Klik!

Lasterketak, moto gainetik

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 24a, 08:30

Gaztetatik datorkio motoekiko eta ibilgailuekiko zaletasuna Eduardo Aranari (Azpeitia, 1965). Urteak daramatza txirrindularitza probetako parte hartzaileen segurtasuna zaintzen nahiz kazetariak eta argazkilariak moto gainean eramaten. Afizioak eman dizkion askotariko esperientziak elkarbanatu ditu 2022ko abuztuko Uztarria aldizkariaren Klik! aegazki-erreportajearen atalean.

Zaletasunaren hastapenak

Aranari haurra zela piztu zitzaion ibilgailuekiko zaletasuna: "Osabaren moto gainean jarri ninduten 4 urte nituela. Esango nuke orduan hasi zitzaidala ibilgailuen mundua gustatzen. 20 urterekin motoko gidabaimena atera nuen, eta orduz geroztik ez naiz gelditu". Ordurako, Mekanika ikasketak amaituta zituen, eta autoen, motoen nahiz bizikleten konponketa lanak egiten hasia zen. Era berean, lau urte eta erdiz Automozioko maisu izan zen Elgoibarren. "Esperientzia horiei guztiei esker jakintza lortu nuen", adierazi du azpeitiarrak.

Motoa eta txirrindularitza, "kasualitatez" elkartuta

Ikasketak amaitu eta maisu aritu ostean, zenbait auto lasterketatan parte hartu zuen Aranak. Dena den, Bicicleta Eibarresa proban bizi izan zuen laguntzaile gisa moto gaineko lehen esperientzia. "12 urtetatik ibiltzen nintzen bizikletan. Azpeitia eta Eibar inguruan txirrindularitza lasterketa ugari antolatzen zituzten, eta hango kideei laguntzera joaten ginen sarritan. Egun batean, ezustekoak tarteko, argazkilari bat motoan eramateko eskatu zidaten. Orduan hasi nintzen lasterketak barrutik ezagutzen eta bizitzen".

Arritxu Iribar, ondoan

Azken urteetan, Arritxu Iribar Euskadi Irratiko esatariari Euskal Herriko Itzulian nahiz Donostiako Klasikoan laguntzen jardun izan du Aranak. Iribarrek lasterketen zuzeneko kontakizuna egiten du, eta hori ahalik eta ondoen egin dezan laguntzen dio Azpeitiko motozaleak. "Normalean, pelotoiaren aurretik egoten gara, 100-200 metrora, zer gertatzen den ikusteko moduan, baina trabarik egin gabe. Motozalearen ardura da kazetariari ikuspegi egokia ematea eta hura bitxikeriak jazotzen diren lekuetara gerturatzea".

Poltsiko bete abentura

Aranak 30 urtetik gora daramatza txirrindularitza lasterketak moto gainetik bizitzen. Denetarik egin du: lotura lanak, biribilguneak kontrolatu, bidegurutzeak zaindu edo kazetari zein argazkilariekin ibili. Euskal Herriko Itzulian, Euskal Bizikletan eta Donostiako Klasikoan ez ezik, hainbat herritako kadeteen, jubenilen edo 23 urtez azpikoen lasterketetan lagundu izan du. Eginbehar horretan daramatzan urteetan milaka esperientzia bizi izan dituela eta jende ugari ezagutu duela dio motozaleak. "Antolatzaileak, boluntarioak, zaleak... Jende oso ona ezagutu dut, eta milaka anekdota ditut: ogitartekoak eskaini izan dizkigute bide ertzetik, baita kafea eta kopa ere!", kontatu du barrez. Argazkian, Arana Perico Delgado txirrindulari ohiarekin.

Taldea, askotariko lanetarako prest

Argazkilariak, telebistako teknikariak edo kameralariak nahiz kazetariak eraman izan ditu Aranak bere motoan. Hark dio lasterketetan lan egiten duten askotariko profesionalak eraman izan dituela noiz edo noiz atzean; izan ere, argazkilari eta kazetariak ez ezik, lasterketaren kontu teknikoez eta segurtasunaz arduratzen diren kideak ere eraman izan ditu, hala nola erregulatzaileak edo epaileak.

Itzulia, Euskadi Irratiarekin

Euskal Herriko Itzulia nola bizi duen galdetuta, proba hori jokatzen den egunak berarentzat nahiz lantalde osoarentzat "bereziak" izan ohi direla esan du. Dena den, azpeitiarrak ez dio eguneroko lanari uko egiten: "Motoa hartu eta 06:00etarako lanean izaten naiz. Lantegitik atera eta zuzenean joaten naiz etaparen irteera puntura. Aurrez, etxean ikasten ditut bideak, bihurguneak... Dena prestatzen dut, egunean bertan lana ondo egin ahal izateko".

Gustuko lekuan...

Azpeitiko gidariak ordu asko igarotzen ditu lasterketen bueltan. Daukan zaletasuna etxean ulertzen eta errespetatzen dutela kontatu du, eta hori "eskertzekoa" dela gaineratu. Aranak, oraindik orain, afizioarekin jarraitzeko asmoa du, "gorputzak uzten duen artean, behintzat". Izan ere, lasterketetan "gozatu" egiten duela aitortu du: "Gustuko lekuan, aldaparik ez".

 

(Argazkiak: Utzitakoak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide