Urriaren 15a bitartean eskatu ahal izango dira alokairurako dirulaguntzak

Julene Frantzesena 2022ko urr. 6a, 10:52

Alde Zaharra.

18 eta 35 urteko gazteek ez ezik, banandutako edo dibortziatutako herritarrek, alargunek, 70 urtetik gorakoek nahiz mugikortasun urria dutenek egin dezakete eskaera udalaren webgunearen bidez, Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Etxebizitza bulegoan. Alokairurako etxebizitzen merkaturatzea sustatzeko bitartekaritza zerbitzua eskainiko du udalak, gainera, Etxebizitza bulegoan.

Azpeitiko Udalak zabaldu du alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea. Gazteen emantzipazioa bultzatzea eta beste hainbat kolektiboren etxebizitza beharrari erantzutea dira laguntza horien helburuak, eta horrenbestez, 18 eta 35 urteko gazteek ez ezik, banandutako edo dibortziatutako herritarrek, alargunek, 70 urtetik gorakoek nahiz mugikortasun urria dutenek egin dezakete eskaera. Alokairurako dirulaguntza jasotzeko, baina, ezinbestekoa da azken hiru urteetan jarraian edo guztira bost urtez Azpeitian erroldatuta egotea.

Dirulaguntzak etxebizitza batean bizi diren pertsonen diru sarreren araberakoak izaten dira. Eskatzailea bakarra baldin bada, 28.000 eurora arteko sarrerak izan beharko ditu hark gehienez; aldiz, eskaera bizikidetza unitatean egina bada, 35.000 eurora arteko diru sarrerak izan beharko dituzte eskatzaileek. Baldintza horiek beteta, eskatzaile bakoitzak gehienez 350 euro jasoko ditu hilean –400 euro etxebizitza Alde Zaharrean baldin badago–, eta alokairuaren gehienezko prezioa 650 eurokoa izango da.

Eskaerak urriaren 15era bitartean egin ahal izango dituzte herritarrek, eta horretarako bide bat baino gehiago jarri ditu udalak: erakundearen webgunearen bidez, Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Etxebizitza bulegoan.

Bitartekaritza zerbitzua, martxan

Dirulaguntzak mantentzeaz gain, etxebizitzaren arloan beste urrats bat ere egin du aurten udalak. Hain zuzen ere, herritarrei "zerbitzu integrala" eskaintzeko xedez, Etxebizitza bulegoa zabaldu zuen erakundeak maiatzean, Enparan kalean. Gainera, bitartekaritza zerbitzua ere jarri dute martxan, etxebizitza hutsak merkaturatzea sustatzeko eta alokairu eskaerari erantzuteko. 

Udalak azaldu duenez, bitartekaritza programa herrian garatuko dute. Batetik, etxebizitza hutsen jabeei deituko diete, etxebizitza merkaturatzeko dituen aukeren eta Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren berri emateko, eta herritarrek programan sartu nahi dituzten etxebizitza hutsekin erregistro bat osatuko dute. Bestalde, Azpeitian etxe bat alokatzeko beharra duten herritarrek izena eman ahal izango dute programan, Etxebizitza bulegora joanda edo udalaren webgunearen bidez.

Etxebizitzen eta alokairurako prestutasuna duten herritarren bi erregistroekin bitartekaritza zerbitzua eskainiko dute Etxebizitza bulegoak, udalaren arabera, bi aldeak harremanetan jartzea errazteko. Gainera, alokairu kontratu eredu bat ere eskuragarri izango dute herritarrek, adostuz gero, formaliza dezaten. Horrez gain, udalaren alokairurako dirulaguntzen inguruko informazioa ere eskainiko dute bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide