Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finala jokatuko du igandean

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 4a, 08:54

Mikel Larrañagak irabazi zuen 2019ko Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga, Urrestillan. (Mailo Oiarzabal)

Pobesen (Araba) izango da finala, eta Iker Vicente, Suharri Rodriguez eta Julen Alberdi Txikia IV.a izango dira azpeitiarraren lehiakideak.

Joan den zapatuan laugarren aldiz Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondoren, datorren igandean Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finala jokatuko du Mikel Larrañagak.

Bi multzotan banatuta, sei aizkolari lehiatu dira txapelketa horren sailkapen fasean. Iker Vicente, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Larrañaga nor baino nor aritu dira multzo batean, eta Suharri Rodriguez, Hodei Ezpeleta Bihurri eta Jokin Urretabizkaia Basozabal, bestean.

Sei azikolari horietatik lau lehiatuko dira datorren igandean, urriaren 9an, Arabako Pobes herrian jokatuko den finalean: Vicente eta Rodriguez, beren multzoetako irabazleak izateagatik zuzenean sailkatuta; eta Larrañaga eta Txikia IV.a, beste bi finalistak erabakitzeko jokatu diren bi finalaurrekoetako irabazleak.

Larrañagak –bere multzoko hirugarrena– beste multzoan bigarrena izan zen Bihurriri irabazi zion irailaren 25ean Lantziegon (Araba). Eta herenegun, Bilboko Deustuan, Txikia IV.ak bereganatu zuen finalerako laugarren eta azken txartela. Azkoitiarra bigarrena izan da bere multzoan eta, horrenbestez, beste multzoan hirugarren gelditu denarekin, Basozabalekin, neurtu zituen indarrak igandean.

Urrezko Aizkoran aurreko edizioetan gehien nabarmendutako aizkolariak lehiatzen dira Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan. Aizkorako modalitate ezberdinetan, bost lan egin behar izaten dituzte saioko, eta guztien denboren baturak erabakitzen du sailkapena. Finalean, kanporaketa saioetan baino lan luzeagoa eta zailagoa izango dute aizkolariek. 45 ontzako enbor bat ahalik eta kolpe gutxienekin moztu ondoren, 45 ontzako beste bat etzanda, kanaerdiko bat zutik eta oinbiko bat etzanda ahalik eta azkarren moztu beharko dituzte, bukaerako lan luzeari ekin aurretik; azken saio horretan, kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako beste bi eta oinbiko bat moztu beharko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide