Unai Urbizu: "Helduetan emakumeen bi talde izatea oso inportantea da"

Nerea Uranga 2022ko abu. 26a, 08:30

Unai Urbizu Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiaren entrenatzailea eta nesken futbolaren koordinatzailea. (Argazkia: Nerea Uranga)

Lagun Onaken emakumeen futboleko harrobia hazten ari da, eta aurten bederatzi talde osatuko dituzte. Helduetan bi talde izango ditu denboraldi berrian futbol klubak. Hori guztia, nesken talde nagusiko kideen, jokalarien eta klubaren urteetako lanaren fruitua da Unai Urbizuren ustez. Urbizu emakumeen Ohorezko Erregional mailako Lagun Onak taldearen entrenatzailea eta futbol klubeko nesken koordinatzailea da.

Lagun Onakeko emakumeen Ohorezko Erregionalen mailako taldearen entrenatzailea eta futbol klubeko nesken koordinatzailea da Unai Urbizu (Azpeitia, 1991). Hirugarren denboraldia du nesken talde nagusia entrenatzen eta bigarrena koordinatzaile gisa. Gustura dago Urbizu, aurten Lagun Onakek emakumeen bi talde nagusi izango dituelako, eta guztira, nesken bederatzi talde osatuko dituztelako. Eskarmentu faltarik ez du azpeitiarrak futboleko hezitzaile eta prestatzaile gisa. Hamazazpi urte daramatza horretan; besteak beste, Ikasberri kirol elkartean, Eibarren eta Lagun Onaken aritu da futbol entrenatzaile.

Zer-nolako garrantzia dauka emakumeen futbola beheko taldeetatik edota teknifikazio eskolatik lantzeak?

Ikaragarrizko garrantzia dauka. Horregatik, aurten, bigarren taldea osatu dugu. Futbolean nesken jubenilen ligarik ez dago, eta hor eten bat gertatzen da. Hau da: kadeteak hiru urte izaten dira, eta 17 urtetik gora maila handia ez badute edota erritmoz jarrita ez badaude, oso goian gelditzen zaie lehenengo taldea. Gure helburua da lehenengo taldea lehiakorra egitea, eta era berean, futbolean jokatu nahi duten neskei bigarren taldean jokatzeko aukera eskaintzea.

Futbolean jokatzen segitzeko aukera ematea da klubaren asmoa, ezta?

Bai, hori da. Mutilen jubenilen maila badago, eta 19 urtera arte jarrai dezakete mutilek futbolean, baina nesketan bestelakoa da kontua, 17 urterekin zuzenean helduen mailara pasatu beharra izaten dutelako. Nesken lehenengo taldean, ordea, konpetentzia handia dago, eta zaila izaten da jokatzeko aukera hori izatea. Emakumeen bigarren taldeak maila bat beherago jokatuko du, Erregional Preferente mailan, eta klubak nahi duena da jokalari gazteekin osatzea hori.

Orain, orduan, taldea osatzeko lanean ari zarete.

Bai, aurten lehenengo urtea izango delako bi talderekin, baina kadeteetan jende asko daukagu datorren urtean goragoko mailara igoko dena. Horiek prest daude gora edo behera ibiltzeko, eta denak kontuan hartuta osatuko ditugu Ohorezko Erregional mailako, Erregionala Bko eta kadeteetako taldea.

Beraz, beheko taldeetatik badatoz futbolariak.

Bai, gero eta futbolari gehiago dator, eta horregatik da oso inportantea nagusietan bi talde izatea; futbol eskolatik hasita, futbolari asko dator. Aurten, bederatzi talde osatuko ditugu; nik uste dut aurrenengo urtea izango dela nesken bederatzi talde izango dituena Lagun Onakek. Poztekoa da hori. Lehen taldeko jokalariek lan asko egin dute, eta harro egon behar dute atzetik datorren guzti horrekin. Hau ez baita azken bi-hiru urteetako lanaren ondorioa bakarrik, urte askotan egindakoaren emaitza da. Oraindik, ordea, asko dago egiteko.

Astelehenean hasi zuen lehenengo taldeak denboraldiaurrekoa. Noiz hasiko du bigarrenak?

Bigarren taldeko jokalari zaharrenetako batzuk edota lehen taldearen dinamikan sartzeko moduan izango direnak lehen taldearekin hasi dira entrenatzen; gazteagoak direnak, berriz, datorren astean hasiko dira. Lehen taldea nik eta Eguzkine Peñak entrenatuko dugu, eta bigarren taldea Alex Alberdik, aurreko denboraldian mutilen bigarren taldeko bigarren entrenatzailea izan zenak.

Bi taldeen entrenatzaileon arteko koordinazioa garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, garrantzitsua izango da lehen bi taldekoon eta kadeteetako taldearen entrenatzailearen elkarlana. Hiru futbol taldeen artean eskailera bat sortu beharko dugu, eta denok helburu berarekin lanean ari garenez, ez dut uste horretarako arazorik izango dugunik.

Zein da helburu hori?

Ahalik eta neska gehienek futbolean jokatzea, lehenengo taldea lehiakorra egitea eta, inork futbolean jokatzeko arazorik izan ez dezan, harrobia sortzea dira klubaren helburuak.

Lagun Onaken Ohorezko Erregional mailako emakumeen taldeak zer aldaketa ditu denboraldi berrian?

Taldeko bi jokalari beteranok utzi egin dute futbola, Eguzkine Peñak eta Izaro Zinkunegik, eta hori nabarmentzekoa da. Hala ere, Peñak nirekin jardungo du taldea entrenatzen. Bestalde, Eider Odriozola atezaina kanpora joango da unibertsitatera ikastera, eta June Zubiaurrek beste kontu batzungatik ere taldea utzi du. Horiek izango dira taldeak aurten izango dituen bajak.

Eta zein dira taldekide berriak?

Ane Errazuk jarraitzea erabaki du, eta guretzako oso berri ona da hori, gaztea delako eta gogo handiarekin dagoelako. Joane Korta azpeitiarra, berriz, Lagun Onakera itzuliko da; aurreko urtean Oiartzunen jokatu zuen, eta gurera itzuliko da. Kortaren taldekide izandako Ane Mantxola ere Lagun Onaken ariko da. Horiez gainera, jokoan maila eta lehiakorrak direla erakusten duten beheko taldeko jokalariei ere aukera emango zaie talde nagusian jokatzeko. Eta beste berriren bat ere gehitu daiteke taldera, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu.

Zenbat jokalariko taldea izango da?

Hamasei fitxa egin ditugu. Talde motza egin dugu, bigarren taldera jo ahal izateko eta bigarren taldeko hainbat jokalari lehen taldearen dinamikan ariko direlako.

Denboraldirako zein helburu izango du Ohorezko Erregionalen taldeak?

Lagun Onakeko emakumeen talde nagusia entrenatzen hasi nintzen lehen urtean denboraldi polita egin genuen, eta ia mailaz igo ginen. Aurreko sasoian ez ginen halako ondo ibili, eta sailkapen orokorrean erdi-erdian ibili ginen. Denboraldi berrian, gutxienez, goian ibiltzea nahi dugu. Nahiz eta liga oso-oso gogorra aurreikusten dugun, behetik Reala eta Antiguoko etorriko baitira gure mailara. Futbol talde handiak beheko taldeak sortzen ari dira, eta horiek Gipuzkoa osoko jokalariak aukeratzeko aukera izaten dute, eta talde oso fuerteak daude. Gure helburua ligan lehiakor aritzea izango da, eta gero ea zer irteten duen. Nesken futbola hazten ari da, klubak talde gehiago sortzen ari dira, eta klub handiek beren taldeek gora egitea nahi dute. Dena den, gu borrokarako prest gaude eta ea aurrera egiten dugun. Gu eta jokalariak ilusioarekin ikusten ditut, eta horrela lehiatuko gara ligan.

Irailaren 17-18ko asteburuan hasiko duzue liga.

Bai, eta etxean hasiko dugu liga Errenteriako Touringen kontra. Aurretik, ordea, denboraldiaurreko pi partida jokatuko ditugu: irailaren 3an Gasteizen Aranbizkarraren kontra, eta irailaren 10ean etxean Arizmendiren aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide