Maria Arandia: "Txisteratik egunaren giroa eta gertutasuna azpimarratuko nituzke"

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 30a, 09:52

Maria Arandia magoa.

Iaz Azpeitiko Txisteratik Egun Magikoan I. Gertuko Magia Txapelketaren saria irabazi zuen Arandiak. Bihar, zapatua, Soreasun antzokian egingo den magiaren galan parte hartuko du.

Iaz parte hartu zuen Maria Arandiak (Errenteria, Gipuzkoa, 2002) aurrenekoz Azpeitiko Txisteratik Egun Magikoan, eta saria eskuratuta itzuli zen etxera; izan ere, hark irabazi zuen I. Gertuko Magia Txapelketaren saria. Aurten, magia jaialdiaren seigarren edizioaren barruan, larunbateko magia-poteoan ez ezik, egitaraua borobilduko duen gala nagusian ere parte hartuko du Arandiak. Kalean herritarrekin aurrez aurre zein Soreasu antzokiko oholtzara igotzeko "oso gogotsu" dagoela aurreratu du.

Noiz eta nolatan hasi zinen magiaren munduan murgiltzen?
Txikia nintzela, amak magia ikuskizun batera eraman ninduen. Magoak oholtzara atera ninduen, eta ikaragarri gozatu nuen. Ondoren, 15 urte nituela, Interneten neure kasa magiaren munduaz informatzen hasi nintzen. Bitxia iruditu zitzaidanez, liburuak erosi nituen, eta haiei esker ikasi nituen trikimailuak. Era berean, Donostian Xixka Gipuzkoako magia elkartea dago, eta han parte hartzen hasi nintzen. Gaztetxoentzako ikastaroak eskaintzen ditu elkarteak.

Zer motatako magia egiten duzu?
Gertuko magia, gehienbat. Kartekin aritzen naiz, horiekin trikimailuak eginez gozatzen baitut gehien. Aritu izan naiz txanponekin eta, baina kartak ditut gustukoen.

Sari bat irabazi duzu karten trikimailu batekin, ezta?
Hala da. Toledo Ilusion kongresuan parte hartu nuen. Maila handiko jaialdia da, eta hirugarren saria eman zidaten. Oso pozik jaso nuen aitortza.

Txisteratik Egun Magikoan iaz parte hartu zenuen aurrenekoz. Nolakoa izan zen esperientzia?
Oso polita eta interesgarria izan zen. Jaialdi txikia da, herri mailakoa, eta horrek berezia egiten du; izan ere, mago guztiak elkarrekin geunden une oro. Txisteratik egunaren giroa eta gertutasuna azpimarratuko nituzke. Magia-poteoan ez nuen apenas trikimailurik egin, baina txapelketan ikaragarri gozatu nuen. Nire lana eginez disfrutatu nuen, eta jendeari gustatu zitzaiola ikustea ederra izan zen.

Gertuko Magia Txapelketa irabazi zenuen. Esperotako garaipena izan al zen?
Egia esan, ez nuen inondik inora espero. Maila handia zegoen parte hartzaileen artean eta sorpresa izan zen sariketa irabaztea.

Aurten gala nagusian parte hartuko duzu. Nola zaude hitzorduaren atarian?
Urduri nago, baina baita oso gogotsu ere. Maila handiko magoekin elkarbanatuko dut oholtza, eta hori zoragarria da niretzako, batez ere Imanol Ituiñorekin batera arituko naizelako. Izan ere, niretzako erreferente bat da Ituiño.

Nolako ikuskizuna eskainiko duzu?
Toledon egin nuen ikuskizuna eramango dut Azpeitira. Hain zuzen ere, magia eta olerkia uztartzen dituen lana prestatu dut, eta ilusioz aurkeztuko dut Azpeitian. Poesia ikaragarri gustatzen zait, baita modu horretan sentipenak adieraztea ere. Beraz, bi zaletasunak uztartzeari ekin nion, eta emaitza gustatu zitzaidanez, jarraitu egin nuen.

Zer mezu emango zenieke azpeitiarrei Txisteratik egunaren atarian?
Herrian bertan horrelako magia jaialdi batez gozatzeko aukera izatea zoragarria da. Beraz, azpeitiar guztiak animatuko nituzke ikuskizunetara. Izan ere, mago oso onak ikusteko aukera izango da gaur eta bihar Azpeitian, baita kalitate handiko trikimailuak ere. Ez dezatela aukera galdu.

EGITARAUA:

Gaur, irailak 29:

19:00etan, Mario Lopezen gertuko magia ikuskizuna Dinamoa sormen gunean.

Larunbata, urriak 1:

12:30etik aurrera, magia-poteoa Alde Zaharrean.

17:00etan, Julen Magoaren Metamorfosis, Sanagustin kulturgunean.

17:00, 17:40 eta 18:40, Rubik magoaren ikuskizuna, Azoka Plazan.

19:00etan, Gala Nagusia, Soreasun.

  •  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide