Mari Jose Bikendi: "Herriari zerbitzua ematea da musika eskolaren helburua"

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 19a, 09:50

Mari Jose Bikendi bere lantokian, musika eskolako zuzendariaren bulegoan. (Argazkiak: Kris Fernandez)

Antxieta Etxean trebatu zen Bikendi gaztetan akordeoiarekin, eta Juan Antxieta musika eskolan egin du laneko ibilbidea. Egin du, eta egiten jarraitzen du. Ia hogei urte daramatza musika eskolaren zuzendaritzan, eta bi erronka potolori aurre egiteko prestatzen ari da eskola: urteurren bat eta lekualdatze bat. Horietaz eta beste hainbat kontutaz hitz egin du 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian.

Ikasturtea amaitu ondoren hartu du Mari Jose Bikendik (Azpeitia, 1965) Uztarria, ekaineko azken egunean, Juan Antxieta musika eskolaren Perdillegi kaleko egoitzan. Korridoreak eta gelak hutsik eta isil-isilik daude, ikasturtean zehar ohikoak dituzten mugimendurik eta doinurik gabe. Bake horretan, oporrak hartu aurretik, lanean jarraitzen dute Bikendi zuzendariak eta Karmen Larrañaga lankideak, bakoitzak bere bulegoan. Izan ere, amaitu berri den ikasturtea ixtea ez ezik, datorrena prestatzea dagokie. Gainera, 2022-2023koa ez da edonolako ikasturtea izango Azpeitiko musika eskolarentzat. Urteurren borobil bat dute ospatzeko. Eta, zertxobait aurrerago begira jarrita, etxe aldaketari ere aurre egin beharko dio musika eskolak. Kontu horiek eta beste asko hizpide izan ditu Bikendik elkarrizketan.

Akordatzen al zara noiz hartu zenuen lehen aldiz eskuetan musika instrumentu bat, eta zer instrumentu izan zen?

Akordeoia izan zen, eta 6 bat urte izango nituen.

Nola izan zen hori?

Gure etxean bazegoen musikarako joera, giro musikala. Itxura denez, nire anaia denek ikasi zuten solfeoa parrokian, eta nire aitari eta haren aldeko familiari ere beti gustatu izan zitzaien musika; uste dut aitak klarinetea jo izan zuela bandan. Eskusoinuari dagokionez, ez dakit nik esan al nuen instrumentu hura nahi nuela ala etxean pentsatu zuten bazela hura gure etxean edukitzeko moduko instrumentua. Dena dela, badakit jaunartzea egin nuenerako banuela soinua, soinu handi bat altzoan dudala agertzen naiz-eta jaunartzeko argazkietan.

Zure garaian ba al zen musika eskolarik? Nola ikasi zenuen soinua jotzen?

Ez, ez zegoen musika eskolarik. Jose Mari Altunarekin hasi nintzen ikasten. Bandako zuzendaria zen, eta garai hartan hark ematen zituen bandako instrumentu guztien eskolak. Soinu eskolarik ez zuen ematen, baina huraxe zen musika eskolak ematen zituena, eta... Solfeoa-eta ikasi nituen Altunarekin. Ondoren, Tere Oteizarekin ere ibili nintzen solfeoan, eta azkenik, Azkoitiko Mari Jose Arregirekin. Eskola partikularrak ziren guztiak, etxeetan ematen zituzten, ez zegoen musika eskolen antzeko gunerik.

Eskusoinu handiaz gain, ikasi al zenuen beste instrumenturen bat jotzen?

Gerora, bai, trikitia jotzen ikasi nuen. Aurretik, piano pixka bat ere ikasi nuen; ikasturte batzuk egin nituen pianoarekin, baina osagarri gisa. Eta une oso zehatz batean, musika eskolako beharrak asetze aldera, tronpeta jotzen ere ikasi behar izan nuen [barrez]! Esperientzia polita izan zen, oso ondo pasatzen genuen klaseetan; eta kalera ere irten ginen jotzera, karnabaletan izan zela uste dut. Baina, esan bezala, une jakin bateko kontua izan zen, esperientzia txiki eta labur bat. Zer instrumentu menderatzen ditudan galdetuz gero, ez nuke tronpeta aipatuko.

Ba al dago jotzen ikasi ez duzun eta ikasteko gogoarekin gelditu zaren instrumenturen bat?

Ez. Musika eskolan lan egiteak instrumentu asko ezagutzeko eta entzuteko aukera ematen du, eta horrek nahikoa asetzen nauela esango nuke. Akordeoiak berak ere betetzen nau, aukera zabalak eskaintzen dituen instrumentua da.

Akordatzen al zara akordeoiarekin jendaurrean lehen aldiz noiz eta non aritu zinen?

Ez, lehen aldiarekin ez naiz akordatzen, baina gogoan ditut gaztetan akordeoiarekin jendaurrean bizitako esperientzia batzuk. Esaterako, Antxieta Etxean jo izan nuen, hara joaten ziren bisitarientzat, Imanol Eliasek eskatuta. Frantziatik Loiola ezagutzera egun-pasa etorritako turista taldeak-eta izaten ziren. Imanolek meriendatxoa ematen zien haiei Antxietan, eta meriendak girotzen aritzen nintzen ni akordeoiarekin, astean bizpahirutan. Eskusoinua ikasten ari nintzen garaiak ziren, eta ez ziren erromeriak, baina jendaurrean aritzeko eta trebatzeko aukerak bai. Sasoi hartan, Gabon eskekoekin ere ibiltzen nintzen, Amaia Garmendiarekin eta; herria irteten zen eskean, eta gogoan dut Enparan Dorretxean elkartzen ginela. Eta Sahatsarekin ere bai, Urrestillako zimitorioan egiten zituzten entseguetan, gazte askoa nintzela. Zenbat urte edukiko nituen, ba? 10 bat? Dozena bat, asko jota. Ez naiz ondo gogoratzen, baina oso-oso gaztea nintzen, eta gogoan dut nire lehendabiziko soinuarekin joaten nintzela hara, tekladun soinu beltz handi harekin.

Sahatsa dantza taldean gerora ere jarraitu zenuen.

Bai, dantzan, eta musikari ere bai. Baina hasierako harekin akordatzen naiz, taldea artean Urrestillan aritzen zenean hasi nintzela, ez Azpeitian. Axuri beltza kanta belarriz nola atera nuen gogoan daukat, oso gogoan. Garai hartako gauza askorekin ez naiz akordatzen, agian, baina begira, detaile horiekin bai.

Eta zer pieza eskaintzen zenizkien Antxieta Etxera joaten ziren bisitariei? Zer errepertorio menderatzen zenuen?

Denetarik jotzen nuen: baltsak, fandangoak, pasodobleak... Batzuetan bisitariek beraiek eskatzen zizkidaten pieza jakin batzuk: "Halako jotzen ba al dakizu?". Maria Jesus y su acordeón, Pajaritos... horrelakoak, eskatzen zituztenak. Egundoko errepertorioa neukan. Eta ez zen izaten pieza bat jo eta hurrengora arte tarte handirik, etortzen zirenetik meriendatxoa bukatzen zuten arte, ordubetez edo ordu eta erdiz, ia etenik gabe aritzen nintzen, jo eta jo.

Zenbat urte izango zenituen orduan?

Ez dakit ba... 15? 16? Gutxiago, agian? Gehiago ez dut uste, behintzat, oso gaztea nintzen.

Noiz eta nolatan hasi zinen musika irakasle lanetan?

Musika eskolaren sorrerarekin bateratsu izan zen. Jose Ignacio Alberdik deitu zidan solfeo irakaslea behar zutela esanez, 7 urtekoei eskolak emateko. Garai hartan musikako irakaskuntza beste modu batean zegoen antolatuta. Hasi nintzenean, ikastola berrian [Karmelo Etxegarairen Euskal Herria kaleko eraikinean] ematen genituen eskolak; ikasle gutxi batzuk genituen. Gero, Perretxikora lekualdatu zen musika eskola, eta han ikasle pila bat elkartzen ziren, talde handietan, gainera.

Zenbat urte joan dira orduz geroztik?

Datorren ikasturtean 40 urte beteko dira musika eskola ofizialki sortu zenetik. 1982-1983 ikasturtea izan zen musika eskola gisa eta modu ofizialean osatu zuen lehendabizikoa. Aurretik, pare bat urte lehenagotik, agian, ari ziren zenbait musika irakasle elkarrekin lanean. Ni musika eskola egiturarekin lehen pausoak ematen ari zirela hasi nintzen lanean; 1985ean sinatu nuen lehen kontratua, 20 urterekin.

Noiz eta nolatan hartu zenuen musika eskolaren zuzendari lana?

Bi aldi nagusitan egon naiz zuzendaritzan. Lehen aldian, ezingo nuke garbi edo zehatz azaldu nola iritsi nintzen zuzendari postura; aurretik beste lankide batzuek izan zuten ardura hori: Loli Oteizak, Maria Angeles del Valek, uste dut Maria Jesus Agirre ere ibili zela tarte batean... Uste dut lekukoa beste norbaiti emateko garaia edo egoera iritsi zela, eta niri tokatu zitzaidala. Ez nintzen posturako aurkeztu, baina geure artean hitz eginez eta, neu hasi nintzen lan horretan, batere esperientziarik ez nuen arren. 1989-1990 ikasturtean hasi nintzen zuzendari lanetan, eta 1993-1994 ikasturtera arte izan nuen ardura hori lehen aldian, kanporatu ninduten arte. Urte batzuk igarota, itzultzeko eskatu zidaten; 2009-2010 ikasturtean hasi nintzen berriro zuzendari lanean, eta horretan ari naiz harrezkero. Ez dakit erosotasunagatik den edo zergatik, baina hemen nago.

Zer egiteko ditu musika eskola bateko zuzendariak? Zer lan dagozkizu zuri?

Alde batetik, barne egiturari dagokion lana da. Eskolaren proiektu pedagogikoa eta barneko egituraketa mantentzea, sustatzea zein berritzea dagozkio zuzendaritzari, eta ikasleekin adostasuna lortzea eta ikasleen ongizatea ere bai. Harremanak zaintzea eta jorratzea ere bada zuzendariaren lana; eskola barruko harremanak, batetik, baina eskolaz kanpokoak ere bai, beste taldeekin edo eragileekin, kultur taldeekin nahiz erakundeekin. Finean, musika eskolaren helburua da herriari zerbitzua ematea, eta zerbitzu horrek barne hartzen dituen arlo guztietan bidea egitea eta harremanak lantzea da zuzendaritzaren betebeharra.

Aipatu dituzun eginkizun horietan ez ezik, herritarrek ikusten zaituzte kalejiretan, jaialdietan...

Egia esan, Azpeitiko musika eskolak jarduera eta ekintza askotan parte hartzen du ikasturtean zehar, irailetik ekainera; herriari ematen diogun zerbitzu horri lotuta, batetik, eta geure barne jarduerari lotuta, bestetik. Herrian eskatzen badigute han edo hemen, era batera edo bestera, laguntzea edo ekarpena egitea, saiatzen gara ezezkorik ez esaten eta eskatzen digutena betetzeko modua egiten. Herrikoak gara eta herriak elikatzen gaitu; uste dut hori ere badela gure eginbeharra. Akordeoiaz gain trikitia ere jotzen dudanez, neuri ere tokatzen zait kanpoko ekintza batzuetan parte hartzea. Baina neuk parte hartzen ez dudanetan ere gustatzen zait eskolatik kanpo egiten ditugun ekintza horiek ikustera joatea, gure portaera eta jendearen harrera nolakoak diren ikustea.

Zuzendaria, ikasleak zein irakasleak, denak ibiltzen zarete eskolaz kanpoko ekintzetan eta ekitaldietan. Prestasuna eskatzen du horrek. Erraz moldatzen al zarete ekitaldietarako jendea biltzerakoan?

Bai, esango nuke, orokorrean, ondo erantzuten duela jendeak. Gainera, saiatzen gara lan karga beti ikasle edo instrumentu berberei ez ematen, batzuetan batzuei eta besteetan besteei esaten. Egia da errazagoa dela kalejirak trikitilariekin edo txistulariekin egitea, beste edozein instrumenturekin baino. Baina banda gazte polita daukagu, oso giro ona dute, eta beti animatzen dira kalean aritzera. Ikasleek ondo erantzuten dute, oro har.

Musika eskolarena eskolaz kanpoko jarduera da ikasleentzat. Gaur egun, eskolaz kanpoko ekintzetan aukera oso zabala dute ikasleek. Osasuntsu al dago musika eskola? Ba al dago musika heziketarekiko interesik?

Baietz uste dut, badagoela interesa. Urte batzuk besteak baino hobeak izaten dira ikasle kopuruari dagokionez, baina gauza bera gertatzen da ikastetxeetan ere, urte bakoitzean jaiotako ume kopuruaren araberakoa izaten da hori, hein handi batean. Horrez gain, joerak eta modak ere hor daude, eta horiek ere eragin dezakete. Bukatu berri den ikasturtearen amaierako jaialdiak eman dezake musika eskolaren une honetako egoeraren neurria; jaialdi amaieran Soreasuko agertokian 200 bat ikasle han elkartuta ikusteak, aurretik handik igaro zirenak... Uste dut une honetan musika eskola osasuntsu dagoela esan daitekeela, ezingo dugu ezetzik esan. Are hobeto edo osasuntsuago egotea gustatuko litzaigukeela? Baita ere, zergatik ez. Baina ikasturte amaierako jaialdiaren argazki horrekin geratzen naiz ni une honetan. Ikusiko dugu datorrena nola etortzen den.

Duela 37 urte hasi zinen musika eskolan lanean, eta horietatik ia hogeitan izan zara eskolaren zuzendaria. Zer bilakaera izan du Juan Antxietak zu sartu zinenetik gaur arte? Zer mugarri nabarmenduko zenituzke?

Irabazi asmorik gabeko guraso elkartea da musika eskola; hori horrela mantendu da hasieratik gaur egunera arte, baina asko aldatu dira gauzak urte hauetan. Hezkuntza ez arautuaren esparrukoak garen arren, kontuan hartu behar da, musika eskola garen aldetik, badugula bete beharreko araudi bat. Arau horiek espazioei, irakasleei, espezialitateei edota instrumentuei eragiten diete; esaterako, ezin da musika eskola bat ireki aukeran bi instrumentu bakarrik eskainita. Araudi bat dago, baldintza batzuk bete behar dira. Azpeitiko musika eskola martxan hasi zenean, plangintza zehatz batekin hasi zen lanean: ordu kopuru jakin batzuk zehaztuta zeuden astean zehar musika irakasteko, instrumentuak irakasteko edo abesbatzarekin lan egiteko. Dena zegoen oso-oso araututa. 1992ko Espainiako LOGSE hezkuntza legeak berrikuntza asko ekarri zituen. Besteak beste, musika eskolei aurreko araudi zurruna alde batera utzi eta bakoitzak bere musika eskola antolatzeko aukera eskaini zien. Gutxieneko arau batzuk zehazten zituen lege hark, musika eskolek zenbat maila eskaini behar zituzten edota irakasleek zer titulazio behar zuten, adibidez; baina gainerakoan, barne antolakuntzan askoz malguago jokatzeko aukera eskaini zien musika eskola guztiei. Ondorioz, metodologiak ere asko aldatu ziren, lehen askoz zorrotzagoak ziren, ez zeukaten gaur egungoekin zerikusirik. Bestetik, mailak gainditzeko Donostiako Kontserbatorioaren azterketak gainditu beharra zegoen lehen, eta horrek ere derrigorrezkoa izateari utzi zion. 1992ko legearekin etorri zen aldaketaren aurretik, musika eskolara etortzen ziren ikasleen helburu nagusia musika arloko tituluren bat eskuratzea zela esan daiteke. Gaur egun, berriz, aisialdiarekin gehiago uztartzen den jarduera da ikasleentzat musika eskola: instrumentu bat jotzen ikastea, baina talde bateko partaide izanez eta talde hori elikatuz, hori da gaur egun musika eskolaren eskaintzaren helburu nagusietako bat. Horrek ez du esan nahi musikan bidea egin nahi dutenei edota maila hobetu nahi dutenei aukerarik ez zaienik eskaintzen; bide hori jorratu nahi dutenak prestatzen ditugu kontserbatorioan sartu ahal izateko azterketa gaindi dezaten.

Epe motz-ertainean egoitza berria izango du musika eskolak, eta 40 urte beteko ditu datorren ikasturtean. Nola helduko diezue erronka horiei?

Espazio propioa eta egokia izatea izan da urteetan gure borroketako bat. Orain gauden egoitzara etorri ginenean lortu genuen lehen aldiz geuretzat bakarrik izango zen espazio bat, nahiz eta txiki samarra iruditzen zitzaigun. Urteak aurrera joan ahala, ordea, hasieran txikitxoa iruditzen zitzaigun espazioa handitzen joan da, eta espazio hori gure beharretara eta gustura egokitzen ere joan gara. Gainera, ikastetxeetatik gertu gaude egungo lekuan, nahiz eta beti sumatu izan dugun auditorium txiki baten falta. Baina iritsi da gauden gunean beste behar batzuei erantzuteko zerbitzu berriak ezartzeko unea, eta Soreasura aldatuko gara. Beraz, ikastetxeetatik urrunduko gara, baina beste gertutasun bat izango dugu, kultur mugimendua han zentralitatuta egongo delako. Soreasu bada espazio natural bat guretzat, kultura lantzen duen hezkuntza gara eta. Beraz, inora joatekotan, Soreasura. Lekualdatzeari heldu aurretik, ordea, 40. urteurrena behar bezala ospatzea da gure erronka. Urteurrena datorren ikasturte osoan zehar ospatzea da gure asmoa, ez egun bakar batean. Hasita gaude lanean eta aukerak aztertzen; pandemiak kalean kendu digun presentzia berreskuratu nahi dugu. Antzerki Topaketek ere 40 urte beteko dituzte aurten. Badago zer ospatua herrian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide