V. Euskal Pentatloi Sariko bigarren kanporaketa jokatuko dute irailaren 3an Azpeitiko zezen plazan

Nerea Uranga 2022ko abu. 23a, 08:30

IV. Euskal Pentatloiaren finala iazko irailaren 25ean Azpeitiko zezen plazan. (Argazkia: Anartz Izagirre)

Herri kirol saioan hamabi kirolarik parte hartuko dute. 18:00etan hasiko dute proba, eta dagoeneko sarrerak salgai jarri dituzte Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako Kantabrikon.

Irailaren 3an Gizonezkoen V. Euskal Pentatloia Saria txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko dute Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita. Herri kirol saioan hamabi kirolarik parte hartuko dute. Honakoak ariko dira nor baino nor lehian: Iñaki Errazkin (Tolosa, Gipuzkoa), Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa), Julen Gabirondo (Urnieta, Gipuzkoa), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa), Ioritz Gisasola Zelai IV.a (Mallabia, Bizkaia), Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia), Julen Kañamares (Arostegi, Nafarroa), Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (Aia, Gipuzkoa), Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia), Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia, Bizkaia), Jokin Urretabizkaia (Donostia) eta Beñat Amade (Getxo, Bizkaia).

Pentatloiko bost kirol diziplinetan ahalik eta azkarren egin beharreko lanak honako hauek izango dituzte: aurrena, harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta segidan, plaza bat egin beharko dute giza proban. Hirugarren proba, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebakitzea izango dute, eta aizkorako lana bukatu ondoren, hiru plaza egin beharko dituzte txingekin. Bukatzeko, lasterka kilometro bat osatzea izango da kirolarien lana.

Gizonezkoen V. Euskal Pentatloia Sariko lehen kanporaketa maiatzean jokatu zuten Tolosan (Gipuzkoa), eta Zaldua, Zelai V.a, Urretabizkaia eta Atutxa izan ziren Azpeitian jokatuko den bigarren kanporaketa jokatzeko txartela lortu zutenak.

Irailaren 3an, zapatua, Azpeitiko zezen plazan jokatuko den pentatloi saiorako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte, 20 eurotan. Azpeitian Mendizabal erretegian eskuratu daitezke eta Tolosan Kantabriko tabernan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide