Ekaitz Garmendiak (Azpeitia, 1978) 9 urte zituela izan zuen lehenengo kontaktua gitarra elektriko batekin, eta guztiz maitemindu zen musika tresna horrekin. Geroago, nerabezaroan, ezagutu zuen death metala, eta musika genero horrek ere txundituta utzi zuen azpeitiarra. Musikaren munduan interes eta gustu antzekoak zituzten lagunak topatzen hasi zen laster. Legen Beltza musika taldeko kideak izango zirenekin hasi zen elkartzen, eta taldeko gitarrista izaten amaitu zuen. Legen Beltzak bere ibilbidea bukatu zuenean, Garmendiak argi zuen musikaren bidearekin jarraitu nahi zuela, eta beste zenbait taldetan ibili zen: Jon & Sugramas, Clockwork, Extinction... Egun, Karrantzan (Bizkaia) bizi da, eta ingeniari elektroniko gisa lan egiten du. Bestalde, Karrantzan bertan duen musika estudioarekin buru-belarri dabil, bai eta partaide den musika talde berriarekin ere: Sijjin.
Noiz jakin zenuen gitarra jotzen hasi nahi zenuela?
9 urte inguru nituen. Ikastolako irakasle batek etxera gonbidatu gintuen bere urtebetetzea ospatzeko. Irakaslearen senarrak musika estudio moduko bat zuen eraikita etxeko gela batean. Estudioan zituen gitarra elektrikoekin jarduteko aukera eskaini zidan, eta guztiz txundituta geratu nintzen. Handik atera nintzenean argi nuen gitarra elektrikoa jotzen hasi nahi nuela.
Laster iritsi al zen gitarra hori?
Ez. Gitarra elektrikoa ez behintzat. Garai hartan gitarra elektrikoa ez zegoen oso ondo ikusita haren inguruan zeuden estereotipoengatik, eta gurasoek ez zidaten gitarra erosteko baimenik ematen. Azkenean, 16 urte inguru nituela, gitarra klasiko bat erosteko baimena lortu nuen. Urte oso bat igaro nuen hura jo eta jo, ia gelditu gabe. Klase partikularretara joaten nintzen hasieran, eta ondoren, bakarrik jarraitu nuen ikasten. Azkar ikusi zuten gurasoek gitarra jotzeko izugarrizko grina nuela, eta urtebetera, gitarra elektrikoa erosten utzi zidaten.
Eta noiz iritsi zen death metala zure bizitzara?
13 urte inguru nituen. Garai hartan, inguruko beste herrietako gazteekin nahasten ginen ikastolan. Zestoar batzuek erakutsi zidaten zer den death metala, eta bete-betean maitemindu nintzen musika estilo horrekin. Laster iritsi zen lehenengo taldea sortzeko nahia. Joseba Azkue azkoitiarra laguna nuen, eta Despedaceitor izena zuen taldea sortu genuen biok. Ideia hori bururatu zitzaigunean, biotako inork ez genuen instrumenturik. Hala ere, taldearen logoa eta diskoaren azala prest genituen. Denbora igaro ahala, eta jada instrumentuak geureganatuta, lagun gehiago bildu ginen taldean, eta elkarrekin hasi ginen Urrestillan zegoen lokal batean entseatzen eta lehenengo kantak sortzen.
Nola iritsi zinen Legen Beltza taldera?
Hasierako talde hura, azkenean, ez zen ezertara iritsi. Dena den, jende berri asko ezagutzen hasteko aukera eman zidan talde hark, eta nire antzeko interesak zituzten beste gazte askorekin harremana izaten hasi nintzen. Zubi-zarren entseatzen genuen, eta batzuetan Legen Beltza taldea osatzen ari zirenekin egiten genuen topo. Egun batean, beren kantu baterako gitarra solo bat grabatzea nahi al nuen galdetu zidan Xanti Rodriguezek. Legen Beltza sortzen ari ziren une hartan, eta Donostiako estudio batean grabatu behar zuten abestia. 1998ko abuztuan izan zen hori, eta irailean taldeko kide izan nahi al nuen galdetu zidaten. Azaroan grabatu genuen lehenengo maketa.
Gogoan al duzu Legen Beltzaren lehen kontzertua?
Maketa hura esku artean genuela hasi ginen dena mugitzen. Hala ere, hasierako beldurrak genituen, eta lehenengo kontzertu 'handia' eskaini baino lehen, hamabost lagunen aurrean 'berotze' kontzertu bat eman genuen. Kontzertu hartan lotsak eta beldurrak pixka bat albo batera uztea lortu genuen, eta hurrengo astean, Azpeitiko plazan jo genuen.
Istorio triste bat (2001), zuen lehen diskoa, etorri zen ondoren. Nola lortu zenuten diskoa grabatzea?
Lehenengo kontzertu haren ondoren, gehiago etorri ziren, eta talde bezala indarra hartzen hasi ginen. Gogoan dut hasierako maketa Baionako irrati bateko maketa lehiaketara bidali genuela eta bigarrengo postuan geratu ginela. Lehiaketa haren bitartez lortu genuen Senperen [Lapurdi] lehenengo kontzertu handi samar bat ematea. Hala, pixkanaka, kontzertu gehiago eskaintzen hasi ginen. 2000. urtearen amaieran, lehen diskoa ateratzeko material dena eskuen artean genuen. Izeta Rock diskoetxearekin kontratu bat lortu eta diskoa grabatu genuen. Izugarria izan zen hori guretzako, ate pila bat zabaldu zitzaizkigun.
Bigarren diskoak, Insanity (2003), prozesu ezberdina izan zuen, ezta?
Bai. Bigarren diskoa martxan jarri nahi genuen, baina Izeta Rock diskoetxea itxi egin zen. Euskal Herrian beste diskoetxe batzuen bila hasi ginen, baina ez zegoen interesik. Bestalde, ikusten genuen gure musika generoak ez zuela lekurik Euskal Herrian. Horrela jarraitu beharrean, kantak ingelesez egiten hasteko erabakia hartu genuen. Bigarren diskoko maketa lokalean grabatu genuen, eta diskoetxe ezberdinetara bidaltzen hasi ginen. Azkenean, Arizonako [AEB] Crash Music diskoetxeak fitxatu gintuen. Guretzako izugarrizko aukera izan zen hura.
Ameriketako Estatu Batuetako diskoetxe batek zuenganako interesa adierazteak gauzak aldatu al zituen?
Bai. Talde gisa ikusgarritasun handiagoa lortu genuen, eta bestalde, gauzak hobeto egiteko nahia ere piztu zitzaigun. Hala, Jeff Watters Annihilator talde kanadiarraren gitarrista zenarekin kontaktatu genuen; guretzako jainko bat zen hura. Ekoizle lanak ere gauzatzen zituen hark, eta Xantik kontaktatu zuen harekin, Crash Music diskoetxeak fitxatu gintuela eta elkarrekin lan egiteko nahia genuela esanez. Une hartan esku artean genuen materiala bidali genion, eta antza denez, gustatu egin zitzaion. Horrek guztiak ate pilo bat zabaldu zizkigun, eta ezagunagoak egiten hasi ginen. Hala ere, edukitzen hasi ginen arrakasta ez zen Euskal Herriraino iritsi.
Zergatik ez?
Gure diskoaren banaketa ez zen ondo kudeatu Euskal Herrian. Donostiako edo Bilboko dendetara joaten ginen, eta ezin izaten genuen diskoa aurkitu. Galdetu genuen ea zer gertatzen zen, baina ez genuen erantzun argirik jasotzen. Guretzako tristea zen egora hura; izan ere, gure familiek eta lagunek diskoa noiz entzun ahalko zuten galdetzen ziguten, eta ezin izaten genien erantzunik eman. Egoera hura ikusita, diskoetxearekin genuen kontratua amaitzea erabaki genuen.
Azkenean, baina, lan hura iritsi zen Euskal Herrira, ezta?
Bai. Argi genuen egindako lan hura ez genuela albo batean utzi nahi, eta beste aukera batzuen bila hasi ginen. Hala, Total Insanity (2005) izeneko berredizioa atera genuen. Gure lehenengo diskoko kanta batzuk eta Insanityko kantak biltzen zituen; gainera, zuzenean grabatutako DVD bat zuen. Disko hark oihartzun handiagoa izan zuen, eta Espainian zehar kontzertuak ematen ibili ginen. Musika jaialdi ezberdinetan jo genuen; Festimad, LorcaRock... Eta zenbait talde famaturen kontzertuak ireki genituen, Iron Maiden edo Slayerrenak, adibidez.
Arrakasta horrek taldearen norabidea aldatu al zuen?
Bai. Azken batean, taldeko denok ez ginen musikan bakarrik aritzen. Bakoitzak bere lana eta konpromisoak zituen, eta oso zaila zen soilik musikan aritzeko erabakia hartzea. Lortu genuen arrakastarekin kontzertu gehiago emateko eskatzen ziguten, baina zaila zen erritmo hura jarraitzea. Dimesion of Pain (2006) diskoa atera genuen, eta horrek ere arrakasta nahiko handia izan zuen Europan. Bazirudien azkenengo jauzia egiteko unea iristear zegoela, baina ez zen horrela izan azkenean.
Zer gertatu zen?
Gure bateriak, Edorta Azkunek, taldea utzi zuen, eta Ivan Hernandez sartu zen haren ordez. Ivanek izugarrizko haize freskoa ekarri zuen taldera, eta kontzertuak ematen jarraitu genuen. Hala ere, denok ez gindoazen norabide berean. Ivan eta ni gehiago egiteko nahiarekin geunden, baina besteak ez. Egoera haren aurrean, ez genuen ikusten Legen Beltzak askoz gehiago iraungo zuenik, ez behintzat nahi genuen erritmoan. Dena den, azken diskoa, Need to Suffer (2010), grabatu genuen, eta kontzertu batzuk eman genituen ondoren. Azkenengo etapa hartan, ordea, argi ikusi zen taldeak ezin zuela modu hartan jarraitu. Ez ginen talde bezala banandu, baina zuzeneko kontzertuak egiten uztea erabaki genuen 2011. urtean.
Legen Beltzaren ibilbidea eten zenean, dena den, musikarekin jarraitzeko intentzioa zenuen zuk, ezta?
Bai, hasiera batean kanpora joateko intentzioa genuen Ivanek eta biok. Europako beste herrialde batera joan nahi genuen bizitzera, eta han musika talde bat martxan jarri ahal izango genuela espero genuen. Baina patuak beste plan bat zuen guretzat, eta azkenean, ni Euskal Herrian geratu nintzen. Karrantzan bizitzeko leku aproposa topatu nuen, eta aurrera eraman nahi nuen proiektu bat errealitate bihurtzeko aukera nuen: nire musika estudioa sortzea. Denbora tarte horretan Ivanekin beste zenbait musika taldetan ere ibili nintzen: Jon & Sugramas, Clocwork, Extintion...
Tarte horretan, 2016. urtean zehazki, Legen Beltza berriro elkartu zen kontzertu bat emateko. Zer-nolako esperientzia izan zen hura?
Oso esperientzia polita izan zen. Aukera izan genuen berriro elkartzeko eta entseatzeko, zuzenean jotzeko eta iraganeko anekdotak eta oroitzapenak errepasatzeko. Horren ondoren, kontzertu gehiago eskaini genituen, eta guztietan esperientzia izugarria bizi izan genuen. Taldea berriz elkartzeko eta martxan jartzeko intentzioa ere agertu zen, baina ni ez nengoen pauso hori emateko prest. Beste proiektu batzuk nituen esku artean, eta oso zaila izango zen berriro talde bezala funtzionatzen hastea niretzat.
Proiektu horietako bat Sijjin musika taldea da. Zer dela-eta sortu zen talde hori?
2018an hasi ginen talde berri bat sortzeko intentzioarekin. Ivan Berlinen Necros Christos taldearekin zebilen bitartean, bisita ugari egiten nizkion. Hala, bere taldekideak eta han zituen bestelako harremanak ezagutzen hasi nintzen. Gaur egungo taldea osatzen dugunok Parti San izeneko musika jaialdi batera joaten hasi ginen, eta hirugarren urtean pentsatu genuen ederra izango litzatekeela hirurok talde bat sortzea; death metal talde bat, 80ko hamarkada amaierako eraginekin. Segituan hasi ginen kantak idazten eta lehenengo lana ekoizten.
Jada bi lan atera dituzue: Angel of the Eastern Gate (2019) demoa eta Sumerian Promises (2021) diskoa. Nolakoa izan da bi lan horien prozesua?
Lehenengo lana sortzerakoan bananduta geuden: ni Karrantzan eta beste biak Berlinen. Haiek egiten zituzten grabazioak bidaltzen zizkidaten, eta nik hemen, nire estudiotik, gitarrak grabatzen nituen. Dena prest zegoenean Karrantzara etorri ziren, eta hemen grabatu genuen lana. 2019. urte amaierarako atera genuen demoa, eta 2020ko martxo hasieran eman genuen gure lehenengo kontzertua. Ondoren, denok dakigu zer etorri zen, eta pandemia dela eta, ezin izan genituen kontzertu gehiago eman, baina bigarren lanarekin hasteko aprobetxatu genuen munduaren 'geldialdi' hura. Bakoitza munduko txoko batean zegoela ibili ginen lanean berriro ere. Azkenengo diskoa 2021ko abuztuan grabatu genuen nire estudioan, eta azaroan atera zen.
Harrera ona izan al dute lan horiek?
Izugarrizko harrera izan dute Europan. Oso gustura gaude. Kritika onak jaso genituen hasieratik, eta egoera hobetu zenean, kontzertuak ematen hasi ginen. Pasa den uztailean 24 eguneko bira bat egin genuen Europan zehar. Los Angeleseko [AEB] Sadistic Intent taldearekin jardun dugu emanaldiak eskaintzen. Iraganeko taldeekin ezin izan nuen horrelako bira bat bizi izan, eta aukera hori orain iritsi izanak izugarrizko poza ematen dit. Oso esperientzia ona izan da, eta oso gustura gaude izan dugun oihartzunarekin.
Iritsi al da hona oihartzun hori?
Zoritxarrez, ez. Bira ez zen Euskal Herritik pasatu. Europa erdialdean eta ekialdean ibili ginen, Londresen eta Irlandan ere bai. Euskal Herrian ez dugu jo oraindik, eta badaukagu gure lana gertukoekin partekatzeko gogoa. Lagunek eta familiako kideek badakite taldeak ilusioz betetzen gaituela, eta badugu haiek gu zuzenean ikusteko gogoa. Azaroaren 18an joko dugu lehenengo kontzertua Elgoibarren (Gipuzkoa), data hori iristeko irrikitan gaude.
Etorkizun oparoa ikusten al diozue Sijjin taldeari?
Baietz esango nuke. Hurrengo urteko apirilean bi kontzertu emango ditugu Txilen eta Perun, eta asmoa bira bat egitea ere bada. Taldeko giroak eta dinamikak horrelako planak egitera bultzatzen gaituzte. Kimika itzela daukagu elkarren artean, eta oso ondo ulertzen gara. Esan dezakegu ibilbide berean daukagula jarrita fokua, eta bideak ekarriko duenaren zain gaude. Ezin dugu jakin zer gertatuko den, baina orain arte egindako lan guztiaren fruituak jasotzen ari gara, eta ederra da sentipen hori. Beraz, nik ez diot amaierarik ikusten taldeari, oraingoz behintzat.
Zure musika estudioarekin ere buru-belarri zabiltza. Zer da han eskaintzen duzuna?
Oso gustura aritzen naizen beste alor bat da musika estudioarena. Musika taldeak joan daitezke hara, eta nik gauza ezberdinak eskain diezazkieket. Nahasketa, grabaketa eta masterizazio prozesuan laguntzen dut, eta orokorrean, ekoizle lana gauzatzen dut. Taldeak musika estudiora etortzen direnean, hemen igarotzen dituzte egunak, musikaren munduan bete-betean sartuta. Horixe da niretzat aukerarik onena. Izan ere, zaila da egunero Karrantzara joan-etorrian ibiltzea, eta bertan egun batzuk gelditzeko aukera eskaintzeak esperientzia hobetzen laguntzen duela iruditzen zait.
Gauza asko dituzu esku artean. Erraza al da oreka mantentzea?
Gaur egun unerik onenean nagoela uste dut; oreka hau perfektua da niretzat. Nire lana, Sijjin taldea eta musika estudioa aldi berean kudeatzea ez da erraza, baina uste dut lortu dudala. Azkenengo hilabeteetan ate asko ireki zaizkit Sijjin taldeak izan duen oihartzunagatik. Hori dela eta, egunetik egunera proposamen berri gehiago iristen zaizkit. Oreka mantendu ahal izateko, zenbait proposameni ezetz esaten hasia naiz jada, erraza ez den arren. Denbora gehiago hartu nahi dut niretzako, nire musika estudioaz eta urte hauetan guztietan eraikitzea lortu dudan denaz gehiago gozatzeko.