Ekindar kooperatibak sustatutako eguzki plaken instalaziorako proiektua exekuzio fasean sartu da, Azpeitiko Udalak atzo udalbatzarrean proiektuaren Plan Berezia deritzona onartu ondoren. Tramitazio faseak luze jo du eta, gainera, ezusteko batekin itxi dute. Izan ere, EAJren udal taldeak ezezkoa eman zion atzo aipatutako Plan Bereziaren behin betiko onarpenari, eta EH Bilduren Udal Gobernuaren botoekin onartu zuten.
Amaia Etxeberria bozeramaileak "garbi utzi nahi" izan zuen bere taldeak "sinistu" duela eta "sinesten segitzen" duela Ekindarren eguzki energia baliatzeko proiektuan, baina eguzki plakentzat onartutako kokapenari baiezkoa ezin diotela eman esan zuen. "Posible balitz, kokapena aldatzea" eskatu du EAJren udal taldeak. Plan Bereziaren onarpenarekin bukatu den ezinbesteko prozedura administratiboan bi puntu aipatu zituen Etxeberriak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamenduaren kontrako txostena, eta horrekin lotuta, Azpeitiko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) eguzki plakak jarriko diren eremuaz jasota dagoena. Eguzki plakak jarriko dituzten Urrestillako lursailaren eremuak HAPOn kalifikazio berezia du, eta kalifikazio hori aldatzeko, "herri onura eta gizarte interesa aitortzen duen txostenaz gain, Aldundiaren Nekazaritza eta Landa Eremuko departamenduaren baieztapena behar duela" jasotzen du HAPOk berak. Beraz, Aldundiaren departamendu horren txostena aldekoa ez denez, lursailaren kalifikazio aldaketaren "legezkotasunarekin zalantza puntu bat egon daitekeela" esan zuen atzo Etxeberriak, bere taldearen ezezkoa argudiatzerakoan.
Zangotrabak, epeak eta txosten kontrajarriak
"Prozesu honek hainbat onarpen eskatzen ditu, baina lotesleak eta derrigorrezkoak dira, alde batetik, proiektua interes publikokoa dela dion deklarazioa, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen (EAELAB) nahitaezko txostena", azaldu zuen Nagore Alkorta alkateak oposizioaren ezezkoa eta horretarako argudioak entzun aurretik, gaia aurkezterakoan. EAJkoen azalpenak eta "espero ez" zuen ezezkoa entzun ondoren, hitzartze luzeari ekin zion Alkortak. Haserre hitz egin zuen Alkortak, eta ideia bera errepikatu zuen sarri: proiektuak "berme juridiko eta legezko guztiak betetzen" dituela.
Plan Bereziaren behin betiko onarpenera "kostatuta" eta "zangotraba askorekin" iritsi direla esanez hasi zen alkatea, eta luze jo duen tramitazio administratiboaren hainbat xehetasun eman zituen, aipatutako zangotrabak xehetuz eta Jabier Larrañaga diputatu azpeitiarraren jokabidea ezbaian jarriz. "Nekazaritzako kontrako txosten bat dagoela esan duzue, baina datu gehiago eskatzen ditu horrek", esan zuen, EAJren zinegotzie zuzenduta. Alkateak azaldu zuen 2021eko ekainaren 24an eman ziotela Plan Bereziari hasierako onarpena, dekretu bidez. Instalazio fotovoltaikoa jartzeko aukeratutako lursailak kalifikazio berezia duenez, urbanizagarria ez denez, osatu eta onartu behar izan dute Plan Berezia kalifikazio hori aldatzeko. EAELAB da horri argi berdea eman behar dion erakundea, eta batzorde horri aurkezteko txostena beste hainbat txostenekin osatu behar izan du udalak. Larrañaga buru duen Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamenduaren txostena da horietako bat. Baina "Nekazaritza departamenduak erantzuteko zegokion epearen barruan ez zuen erantzun", Alkortak azaldu zuenez. Txosten horren "zain" hilabete luzez egon zirela esan zuen atzo alkateak, eta azkenean, hori gabe bidali zuten espedientea EAELABera. Batzorde horrek Plan Bereziaren aldeko txostena eman zuen, Aldundiaren txostenaren hutsunea betetzeko eskatuz. "Txosten hori ez zen iristen. Eta sei bat hilabete beranduago, iritsi zaigu Jabier Larrañagak sinatutako txosten bat, zeinetan txosten beraren eranskin teknikoak dioenaren kontrakoa esaten duen, eranskin teknikoa planaren aldekoa delako. Eta Jabier Larrañagak sinatu zuen, politikoki, txosten teknikoaren kontra, zortzi hilabete beranduago. EAELABera deitu genuen berriro, txosten horren berri emateko, eta EAELABek esan zuen bere txostena loteslea zela; Nekazaritzako txostena behar dela jarri zutela, guk espedientea osatzeko behar genuelako".
EAJren udal taldekoek bestelako interpretazioa egiten dutela berretsi zuten, Aldundiarren Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamenduaren txostena aldekoa izan behar dela ulertuta. Udalbatzarrean publikoki emandako azalpen horiek "lehendik" eman zitzaizkiela erantzun zien Alkortak. "Kokotezurreraino nago momentu honetan hauetaz eztabaidatu beharraz. Bakarrik esango dut gure eskuetan izan ditugula beste arma batzuk erabaki batzuen kontra joateko, eta aukera eman zaiola dagokionari bere akatsa zuzentzeko", bota zuen, Larrañagari aipatu gabe erreferentzia eginez.