Atzera begira

40 urte martxan

Nora Alberdi 2022ko abu. 30a, 12:37

Maolo Erkizia Carlos Garaikoetxea elkarrizketatzen, 1986ko hauteskunde gaueko programan. (Utzitakoa)

1984. urtean hasi zen ETBn lanean Maolo Erkizia (Azpeitia, 1963), kazetaritza ikasketak oraindik amaitzeke zituela. Gaur egun, albistegietan aritzen da kazetari, politikaren arloan. Atzera begira jarri da Erkizia 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian.

Duela 40 urte euskara entzun zitekeen lehen telebista katea sortu zen: ETB. 1980. urtean EAJk irabazi zituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Eusko Jaurlaritzak 1982an ekin zion telebistaren proiektuari, Ramon Labaien Kultura sailburuaren gidaritzapean. 1984. urtean hasi zen ETBn lanean Maolo Erkizia (Azpeitia, 1963), kazetaritza ikasketak oraindik amaitzeke zituela. Gaur egun, albistegietan aritzen da kazetari, politikaren arloan.

Telebista katearen lehen emisioa 1982. urteko Gabon zahar gauean izan zen; Garaikoetxea lehendakariaren mezua helarazi zuten, hain zuzen ere. "Telebista autogobernuaren hirugarren zutarria zela esaten zen lehen", dio Erkiziak. Hastapen haietan, zailtasun tekniko nahiz politiko ugari bizi izan zituzten, Espainiako Gobernuak egitasmoa aurrera ateratzeko askotariko trabak jarri zituelako. Erkizia kazetari lanetan hasi zenean, eguerdietan gazteleraz eta iluntzeetan euskaraz izaten ziren albistegiak. Iurretan (Bizkaia) kokatzen zen ETBren erredakzioa orduan, eta guztira, lau-bost lagunek egiten zuten lan han. Erkiziak dioenez, lehen urte haietan asko hitz egiten zen Euskal Telebistak "inoiz" izan behar ez zuenaz: dimentsioa kontuan hartuta, ez zuten nahi TVEren modukoa izatea. "ETB elefante bat bihurtu da, eta orain zaila da hori mugitzea", aitortu du.

Azpeitiarrak Leioan (Bizkaia) egin zituen kazetaritza ikasketak; bost urtekoa zen gradua garai hartan. "Uste dut euskaraz gai batzuk landu genituen lehenengoak izan ginela, eta hirugarren maila bukatzerako, lanean hasi nintzen, garai hartan ez baitzegoen euskaraz zekien jende asko", esan du Erkiziak. Euskaraz hitz egiten zekien jendea bai, baina ikasle gehienak gazteleraz hitz egitera ohituta zeudela azaldu du, eta beraz, euskaraz hitz egiten zuen jendea behar zela albistegietarako. Kazetaritza "bokazioz" egin zuela nabarmendu du Erkiziak: "Garai hartan arraroa zen hori, jendeak zerbait egin behar zelako ikasten zuen kazetaritza". Gradua jende askok amaitu arren, horretan jende gutxik egiten zuela lan aipatu du. "Lagun asko ginen karreran, baina euskarazko adarrean gai batzuk lantzen genituenak hogei bat-edo bakarrik".

ETB2, berriz, 1986an sortu zen, "sekretupean", Erkiziaren arabera. "Guk ere sorpresaz hartu genuen. Gaiaz hitz egiten zuten, baina proiektua martxan zegoenik ez genekien. Momentuko zuzendariak deitu zigun ETB2 sortu zutela eta hurrengo egunetik aurrera lan bikoitza egin beharko genuela esanez: 20:00etan euskarazko albistegia, Gaur Egun, eta 21:00etan, gaztelerazkoa, Teleberri. Langile berberek egiten zituzten bi saioak. ETB2 sortu zenean Ardantza zen lehendakaria, eta hura ere gaztelerazko katea sortzearen kontra egon zela pentsatu izan dela jakinarazi du Erkiziak. "Aurkari asko izan zituen ETB2k sorreran. Momentuko abertzale mugimenduak ere ez zuen oso ondo ikusi gaztelerazko kate bat sortzea: GAL aurka zegoen, TVEk ere izugarrizko oztopoak jarri zituen eta Espainiako Gobernuak Guardia Zibila bidali zuen telebista katea ixtera".

Erkizia, lantokian. (Utzitakoa)

Hasierako sentipenak

Erkiziari asko gustatu zitzaion hasiera hartan lankideen artean izan zen motibazioa: "Familia bat ginen, jende gutxik osatzen genuen-eta taldea. Esaterako, albistegietan bost bat pertsona-edo izango ginen lanean". Garai hartan, gauza asko gertatu ziren: ETA indar betean zegon, GAL ere orduan sortu zuten, eta otsailaren 23ko estatu kolpearen ondoren, PSOEk eta UCD-k deszentralizazioari buelta eman eta zentralizaziora bueltatzeko Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa jarri zuten indarrean. "Modu ilegalean egin zen, konstituzioaren kontrakoa zen. Lege organiko berri hark lege autonomikoari indarra kentzen zion. Antikonstituzionala izan zenez, atzera bota zuten".

"Denetik apur bat" egitea tokatu zitzaion Erkiziari. Durangon hasi zen lanean –gero Iurreta bihurtu zen–, baina EITB Bilbora pasatu zenean, akordio bat egin eta Donostiako Miramonen hasi zen lanean. "Presio gehien izan nuen unea, garairik gogorrena, EAJren zatiketa gertatu zenean izan zen; liskar asko izan ziren garai hartan. Ordutik 38 urte pasatu dira, eta urte haietan pasatutakoak eragin egin dio albistegiari; hori antzeman egiten da. Izan ere, aldaketa asko izan dira. Erakunde asko, herria, bulegoak zatitu zituen, eta gerra moduko bat sortu zen. ETB bera ere bereiztu egin zuen. Goi karguetan zeudenek ere, alde batera edo bestera jo zuten, eta horrek presioa eta zatiketa sortu zituen lankideen artean. Gainera, mehatxuak izan ziren, ETAk eskutitzak ere bidali zituen erredakziora".

Eboluzioa

Hasierako helburuak bete diren edo ez galdetuta, Erkiziak zalantzan jartzen du ETBk euskara normalizatzeko tresna gisa bere fruituak eman al dituen. "Une hauetan El Conquistador del Fin del Mundo saioa da ETBren bandera. Zalaparta handia sortzen du saio horrek, eta gazteleraz da". Era berean, herritarrek EITBren sorreran zituzten aurreikuspenak bete al diren edo ez zalantza egiten du Erkiziak: "Herritarrek esan behar dute 40 urte hauetako eboluzioa nolakoa izan den. Egin beharreko galdera honako hau da nire ustez: 'Berriz sortu beharko bagenu, orain arte egin duguna egingo al genuke berriz ere?'. Nik uste dut inork gutxik esango lukeela baietz", kontatu du. Gaur egun bestelako zerbait sortu beharko litzatekeela uste du: "Egungo telebista baino merkeagoa behar luke izan, baina orain duguna kentzea garestia litzateke".

Lan egiteko moduari dagokionez, sasoi hartan informazioa biltzea "lan handia" izaten zela oroitzen du, eta zuzenekoak egitea ere bai. "Berriemaileak, Madrildik zintak bidaltzeko, aireportura joan behar izaten zuen, eta bidaiatu behar zuen edozein pertsonarekin hitz egin eta zinta Bilbora eramateko eskatzen zion, mesede gisa. Bilboko aireportuan taxi gidari bat egoten zen zinta hura jasotzeko zain". Kronika bat prestatzeko, adibidez, hogeita lau ordu behar izaten zituzten. "Gaur egun errazagoa da dena. Tresnak eta baliabideak aldatu egin dira; orain, adibidez, Txinatik kronika bat jaso nahi bada, nahikoa da ordu erdi lehenago konexioa egitea", aitortu du Erkiziak. "Hori egiteko, diru askoren truke satelite bat alokatu behar izaten zen lehen, bost edo hamar minutuko tarterako. Orain guztia erraztu du teknologiak, eta komunikabide txikiek handiekin lehiatzea posible dute gaur egun; ez komunikabideek bakarrik, baita youtuberrek ere".

(Utzitakoa)

Gaur egungo sentipenak

Erkiziaren ustez, zaila da 38 urtez erlojuaren kontra lanean jardun eta gero motibazioari eta ilusioari eustea. 59 urte ditu azpeitiarrak, eta lankideak adin horrekin aurrejubilatu baziren ere, orain "baldintzak gogortu" egin dituztela dio; ez dago ziur noiz izango duen erretiratzeko aukera. "Uste dut 63-64 urterekin izango dudala horretarako aukera".

Telebistaren eraginkortasunaz galdetuta, argi dio telebista ez dela "kazetaritza ona, sakona eta analizatzailea" egiteko euskarririk onena: "Lasterketa bat da, denbora oso finkatuta dago eta ez dago ezertarako astirik". Gaur egun kalitatezko kazetaritza egitea "luxua" dela dio, eta jende gutxik egin dezakeela. Haren arabera, gutxi horiek "sakrifizio pertsonalari esker" lortzen dute kalitatea. "Komunikabideak enpresak dira, eta enpresek produktibitatea behar dute; minutu bakoitzak dauka balioa. Kontua da ordu askoko lana minutu batera murrizten dela komunikabideetan". Gainera, hedabide bat hainbeste urtez mantentzeko, Erkiziak uste du "ia ezinezkoa" dela "kalitatezko kazetaritzari" eustea. "Azkenean, albistegia kazetari batek sinatzen du, baina horren atzean langile asko daude".

Erkiziak ez du sare sozialik; hautu pertsonala egin du sare sozialik ez izateko. Sareetan dabiltzan albisteak, garrantzitsuak badira behintzat, beste bide batzuetatik iristen zaizkiola esan du. Mariano Ferrer kazetari zenak hala zioen: "Hark esaten zuen politikaren bueltan dabilen kazetariak ihes egin behar duela politikariengandik, ez duela zuzeneko erlaziorik izan behar haiekin. Bat nator; behatzea da informazio egokia jasotzeko modurik onena". Halaber, esperientzia ere beharrezkoa dela uste du, adierazpenak eta politikarien jarduna ulertzeko: "Hasieran barruan eta hurbil egoten saiatzen nintzen, baina esperientziaren ondorioz, ikusi dut Ferrerrek arrazoia zuela".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide