Erretratua

Maider Gurrutxaga: "Aurreiritzi ugari daude 'pole dance' dantzaren inguruan"

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 26a, 11:32

Maider Gurrutxagaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Urtebete ere ez darama Maider Gurrutxagak pole dance-a egiten, baina dagoeneko primeran moldatzen da. Dantza eta akrobazia uztartzen dituen diziplina da azpeitiarrak egiten duena. Jende askok "sentsualitatearekin" lotzen duela dio. Berak, ordea, "dantza eta diziplina dotorea" dela uste du. Gurrutxagarena da Erretratua 2022ko urriko Uztarria aldizkarian.

Askok ez dute jakingo zer den pole dance-a. Beste askok historikoki izan duen iruditegiarekin eta izaerarekin lotuko dute. Baina, finean, pole dance-a barra bat ardatz hartuta egiten den aireko ariketa da, eta kirol zein diziplina bihurtu da jende askorentzat azken urteetan. Ariketa horrek izan du eboluzio bat historian zehar, eta horren erakusle dira azken urteetan ireki diren pole dance-rako estudioak eta gimnasioetan hori praktikatzeko joera areagotzea. Diziplina horrek harrapatu duen pertsonetako bat da Maider Gurrutxaga (Azpeitia, 1994).

Martxoan hasi zen aspalditik deigarria zitzaion diziplina praktikatzen, "zerbait egiteko beharra" zuela konturatu zenean. "Nabaritzen nuen zerbaiten falta nuela bizitzan. Behar nuen motibazio iturri bat, lehen futbola zen bezala; izan ere, 18 urtera arte futbolean aritu nintzen, eta asko ematen zidan kirol horrek. Futbola utzi nuenean, ordea, ez nuen beste kirolik praktikatzen. Korrika egitea ez dut atsegin, bizikletan aritzea ere ez dut gustuko... Aldiz, dantza egitea asko gustatzen zait, baita akrobaziak egitea ere. Hori dela eta, interesgarria iruditzen zitzaidan pole dance-a", kontatu du. Horrenbestez, ingurukoen bultzadarekin, probatzera animatu zen, eta konturatzerako, "ezinbesteko" bihurtu da haren egunerokoan.

Maider Gurrutxaga. (Utzitakoa)

Koordinazioa, malgutasuna eta indarra

Informazioa biltzen hasi zenean, Donostiara iritsi zen: "Herrietan ez dago eskaintza askorik, baina Donostian pare bat pole estudio zeudela ikusi nuen. Haietako batera joan nintzen, Pole Estudio Donostiara, hain zuzen. Tarteka saio irekiak eskaintzen dituzte han, doakoak; diziplina ezagutzeko eta. Beraz, saio haietako batera joan nintzen. Irakaslea dantzan ikusita, bazirudien hegan ari zela, eta pentsatu nuen: 'Zeinen polita'. Erraz egitekoa iruditu zitzaidan, baina denborarekin konturatu nintzen ez dela kanpotik dirudien bezain sinplea".

Gurrutxagak azaldu duenez, "pole dance-a aireko diziplina da, akrobazia eta dantza uztartzen dituena", eta, beraz, "indarra, malgutasuna eta koordinazioa" ditu ardatz. Hori dela eta, ezinbestekoa da arlo horiek ondo lantzea. "Metalezko barraren inguruan mugimendurik sinpleena egitea ere zaila da. Gorputza buruz behera jartzea asko kostatzen da, eta hori lortzeko ezinbestekoa da indarra izatea, bai hanketan, bai eskuetan; izan ere, norberak bere pisua guztiz altxatzea eskatzen duen diziplina da. Azken finean, gorputzari heldu eta mugitu egin behar duzu. Malgutasuna ere behar da askotariko mugimenduak eta figurak egiteko", azaldu du azpeitiarrak. Estudioak bi arloak lantzeko aukera ematen dionez, astean bi egunez joaten da eskoletara: "Barran mugitzen ikastea bezain garrantzitsua da hori egin ahal izateko gaitasunak lortzea. Beraz, ezinbestekoa da malgutasuna eta tonifikazioa lantzea. Horretarako aukera eskaintzen digute eskolan, eta saio desberdinak egiten ditugu. Ondorioz, asteko egun batean barra ariketak egiten ditut, eta bestean, tonifikazioa eta gimnasioko lana".

Gurrutxaga, barran ariketa eginez. (Utzitakoa)

Deskonektatzeko unea

Eskolatik kanpo ere praktikatzen du pole dance diziplina: "Etxean barra jarri dut. Egunerokoan ez dut denbora libre gehiegirik, baina libre nagoenean, asteburuetan, lanetik itzulitakoan, hartzen dut barran aritzeko tartea. Lagungarri zait buruak atseden hartzeko; ariketa ederra da eta ikasitakoa praktikatzeko aukera ematen dit...". Esfortzu fisikoa eskatzen duen ariketa den arren, pole dance-ak zer ematen dion galdetuta, honako hau erantzun du Gurrutxagak: "Zaila egiten zait diziplina horrek zer ematen didan azaltzea; sentipen asko eta oso desberdinak ditut... Argi daukadana da asteko nire momentua dela pole dance praktikatzen dudana, eta haren bidez lortzen dudala nire kezka guztiak ahaztea. Libre sentitzen naiz. Ez dakit hegan den erabiliko nukeen hitza, baina oso eroso sentitzen naiz barraren bueltan, eta ikaragarri laguntzen dit horrek. Deskonektatzeko unea da barra eta ni elkarrekin gauden momentua, beste dena desagertu egiten da". Gurrutxagak dio "gozatzera" joaten dela eskoletara: "Gauzak ondo egitea erronka bat da niretzako, baina disfrutatzera joaten naiz eskolara, hau da, gustatzen zaidalako, eta ez gauza bat edo beste lortu behar dudalako. Irakasleak zoragarriak dira, batzuetan zorrotzak ere bai, baina hori ezinbestekoa da gauzak ondo egiteko eta gaitasunak hobetzeko. Barre asko egiten dugu elkarrekin, eta sortu dugun giroa zoragarria da".

Azpeitiarrak kontatu duenez, "jende gutxik" daki zer den pole dance diziplina: "Aurreiritzi asko daude pole dance dantzaren inguruan, eta gehienek striptease-arekin nahiz sentsualitatearekin lotzen dute. Jende askok galdetu dit: 'Hori zer da, striperrek egiten duten gauza hori?'. Eta, ea, haiek ere egiten dute beren erara, eta badu kutsu sentsual bat, baina diziplina gisa hori baino askoz gehiago da. Gainera, niretzako dantza dotorea da. Denbora gutxian asko irakatsi didate irakasleek, eta, beraz, gorputzak uzten didan artean praktikatzen eta gozatzen jarraituko dut".

Mezu argia dauka pole dance-arekiko interesa dutenentzat: "Nahi duenak lor dezake. Gauza asko behar dira: indarra, malgutasuna, pazientzia... Mina ematen du; ubeldura mordoxka atera izan zaizkit, baina ez izan zalantzarik, eta animatu. Haur, gazte, heldu, argal, lodi... denek dute lekua diziplina honetan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide