Bi urteko etenaren ostean, txosnagunea izango da aurtengo saninazioetan, eta urtero bezala, eraso matxisten aurkako protokoloa ezarriko dute bertan. Itaiak eta Haujijijaik deituta, atzo egin zuten txosnaguneko protokoloaren aurkezpena Azoka Plazako areto nagusian, eta jende ugari bertaratu zen azalpenak zein jarraibideak entzutera.
Itaiako kideek adierazi zutenez, eraso matxisten gorakada "nabarmena" izan da azken hilabeteetan, eta "egoeraren larritasunaz jabetuta", "garrantzia berezia" eman nahi izan diote erasoen aurkako protokoloari. Horretarako, indarkeria matxistaren aurkako asanblada sortu dute Azpeitian, eta bertan garatu dute aurtengo protokoloa, uztailean zehar egindako batzarretan. "Azken hilabeteetan Euskal Herrian zehar eman diren eraso mota desberdinak identifikatu eta kasuan kasu nola jokatu zehaztu dugu. Lehengo protokoloaren gabeziak identifikatu eta zer hobetu daitekeen eztabaidatu dugu asanbladetan. Horrenbestez, ditugun askotariko gaitasunak kontuan hartuta moldatu dugu protokoloa", azaldu zuten Itaiako kideek.
Ziztada bidezko erasoak, gorantz
Emakumeen antolakundeko kideek azpimarratu zuten festa eremuetan ematen diren erasoak "geroz eta gehiago" direla, eta horiek "forma desberdinak" hartzen dituztela gaur egun. "Ulertu behar dugu indarkeria matxistak forma desberdinak dituela. Badakigu egunerokoan askotariko erasoak jazotzen direla, izan sare sozialetan, kalean edo etxean. Festa eremuetan, ordea, erasoak nabarmen areagotzen dira, testuinguruaren konplexutasuna tarteko", azaldu zuten Itaiakoek.
Horren harira, atzoko saioan Euskal Herriko hainbat txokotan izandako eraso motak izan zituzten hizpide, hala nola ziztada bidezko erasoak nahiz taldean egindako bortxaketak. "Nabarmentzekoa da ziztaden auzia. Duela hilabete batzuk Ipar Euskal Herrian salatzen hasi zirena, Euskal Herri osora hedatu da. Asko dira Iruñeko sanferminetan zizta bidezko erasoak salatu dituzten emakumeak, eta badirudi erasoak normalizatu eta gorantza doazela. Kasu horietan emakumeak zorabiatu egiten dira, eta konortea galtzeko sentsazioa ere izaten dute zenbaitek", jakinarazi zuten Itaiako kideek, mota horretako erasoen larritasuna azpimarratzearekin batera.
Jarrera aktiboa, "ezinbestekoa"
Bestalde, "erasoen aurkako jarrera aktiboa" izatearen garrantzia nabarmendu zuen Itaiak atzokoan: "Erasoen aurrean arduraz jokatzea dagokigu txosnagunean egongo garen guztioi, izan txandak egiten nahiz jaiez gozatzen. Ezin dugu indarkeria matxista egun batetik bestera desagerrarazi, baina horrek ez du esan nahi ezer egin ezin dezakegunik. Tresnak sortu behar ditugu eraso horiei aurre egiteko". Zentzu horretan kokatu zuten txosnaguneko protokoloaren ezinbestekotasuna: "Protokoloak ez du bermatzen erasoak gertatuko ez direnik, baina festak antolatzen ditugun unetik bertatik, erasoei aurre egiteko ardura guztia dugu, horretarako tresnak ahalik eta ondoen antolatuz eta kudeatuz".
Itaiak eta Haujijijaik adierazi zuten txosnaguneak "erasoek lekurik ez duten gunea" izan beharko lukeela, baina azpimarratu zuten, gaur gaurkoz, "zoritxarrez", txosnaguneetan ere eraso ugari jazotzen direla, "larritasunaren adierazle direnak". Horregatik, txosnagunean zein txosnagunetik kanpo "eraso matxista orori" aurre egiteko deia egin zuten Itaiak eta Haujijijaik.
Protokoloaren zertzeladak
Azken hilabeteetako joerak errepasatu eta horietan arreta jartzeko deia egin ez ezik, Azpeitiko txosnagunean martxan jarriko duten protokoloaren nondik norakoak azaldu zituzten atzokoan. Protokoloaren xehetasunak eta jarraibideak txosnetan txandak egingo dituzten pertsonek soilik jakingo dituzte, "segurtasunagatik". Atzoko saioan eman zituzten azalpen guztiak, eta zalantzak argitzeko tartea ere izan zen.
Itaiak jakinarazi duenez, desberdina izango da protokoloa kasuan kasu, baina bi ildotan oinarrituko da beti. Alde batetik, erasotuarekin izan beharreko jarrera; eta, bestetik, erasotzailea txosnagunetik kanporatzeko prozedura.
Aurten bost txosna jarriko dituzte Azoka Plazaren atzeko gunean, eta honako eragile hauek kudeatuko dituzte: Gaztetxeak, Itaiak, GKSk, Ikasle Abertzaleakek, Kontseilu Sozialistak, Sortuk eta Ernaik.