Zaborrarena %1,5 igotzea eta 2023rako gainerako tasak eta zergak izoztea erabaki du udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 5a, 17:31

Atzoko udalbatzarrean onartu zituzten 2023rako ordenantza fiskalak. (Azpeitiko Udala)

Gaur egun indarrean dauden hobari guztiak mantentzea eta hobari berri bat gehitzea ere onartu zuten atzo, urriko udalbatzarrean: etxebizitzetan eguzki plakak instalatzen dituztenek %95 hobaria izango dute eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan. Aho batez eman zieten hasierako onarpena datorren urteko ordenantza fiskalei.

2023ko ordenantza fiskalen agintarauari hasierako onarpena eman zioten atzo, aho batez, urriko udalbatzarrean. Azpeitian, 2022an indarrean dauden udal tasa, zerga eta prezio publiko ia denak bere horretan mantenduko dira datorren urtean ere, horiek izoztea izan baita EH Bilduren Udal Gobernuak proposatu eta oposizioan den EAJk ere onartu duen erabakia. Zabor bilketarena izango da salbuespena; %1,5 igoko dute tasa hori, "batez beste, urtean bi euroko igoera", Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak zehaztu zuenez. Udalaren urteko diru iturri guztiak kontuan hartuta, %37 da tasa, zerga eta prezio publikoen bidez jasotzen duena. ""Uste dugu udalak baduela nahiko ahalmen gastu publikoa finantziatzen jarraitzeko", zioen atzo Ogasun batzordeburuak.

Goenaga berak azaldu zituen atzoko bilkuran tasak eta zergak izozteko kontuan hartu dituzten arrazoiak eta irizpideak. Udalaren egoera ekonomikoa eta urte honetako bilakaera "aztertu" ondoren zehaztu du ordenantza fiskalak eguneratzeko proposamena Udal Gobernuak. Goenagaren hitzetan, "bi printzipio" nagusi hartu dituzte kontuan: zuhurtasuna eta zergen aplikazio progresiboa. "Bizi dugun egoera honetan, hainbat krisik eraginda, prezioen igoera ikaragarri baten aurrean aurkitzen gara; eta ez dirudi, epe motzean, egoera horrek aldaketarik edukiko duenik. Argi dago egoera honek herritar denok kolpatzen gaituela, baina ez gaitu denok berdin kolpatzen. Ondorioz, zerga aplikazio progresiboa beharrezkoa da. Zerga, tasa eta prezio publikoen karga fiskalek ezberdin eragiten digute guztioi, eta udalaren ardura da karga fiskal horiek ahalik eta orekatuenak izatea", azaldu zuen Goenagak, hartutako erabakiaren testuingurua finkatzeko.

Hobarietan azpimarra

"Behar gehien duten herritarren oinarrizko beharrei aurre egiteko, gastu finkoei aurre egiteko" udalak eskaintzen dituen laguntzak aipatu zituen Ogasun batzordeburuak, eta esparru berean kokatu zituen ordenantza fiskalen barruan ezarritako hobariak ere.

Horrela, gaur egun indarrean dauden hobari guztiak mantentzea eta hobari berri bat gehitzea ere onartu zuten atzo. Energia berriztagarrien sustapenarekin lotutakoa da 2023rako onartu duten hobari berria: etxebizitzetan eguzki plakak instalatzen dituztenek %95 hobaria izango dute eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan; Goenagak azpimarratu zuenez, Ondasun Higiezinen gaineko zergaren barruan eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitzetan aplikatzen den %50eko hobariari gehitu behar zaio hobari berria.

Ordenantza fiskal berriak onartzerakoan, dagoeneko indarrean dauden eta herritarrek balia ditzaketen hobariak gogora ekarri nahi izan ditu udalak. Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan, ibilgailu elektrikoek %90eko hobaria dute, eta hibridoek %50ekoa; 30 urtetik gorako auto historikoek, berriz, %100eko hobaria dute. Familia ugariek ere, diru sarreren arabera, hobaria izan dezakete. Ekonomia jardueren gaineko zergan, enplegua sustatzeko edo errazteko helburuarekin gaur egun dauden hainbat hobari mantenduko dira: %50eko hobaria izango dute jarduera berri bat abian jartzen dutenek, kontratu mugagabeak sortzen dituzten jarduerek %30ekoa, eta kooperatiba babestuek eta beste hainbat enpresa moldek %50ekoa.

Kirol instalazioetako tarifei dagokienez, familia abonuetan diru sarreren arabera hobaria jasotzeko aukera dute familia ugariek. Jubilatuen, pentsiodunen, langabeen eta lanbide arteko oinarrizko soldata baino errenta baxuagoa duten herritarren hobariak ere bere horretan mantenduko dira 2023an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide