Sanferminetan Iruñeko erakusketa kolektiboan parte hartu ostean, Toro Tribal artistak Zezenketa pintura erakusketa jarri du ikusgai Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Joan zen asteazkenetik daude ikusgai Albaceteko (Espainia) artistaren lanak, eta bertan izango dira uztailaren 31ra bitartean. Gaur, ostirala, 18:00etatik 20:00etara irekiko dute aretoa, eta bihar zein etzi 11:00etatik 13:00etara.
Guztira, 30 koadro jarri ditu erakusgai Toro Tribalek Azpeitiko erakusketan, eta gehienek zezena dute protagonista. "Arte garaikidea da egiten dudana, eta marrazki gehienak zezenen nahiz zezenketen bueltakoak dira, ikaragarri atsegin baitut mundu hori. Zezenaren irudia modu askotara landu izan dut: larrean, zezen plazetan, mitologiaren arloan... Horregatik izan da berezia Azpeitira etortzea, jakin badakidalako hemen zezenen, sokamuturraren nahiz zezenketen inguruko tradizio eta zaletasun handia dagoela. Amets bat bete dut Azpeitira iritsita", adierazi du. Haren hitzetan, zezena da Azpeitiraino hurbildu duena, eta uste du, distantziak distantzia, bertako herritarrek ere sentitzen dutela "gertutasuna" haren margolanak ikustean. "Zezenarekiko zaletasunak elkartzen gaitu nolabait", dio.
Erakusketa zabaldu zuenetik, jende ugari bertaratu dela kontatu du artistak, eta jasotako erantzunarekin "pozik" dago. "Etorri den jende gehiena bertakoa da, baina datozen egunetan badakit kanpoko jendea ere bertaratuko dela, zezenketetara datozen Frantziako lagunak eta", adierazi du. Era berean, herriko festez ez ezik, San Inazio feriaz gozatzeko asmoa ere baduela kontatu du.