Asier Etxaniz: "Berotasun handia sentitu nuen Azpeitiko zezenketan"

Julene Frantzesena 2022ko abu. 21a, 11:06

Asier Etxaniz 'Kinttela' Azpeitiko zezenketan. (Juan Mari Ibarzabal)

Zezenketetan banderillero lanetan aritzen da Asier Etxaniz (Azpeitia, 1987), eta Azpeitiko plazan debuta egin zuen joan zen abuztuaren 1ean, Daniel Luque toreatzailearekin. Zezenketa ugaritan ari da parte hartzen aurten, batez ere Frantzian. Hobetzeko helburuz lanean jarraitzea du xede.

Duela bi urte Uztarriak egindako elkarrizketan Azpeitiko zezen plazan aritzeak ilusio berezia egingo lizukeela esan zenuen. Saninazioetan egin duzu debuta han. Zer moduz?

Gustura oso. Ez zuen ematen egun hori iritsiko zenik, baina heldu zen, eta espero dut beste saio askotako lehenengoa izango zela. Beti nahi izaten dugu gauzak hobeto egitea eta geure buruarekin gustura gelditzea; hori eguneroko borroka da guretzat, hobetzea nahi izaten dugulako. Azpeitiko zezenketan jendea nirekin zegoen, eta berotasun handia sentitu nuen. Jende asko joan zen, giro polita sortu zen, eta oso eskertuta nago laguntza horregatik. Dena den, presioa ere sentitu nuen.

Txalo zaparrada ederrak jaso zenituen. Gustura gelditu al zinen egindako lanarekin?

Bai, beti gehiago eta hobeto nahi izaten dugu, baina tira... Finean zezenak bere baldintzak jartzen ditu zezenketan, eta dagoenarekin ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara. Badakit egin nuena baino lan hobea egin dezakedala, baina egun hartan hala atera zen. Txalo zaparrada ederrak jo zizkidaten, eta jende askok zoriondu nau. Eskerrak eman nahi dizkiet zezen plazan ziren denei eta bidean lagundu didatenei.

Diego Carreterorekin aritu zinen. Lehen mailako toreatzaile batekin aritzea zen zure ametsa, ezta?

Ez dakit ametsa al zen... Bizitzeko era bat da. Elitera iristea denok nahi dugu; denok nahi dugu feria onenetan aritu, kartelik onenean sartu, zezenketa onenak egin, toreatzaile onenekin jardun... Ni ja maila denetan aritzen naiz, eta dei guztiekin sentitzen naiz gustura eta eskertuta; maila batekoa edo bestekoa izan toreatzailea, dudan onena ematen dut, eta ez zait hainbeste axola nor den deitu didana. Egunen batean elitekoren batek deitzea eta bere kuadrillan finko eramatea oso-oso polita litzateke, baina pixkanaka-pixkanaka, banoa aurrera. Iritsiko dira aukerak iritsi behar baldin badute. Orain ere gustura nago.

Euskal Herrian egin zenuen lehen zezenketa izan zen, ezta?

Bai, Euskal Herriko lehen zezenketa izan zen Azpeitikoa niretzat; hau da, lau urtetik gorako zezenekin aritu nintzen aurreneko aldia izan zen. Nobilladetan aritutakoa naiz Zestoan eta Deban, adibidez, eta Ipar Euskal Herrian pila bat toreatzen dut. Frantzian bai, han aurretik ere aritutakoa nintzen zezenketetan.

Besterik ba al duzu aurreikusita?

Egia esan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago zezenketa aukera handirik Azpeitia, Donostia eta Bilbo kenduta. Nafarroan badut hitzordu bat, baita Arganda del Reyn [Espainia] ere. Data ugari falta dira oraindik zehazteko.

Asier Etxaniz abuztuaren 1ean Azpeitiko zezen plazara sartzen.

Frantzian aritzen zara batez ere. Zer moduz?

Batez ere, Frantzian aritzen naiz, bai. Neure tokia egin dut han, ezagutzen naute ja pixka bat, eta dei asko jasotzen ditut handik. Gustura aritzen naiz han, beste toki denetan bezalaxe, eta gertutasuna ere aipatuko nuke; hori bai, Frantziako plaza batzuetan exijentzia maila handiagoa da.

Zer dute berezia hango zezenketek?

Jendeak exijentzia puntu pixka bat handiagoa du eta seriotasuna ere bai. Dena den, aukera handia dago han, eta plaza guztiak ez dira berdinak. Iruñeako, Madrilgo eta Sevillako zezen plazak ere ez dira berdinak, adibidez.

Udan batera eta bestera zabiltza zezenketaz zezenketa. Nekerik ez al duzu sumatzen?

Bai, bai, nabaritzen da nekea. Lo ordu gutxi eginda, kilometroak errepidean, etxera itzuli eta dena garbitu behar izaten dugu, hurrengo egunerako berriro prestatu... Izan ere, toreatzaile batzuek izaten dute, baina guk ez dugu izaten gauzak garbituko dizkigun inor. Azpeitiko zezenketaren egunean 06:00etan iritsi nintzen herrira, eta 11:00etarako zezen plazan nengoen. Nekea gainditzeko fisikoa asko lantzen dugu urte osoan; Efik zentroan aritzen naiz prestatzen. Jendeak pentsatzen du zezen plazako lana eta listo dela, baina ez da horrela: lehen mailako edozein kirolarik bezala prestatu behar izaten dugu, egun zailak ere izaten direlako.

Asier Etxaniz Kinttela zara Azpeitian. Asier Campos, baina, zezen munduan. Zergatik?

Txikitatik esan izan digute anaiak aitaren antza duela –fisikoki eta izaeraz– eta nik amarena. Anaia aitaren abizenarekin hasi zen zezenketen munduan, eta niri amarenarekin aritzea otu zitzaidan.

Datozen denboraldietara begira, zer asmo dituzu?

Hobetzea nahi dut, eskailerak igotzen jarraitzea, hobea izaten saiatzeko. Etorriko da etorri behar duena, eta lana egiten ari naizen bezala, iritsiko dira emaitzak. Ja maila altuan ari naiz, zezenketetan ere aritzen naiz, eta hortxe segitzea nahi dut. Aurtengo sasoia oso ondo doa, hogei bat zezenketatan aritu naiz, eta guztira 30-35 izango direla pentsatzen dut; zenbaki oso onak dira, pandemiaren ostean ez genekielako zer-nola itzuliko ziren zezenketak. Ea zer ekartzen duen hurrengo denboraldiak.

Helburu zehatzik bai?

Ez. Nire buruarekin daukat borrokarik handiena. Nik badakit nola nahi dudan egin lana, eta horregatik egiten dut hainbeste lan urte guztian zehar. Beti pentsatzen dut lana ondo eginez gero beste guztia etorriko dela. Hala ere, beste baldintzek ere badute eragina; besteak beste, zortea ere hor dago. Oso pertsona exijentea naiz, batzuetan gehiegi agian, eta maila oneko puntu horretara iristea nahiko nuke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide