñat izeneko kanpaina martxan du dagoeneko erakundeak, eta horren barruan kokatzen dira jai giroan gerta daitezkeen erasoen aurrean izan beharreko jokabidea zehazten duen protokoloa, zein saninazioetan Plaza Txikian jarriko duten karpan egunero emango duten zerbitzua.

Idoia Arrizabalaga Berdintasun batzordeburuak eta Uxana Agirresarobe sail bereko teknikariak agerraldia egin dute gaur, "indarkeria sexistari, sexu indarkeriari eta LGTBIQ+ fobiari aurre egitea helburu" duen Nik xinixteñat kanpainaren xehetasunak emateko. "Prebentzio, informazio, sentsibilizazio eta arreta kanpaina" da esku artean dutena. Arrizabalagaren hitzetan, udalarentzat "ezinbestekoa eta estrategikoa da erasoen inguruko prebentzio lana egitea". Lan hori "urte osoan zehar" egiten dutela nabarmendu du zinegotziak, Emakumeen Txokoarekin elkarlanean, baina  festei begira, "indartu" egin dute.

Aurreko asteetan, hitzaldiak, bilerak eta autodefentsa tailerrak  egin dituzte, eta tabernariekin lanketa berezia ere bai. "Beren tabernan erasoren bat gertatzen den kasuan jarraitu beharreko protokoloaren inguruko informazioa" helarazi diete tabernariei. Bidali dieten materialaren artean dago taberna indarkeria matxistarik gabeko gunea dela adierazten duen kartela, eta hori beren lokaletan jartzera animatu nahi dituzte ostalariak. Kartelak, "zabaltzen duen mezuaz gain", herritarrei zuzendutako protokoloa ere jasotzen du, QR kode batean. "Erasoei aurre egiteko guztion inplikazioa behar da", gogoratu du Berdintasun batzordeburuak, eta festak "libre, gustura eta nahi bezala ospatzeko" deia egin nahi izan die herritarrei. "Baina, aldi berean, elkarzaintzarako deia ere egin nahi dugu. Erasoren bat sumatzean edo ikustean, elkar babes dezagun", gaineratu du Arrizabalagak.

Plaza Txikian, egunero

Tabernariekin eta bestelako eragileekin zein norbanakoekin aurrez egindako prebentzio eta informazio lana osatuta, festa egunetan ere eskura jarriko ditu udalak prebentziorako, sentsibilizaziorako, informaziorako eta arretarako baliabideak.

Aurreko urteetan bezala, Indarkeria Matxistarik Gabeko Gune bilakatuko da Plaza Txikia saninazioetan. Karpa bat jarriko dute han, eta jaiek iraun bitartean, arratsaldetik goizaldera zabalik egongo da, "informazioa eta arreta" eskainiz. Uztailaren 30ean 18:00etatik 06:00etara, uztailaren 31n 20:00etatik 04:00etara, eta abuztuaren 1ean 18:00etatik 06:00etara egongo da irekita Plaza Txikiko karpa.

Karpak "helburu bikoitza" bete nahi duela dio Agirresarobek: "Batetik, festen testuinguruan gaiak espazio publikoan presentzia izatea, eraso matxisten kontrako kontzientziazio lana eginez; eta bestetik, erasoren bat jaso duen emakumeren batek lehenbiziko arta espazioa izateko aukera ahalbidetzea".

Gaian adituak diren profesionalek egingo dute lan Plaza Txikiko gunean, eta aholku eske, edozein zalantza argitzeko zein erasoren baten aurrean bertara joateko deia egin die herritarrei Berdintasun teknikariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide