Euskararen plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesua jarri du abian udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 15a, 08:47

Euskara Plana egiteko parte hartze prozesuaren aurkezpenean parte hartu zutenek taldeko argazkia atera zuten Basazabalen. (Mailo Oiarzabal)

Norbanakoen iritziak eta ekarpenak zein arlo ezberdinetako eragileenak jasoko ditu erakundeak, inkesta bidez eta talde dinamikan garatzeko sei lan saiotan. Lortutako informazio guztia "jaso, txukundu eta aurrera begirako plan bat osatzea" izango da udalaren egitekoa. Aurretik, irailaren 20an, Soziolinguistika Klusterrak egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztuko dituzte jendaurrean.

"Euskara sustatzeko behar bezalako plangintza bat" egitera doa Azpeitiko Udala, erakundearen Azpeitia 2030 plan estrategikoan jasota dagoena garatuz, eta parte hartze prozesu berri bat jarri du martxan horretarako. Herritarren iritzia jaso nahi du udalak, Azpeitian gaur egun euskarak bizi duen egoera aztertzeko, indarguneak eta hobetu beharrekoak identifikatzeko eta, horiek kontuan hartuta, aurrera begira hizkuntza sustatzeko zer pauso eman zehazteko.

Helburu horiek betetzeko, herritarren eta herriko eragileen partaidetza eta ekarpenak "ezinbestekoak" izango direla nabarmendu zuen atzo Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak Basazabal jauregian. Han aurkeztu zuen Euskara Plana osatzeko egingo duten parte hartze prozesua, prozesu horretan parte hartuko duten hainbat arlotako herriko eragileen ordezkarien aurrean. "Benetan eskerrak eman nahi dizkizuet herriko entitate eta eragileetako kideei, baita norbanakoei ere. Beti esaten dugu euskara zeharkako gai bat dela, ertz guztiak ukitzen dituena. Gaur zuek hemen egoteak hori erakusten du, eta aurkeztera goazen parte hartze prozesu honekin horixe lortu nahi dugu: datozen urteetan euskara sustatzeko zer bide hartu, zer erronkari heldu, denon artean adostea", esan zien Albizuk Basazabalen elkartutakoei.

Azpeitiak herri oso euskalduna eta hizkuntzaren arnasguneetako bat izaten jarraitu arren, hizkuntzaren erabilerari dagokionez ere aldaketen mende dagoela gogorarazi zuen Euskara batzordeburuak: "Azpeitia ez da isolatutako irla bat, ez dago arriskuetatik salbu, eta azkenaldian zeuen ahoetatik entzunda eta inguruan begiratuta ikusi dugu gure herrian ere ari direla gauzak aldatzen. Finean, bizimodua aldatzen ari da, harremantzeko moduak aldatzen ari dira. Teknologia berriak, lana... Dena ari da aldatzen eta horrek, nola ez, hizkuntzan ere eragina du". Euskara aldaketa horietara galerarik gabe egokitzeko tresnak eskaintzea izango da, hain justu, Azpeitiko euskararen plan estrategikoaren helburu nagusietako bat.

Etxez etxe eta arloz arlo

Parte hartze prozesuaren informazioarekin eta inkesta batekin eskuorria jasoko dute egunotan azpeitiarrek beren etxeetan. Galdetegia eskuorrian bertan bete eta udaletxean, euskaltegian, liburutegian, igerilekuan edo udalak herritarrentzat jarritako buzoietan (anbulatorio aurrean edo epaitegi atzean) utz dezakete herritarrek. Bestela, nahiago dutenek galdetegi bera online erantzuteko aukera ere izango dute, etxean jasoko duten eskuorriaren QR kodea erabilita edo labur.eus/azpeitiaeus helbidean sartuta.

Etxez etxe banatuko duten galdetegiarekin ez ezik, arloz arloko talde dinamikan garatzeko sei lan saiotan ere jasoko ditu udalak herritarren iritziak eta ekarpenak. Saio horietan parte hartzeko gonbita jaso dute hainbat arlotako eragileek, tartean atzo Basazabalen elkartutakoek, baina saio irekiak izango dira guztiak, eta herritar orok izango du parte hartzeko aukera, bakoitzaren interesen eta nahien arabera.

Emun aholkularitzak dinamizatu eta gidatuko ditu arloz arloko lan saio horiek. Urrian egingo dituzte guztiak, Basazabal jauregian eta ordutegi berarekin, 18:30etik 20:00etara. Emuneko Mikeldi Zeberiok azaldu zien atzo Basazabalen elkartutakoei nolakoak izango diren arloz arloko parte hartze saioak. Seiretan "planteamendua igualtsua" izango da, Zeberiok kontatu zuzenez. Hiru zatitan banatuko dituzte saioak: "Aurrenekoan, Azpeitiko euskararen erabilerari buruzko datu orokorrak landuko ditugu; saio bakoitzean, saiatuko gara dagokion arloari lotutakoak bereziki aztertzen. Ondoren, taldeetan banatuta, orain arte euskararen inguruan herrian egindakoetatik aurrera begira ere mantentzea interesgarria izan daitekeena zein hobetu beharrekoak zerrendatuko ditugu. Horiek identifikatuta, azken ariketa egiten saiatuko gara, aurrera begirako lan ildo nagusiak zehazten ahaleginduz".

Hau da arloz arloko ekarpenak jasotzeko udalak prestatu duen lan saioen egutegia:

  • Urriaren 4a. Hezkuntza eta familia.
  • Urriaren 5a. Aisialdia, kirola eta jaiak.
  • Urriaren 18a. Kultura eta sormena.
  • Urriaren 19a. Bizilagun berriak.
  • Urriaren 25a. Lan mundua, zerbitzu publikoak eta turismoa.
  • Urriaren 26a. Euskalgintza.

Eragileetako kideen "ikuspegia jakiteko", euskararen inguruan egoera nola ikusten duten jasotzeko eta bakoitzaren lehentasunak ezagutzeko baliogarriak izango dira arloz arloko talde dinamikak, Albizuren esanetan.

Aurretik, irailaren 20an, Euskara Plana osatzeko parte hartze prozesuaren nolabaiteko abiapuntu gisa, Soziolinguistika Klusterrak egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztuko dituzte jendaurrean. Saio ireki hori ere Basazabalen izango da, 18:30ean.

Euskara Mahaia, bigarren faserako

Parte hartze prozesua osatutakoan, lortutako informazio guztia "jaso, txukundu eta aurrera begirako plan bat osatzea" izango da udalaren egitekoa.

"Bigarren fase batean" Euskara Mahai berri bat osatzeko asmoa dutela aurreratu zuen atzo Albizuk, mahai horrek "plana onesteko eta jarraipena egiteko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide