Hantxe bertan

Nerea Arregi: "Pertsonek egiten dituzte lekuak"

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 24a, 17:53

Azpeititik Alemaniara, handik Herbehereetara, eta gero, Bartzelonara. Egun, Katalunian bizi da Nerea Arregi (Azpeitia, 1977). "Gustura" dago han, baina ez du betirako gelditzeko asmorik, 2022ko urriko Uztarria aldizkarian Hantxe bertan ataleko elkarrizketan kontatu duenez.

Noiz alde egin zenuen sorterritik?

21-22 urte nituela. Alemaniara joan nintzen lehenik, kantugintzako ikasketak egitera; nire asmoa operan-eta abestea zen. Dena den, urtebetera edo bi urtera laga egin nituen ikasketa horiek. Ondoren, beste ikasketa batzuk egin nituen Alemanian bertan, eta lanean ere aritu nintzen han. Denboraldi bat Herbehereetan ere egin nuen, eta gerora, Bartzelonan lan egiteko aukera sortu zitzaidan; horregatik etorri nintzen Bartzelonara. Gaur egun, Seat autoen enpresan lan egiten dut, nazioarteko salmenten arloan.

Non bizi zara, zehazki?

2005. urtearen bukaera aldera iritsi nintzen Bartzelonara, eta ordutik, probintzia horretako leku ezberdinetan bizi izan naiz. Lehenik, Bartzelona hirian bizi izan nintzen. Han egun nire senarra dena ezagutu nuen, eta orain, Igualadan bizi gara. Bartzelona probintziako herri handi bat da Igualada. Hamahiru urte daramatzagu bertan.

Gaur egun ez al duzu abesten?

Etxean bai, baina bestela ez.

Zergatik utzi zenuen bide hori?

Oraindik ez daukat horrentzat erantzun garbirik. Alemaniara joatean gaixotu egin nintzen, eta Azpeitira bueltatu behar izan nuen denboraldi baterako. Ez ziren garai errazak izan niretzat. Gainera, kantagintzarena oso arlo bakartia da, eta ez ninduen gehiegi konbentzitu. Bizitzako etapak mundu hura albo batera uztera eraman ninduen.

Bartzelonan bizitzen jarraitzeko asmoa al duzu?

Oraindik bai, baina gerora, ez dut uste. Bizitza etapak dira, eta denbora pixka bat gehiago emango dut Bartzelonan, baina uste dut oraindik beste leku batzuetan biziko naizela. Ez daukat intentziorik bizi guztirako hemen gelditzeko, eta gainera, nire asmoa Azpeitian hiltzea da.

Ez al zaitu betetzen horko bizimoduak?

Etxera bueltatzea nahi dut, eta niretzako hau ez da etxea. Bizi izandako leku guztietan gustura egon naiz, eta hemen ere hala nago, baina nire etxea Azpeitia da, Euskal Herria.

Zeren falta sumatzen duzu?

Horko bizimoduarena, kale giroarena... Askoz naturalagoa, alaiagoa, da horko jendea. Azpeitian gauza zoragarriak daude; familia, lagunak, kalera irten eta jendea agurtzen duzu... Hori opari bat da; Bartzelonan ez dago gertutasun hori. Hemen izaeraz itxiagoak dira; euskaldunak itxiak garela esaten dute, baina katalanak are gehiago. Eta nire lagun-lagunak katalan-katalanak dira e, baina oso ezberdina da hemengo bizimodua.

Gustura etorriko zinateke pintxo-poteo batera, ezta?

Noski baietz. Bartzelonan ez dakite zer den hori [barreak]. Ez dakizue zer daukazuen Euskal Herrian, benetan. Nire urterik politenak munduan zehar pasatu ditut, eta hori dena zoragarria da, baina gero, urteak pasatzen ari diren moduan...

Zer gustatzen zaizu gehien Bartzelonatik? Eta zer gutxien?

Gehien, aniztasuna. Gutxien gustatzen zaidana, berriz, anonimotasuna da: hainbeste jende kalean, baina aldi berean, bakarrik zaude.

Munduko txoko asko ezagutzeko aukera izan duzu. Zer ikasi duzu urteotan?

Tolerantzia maila asko handitu zait, eta malgua izaten ikasi dut. Guk sinesmen batzuk izan arren, beste leku batzuetako jendeak beste batzuk dituela ohartzen zara, eta horrek ez epaitzen, ulertzen, begiak irekitzen... laguntzen du. Gainera, neure burua ezagutu dut kanpoan ibilita.

Ba al dago Euskal Herria baino leku hoberik bizitzeko?

Munduko edozein lekuk balio du bizitzeko, gertuko jendea zurekin baldin badago. Berdin du Euskal Herria edo Txina izan.

Lekuak baino, pertsonak dira garrantzitsuak, beraz?

Pertsonek egiten dituzte lekuak. Kanpoan bizita, gertuko jendearen falta sumatzen dut: ahizparena, amarena, kuadrillakoena...

Laster Azpeitira lekualdatuko zarela dirudi...

Oraindik ez daukat hiltzeko gogorik [barreak].

100 urte dituzunean edo, agian?

Bai, ez da adin txarra hiltzeko. Beraz, agian, 98 urte ditudanean-edo joango naiz Azpeitira [barreak].

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide