Topaketa ekologikoa egingo dute ostiralean, Azoka Plazan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 11a, 12:00

Ostiraletako azoka baliatuko dute topaketa ekologikoa egiteko.

Ohiko azokaz gain, abeltzaintza ekologikoari buruzko bideoaren aurkezpena, eskualdeko edari ekologikoen postuak, edari eta pintxo dastaketa eta haurrentzako eskulanak izango dira. Topaketaren bidez, "eredu ekologikoaren balio positiboa" jendarteratu nahi dute.

Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak eta Elikaguneak elkarlanean antolatuta –Ekolurraren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin–, topaketa ekologikoa izango da datorren ostiralean, urriak 14, Azoka Plazan. Ohiko azokaz gain, abeltzaintza ekologikoari buruzko bideoaren aurkezpena, eskualdeko edari ekologikoen postuak, edari eta pintxo dastaketa eta haurrentzako eskulanak izango dira. Topaketaren bidez, "eredu ekologikoaren balio positiboa" jendarteratu nahi dute antolatzaileek, eta era berean, abeltzaintza ekologikoa ekarri nahi dute erdigunera.

16:30etik 19:30era bitartean egingo dute ohiko ostiral arratsaldeetako azoka, Azoka Plazan. Bertan, eskualdeko edari ekologikoak izango dira eskuragarri: Zestoako Ekain sagardoa, Beizamako Urkizahar txakolina eta Azpeitiko Unanue, Kontseiluak babestuta. Horrez gain, haragiz osatutako pintxoak eta eskualdeko edari ekologikoen dastaketa izango dira, 17:30etik 19:30era, bi euroren trukean. Ordutegi berean, haurrentzako eskulan tailerra egingo dute.

17:00etatik 17:30era, Abeltzaintza ekologikoarekin dena hobetzen da bideo aurkezpena eta tertulia izango dira. Biolurreko abeltzain taldeak haragiaren kontsumoaren eztabaidari erantzuteko helburuarekin egindako ikus-entzunezkoa da hori; haien arabera, "ez da gauza bera" haragi guztien atzean dagoena. Hori horrela, "zergatik haragi ekologikoa?", galderari erantzuten saiatuko dira bideoaren bidez. Ikus-entzunezkoan, hainbat abeltzainek eta adituk hitz egiten dute gaiaz, eta bideoa amaitzean, tertulia izango da; honako hauek izango dira hizlariak: Judit Garcia (Etxeberri Goikoa), Gregorio Zuaznabar (Sarobe) eta Ane Aranburu (Ertxiñeko).

Abeltzaintza ekologikoa, hazten

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren datuek erakusten dute animalien ekoizpenera bideratutako azalerak (larre, belardi eta bazka) %20ko igoera izan duela aurreko urtearekin alderatuta; hain zuzen ere, 975 hektarea berri izendatu dituzte abeltzaintza ekologikorako. Gaur egun, guztira, 5.684 hektarea bideratzen dira abeltzaintza ekologikora Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2021ean, ekoizpen ekologikoaren azalerak %12 egin du gora batez beste hiru lurralde horietan; Gipuzkoan, aldiz, %29ko igoera izan du, abeltzain etxalde handiak inskribatu direlako. Gipuzkoan, une honetan, 59 profesional ari dira abeltzaintza ekologikoan lanean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 138 –32 Araban eta 47 Bizkaian–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide