Azaroaren 16an zabalduko dute Domusa Teknik 40 MLK proban izena emateko epea

Julene Frantzesena 2022ko urr. 5a, 09:00

Bi parte hartzaile iazko Domusa Teknik 40 MLK proban. (Ihintza Elustondo)

Egun horretan, 18:00etatik aurrera, lasterketaren webgunean eman ahal izango dute izena proban parte hartu nahi duten kirolariek. Gainera, lehen edizioan baino dortsal gehiago kaleratuko dituzte bigarrengoan; guztira, 550 dortsal. Datorren urteko maiatzaren 6an izango da Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatzen duen eta Domusa Teknikek laguntzen duen ultra trailaren bigarren edizioa.

Azaroaren 16an, asteazkenez, zabalduko dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako izena emateko epea. Egun horretan, 18:00etatik aurrera, lasterketaren webgunean eman ahal izango dute izena proban parte hartu nahi duten kirolariek. Gainera, lehen edizioan baino dortsal gehiago kaleratuko dituzte bigarrengoan; datorren urteko maiatzaren 6ko probarako, 550 dortsal jarriko dituzte eskuragarri –aurtengo maiatzean egin zuten ediziorako 400 jarri zituzten–.

Duela bi aste jakinarazi zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak Domusa Tekniken laguntzarekin antolatzen duen 40 MLK lasterketaren bigarren edizioaren data: aurten baino astebete lehenago egingo dute –aurten maiatzaren 14an egin zuten–, maiatzaren 6an, hain zuzen ere.

65 kilometroko mendi lasterketa izango da Domusa Teknik 40 MLK. Azpeitian hasi –08:00etan– eta amaituko bada ere, beste hiru herri zeharkatuko ditu probak: Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendi tontorrei dagokienez, berriz, Arroita edo Arauntza (612 metro), Sañoa (616 metro), Gazume (1.002 metro), Hernio (1.078 metro), Murumendi (868 metro), Izazpi (973 metro), Hiruarrieta edo Samiño  (933 metro) eta Xoxote (912 metro) igaro beharko dituzte parte hartzaileek. 7.400 metroko desnibel metatuta izango du lasterketak; hau da, 3.700 metro goranzko edo positibo, eta beste horrenbeste beheranzko edo negatibo.

Honako lotura honetan ikus daiteke Aritz Egeak eta Oihana Azkorbebeitiak joan zen maiatzaren 14an irabazi zuten ultra trailaren lehen edizioko irudiak. Giroko bideoa, berriz, honako lotura honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide