Erretratua

Olatz Arriaga: "Tenperatura gora doa; energia berriztagarriak beharrezkoak ditugu"

Ihintza Elustondo 2022ko abu. 22a, 09:46

Olatz Arriagaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Nanozientzia eta Nanoteknologia ikasi zuen Olatz Arriagak, eta energia berriztagarrien inguruko masterra gauzatu ostean, doktore tesia egiten ari da Suitzan. Eguzki plaka eraginkorragoak lortzeko helburuarekin, haien inguruko ikerketa garatzen ari da. Argi du energia berriztagarriak direla etorkizunerako giltza. Berea da Erretratua 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian.

Zientzia aipatuta, gehiago edo gutxiago, herritar denek dakite zer dagoen horren atzean. Baina zer da nanozientzia? Ziur aski, gutxiago ezagutzen da zientziaren adar hori. Horixe da, baina, Olatz Arriaga Arrutiren (Azpeitia, 1995) jarduera eremua. Nanozientzia eta Nanoteknologia ikasi zuen Bartzelonan, eta Zaragozan (Espainia) eta Ingalaterran Energia Berriztagarrien Europar Masterra gauzatu ostean, doktore tesia egiten ari da egun Suitzan. Zehazki, Neuchatel hirian ari da ikerketa garatzen, energia fotovoltaikoaren inguruan.

Oso eskala txikian, nanoeskalan, garatzen den zientzia da nanozientzia, hark azaldu duenez. "Nanoeskala metroa baino mila milioi aldiz txikiagoko eskala da". Hau da, nanozientziak zientziaren arlo ezberdinak lantzen ditu, baina eskala horretan: fisika, kimika, biologia, elektronika... Oso maila txikian lan egin arren, emaitzak gauza handiagoetarako baliatzen direla azaldu du Arriagak: medikuntzaren arloan, minbizia tratatzeko; elektronikan, karbonozko nanotuboak garatzeko... "Arlo askotan aplikatzen da nanozientzia", dio. Dena den, lana laborategira "oso mugatuta" dagoela azpimarratu du. "Ikerketara bideratuta dago nanozientziaren mundua. Zientzia puruak lantzen ditugu".

"Bihozkada" baten ondorioz eman zuen azpeitiarrak Nanozientzia eta Nanoteknologia ikasteko pausoa: "Ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaidanean, ez nekien zer hautatu, jende askori gertatzen zaion bezala. Banekien fisika eta matematika gustatzen zitzaizkidala, baina ez nekien ingeniaritzaren bat egin edo zer bide aukeratu. Denetarik begiratu nuen, eta gurasoekin Bartzelonara joan nintzen, Nanozientzia eta Nanoteknologia graduaren ate irekietara, eta zera esan nion amari: 'Hemen ikusten dut neure burua'". Gainera, gogoan du orduan grafenoaz asko hitz egiten zela; nanozientzia baliatuz garatzen den substantzia bat da hori: "Esaten zuten hori izango zela etorkizuna". Halaxe, bihozkada eta arloak etorkizunean izan zezakeen garrantzia bultzadatzat hartuta, lau urte eman zituen Katalunian, ikasketak garatzen.

Arriaga, doktore tesia garatzen ari den laborategiaren atarian, Suitzako Neuchatel hirian. (Utzitakoa)

Tesia: aurreikusi gabeko plana

Energia berriztagarrien inguruko masterra egiten ari zela sortu zitzaion Arriagari Suitzara joateko aukera. "Masterraren parte zen praktikak egitea, eta orduan etorri nintzen Suitzara, sei hilabeterako". Haren asmoa ez zen inondik inora Suitzan doktore tesia egiten gelditzea, baina askotan, espero gabeko planak izaten ditu bizitzak norberarentzako: "Nire asmoa ez zen inondik inora doktore tesia egitea. Izan ere, praktikak egiten ari nintzela ikusi nuen zenbat denbora behar den halako lan bat garatzeko. Dena den, praktikaldia amaitzen ari nintzela, arduradunak doktore tesia egiteko aukera eskaini zidan, eta pentsatu nuen agian sekula berriro ez nuela halako aukerarik izango". Halaxe, pausoa ematera erabaki zuen, eta ez da damutu. "Proiektua polita da, eta laborategian oso giro ona daukagu; denok gazteak gara, leku ezberdinetako jendea dago, haietako asko tesiak egiten ari dira...".

Doktore tesia egiten ari direnei zaila egin ohi zaie haren muina azaltzea, eta gauza bera gertatzen zaio Arriagari ere. Eguzki plaken inguruan ari da ikertzen, EPFL Ecole Polytechnique Federale de Lausanne unibertsitateko PV-lab laborategian; zehazki, plaka horien fidagarritasuna da haren jarduera eremua, haiek ahalik eta eraginkortasun handiena izan dezaten ari da ikertzen. "Eguzki plakek ahalik eta denbora gehien iraun dezaten lortzen saiatzen gara gu. Izan ere, kanpoan egon ohi dira plaka horiek, eta haizearen, euriaren, tenperatura aldaketen, tentsio altuen, hegaztien eta abarren eraginez, kaltetzen joaten dira pixkanaka. Horri aurre egiteko, material ezberdinekin probak egiten ditugu, ahalik eta plaka fidagarriena lortzeko".

Energia berriztagarrien munduan murgilduta dabil Arriaga, eta hark uste du horiek behar-beharrezkoak direla egungo munduan: "Nabarmena da gas naturala nahiz petrolioa agortu egingo direla. Gainera, Lurraren tenperatura igotzen ari da, eta horren ondorioak dagoeneko ari gara nabaritzen. Lurraren tenperatuta industrializazio aurreko tenperaturatik 1,5 gradu igotzen bada, esaten dute planeta ez dela gizakiarentzako leku segurua izango, eta dagoeneko 1,1 gradu igo da tenperatura. Hori saihesteko, energia berriztagarriak beharrezkoak ditugu". Ziurtasun energetikoaren gaia ere aipatu du: "Energia berriztagarriak sustatzen ez baditugu, energia lortzeko beste herrialde batzuen menpe egongo gara eta gaude dagoeneko". Energia fotovoltaikoa, aldiz, mundu guztian eskura daitekeela dio. "Eguzkia leku denetan dago, eta energia fotovoltaikoa mundu guztian lor dezakegu". Energia berriztagarri mota bakar bat baliatuta, ordea, arazoa ez dela konponduko uste du: "Biomasa, energia hidraulikoa, eolikoa, fotovoltaikoa... denen arteko konbinazio bat behar dugu, denontzako energia izango badugu".

Goiko argazkian eta behekoan, laborategian, lanean. (Utzitakoak)

Suitzan, "gustura"

Arriagak datorren urtean amaituko du doktore tesia, eta bukatzean, energia fotovoltaikoari lotuta lan egitea nahiko luke. "Hori argi daukat, baina gero beste kontu bat izango da zer sortzen zaidan". Ikerketaren arloa ere gustuko du, atsegin du laborategiko lana, baina ez luke nahi "karrera akademikoa" edukitzea. "Izan ere, ziurgabetasun handia izan ohi duzu ikerketaren munduan, beti proiektuen bila aritu behar duzu...". Horregatik, I+G enpresa batean lan egitea izango litzateke berarentzat "ideala"; hau da, ikerkuntza eta garapena uztartzen dituen enpresa batean aritzea.

Tesiak "ordu askoko lana" eskatzen duen arren eta zeregina "exijentea" den arren, Suitzan esperientzia "ederra" bizitzen ari dela azpimarratu du Arriagak. "Beti izan dut argi Euskal Herritik kanpo lan egingo nuela. Asko gustatzen zait beste kultura batzuk, jende berria eta hizkuntzak ezagutzea. Asko aberasten zaitu horrek". Lanari dagokionez, "bete" egiten du orain egiten ari denak: "Nahiz eta gutxi izan, nire jardunak egungo arazoei aurre egiten laguntzen duela sentitzen dut. Gainera, asko gustatzen zait laborategiko lana, baita konferentzietara joatea eta nire lana ezagutzera ematea ere. Asko ikasi dut zientifikoki idazten, jendaurrean gauzak aurkezten... Denean bezala, arlo honetan ere egun hobeak eta txarragoak izaten ditugu, baina balorazio orokorra oso positiboa da. Pozten naiz hartu ditudan erabakiez, eta ez nintzateke atzera itzuliko. Zertarako pentsatu atzera bueltatu nahi duzula, ezin baldin baduzu?".

Motzean

  • Jaiotze data: 1995eko apirilaren 25a.
  • Ikasketak: Nanozientzia eta Nanoteknologia gradua eta Energia Berriztagarrien Europako Masterra.
  • Lanbidea: Doktore tesia egiten ari da.
  • Ikertzailea ez banintz... Agian, ingeniaritza ikasiko nuke, edo bestela, historia edo filologia.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Ariketa fisikoa egitea edo lagunekin zerbait hartzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide