Bestaldetik

Jose Luis Otamendi: "Lanean eta lanetik at antzeko giro sozialetan mugitu naiz"

Julene Frantzesena 2022ko aza. 10a, 17:00

Jose Luis Otamendi. (Julene Frantzesena)

Ohikoa duen hitz jario dotorean aritu da bere bestaldeaz hizketan 2022ko urriko Uztarria aldizkarirako. Irakasle izana, jubilatua, idazle zaildua, lagunartea atsegin duena, hori eta gehiago ere bada Otamendi. Dena den, argi dio: "Inoren B aldea ezagutzeko besteei galdetu behar litzaieke".

Landura poesia liburua aurkeztu berritan, justu beste aldeaz edo B aldeaz hitz egiteko jarri dio Jose Luis Otamendiri (Azpeitia, 1959) zita Uztarriak. Irakaslea ogibidez, idazlea pasioz, jubilatuta dago duela hiru urtetatik. Bizimodu berrira egokitzea "alde batera erraza" egin zaiola aitortu du. "Aldi bakoitzak eskatu dizkidan gauzetan saiatu naiz nire erara jarduna gauzatzen. Zaletasun edo ohitura batzuk mantendu egin ditut, eta horrek lagunduko zidan ziurrenik aro berriko egokitzapena errazten". Jubilatuta, "azken aurreko koskan" kokatu izanak, "beste modu bateko azkurak" sortzen dizkiola aitortu du: "Ezinbestekoa da hori, eta koska horretan jartzea da onenean etor dakizukeena. Zortekoa naizela uste dut zentzu horretan, ume mainosoen pare ez naiz negar-jotzen hasiko".

Ikasleekin, zehatzago esanda, nerabeekin, lan egin du urte luzez. 37 urte egin ditu Iraurgi Ikastetxean, jubilatu aurretik. "36 urte eta 11 hilabete", zehatzago esateko. "Badira urte batzuk, bai... Baina gure inguruan badira urte gehiago egin dituztenak, irakaskuntzan 40 urtetik gora eman dituztenak". Bizitza erdia baino gehiago eskaini dio azpeitiarrak irakaskuntzari, baina lanari dagokionez, erretiroa hartuta "erraz" deskonektatu duela aitortu du. "Zortez edo, lanean nahiz lanetik kanpo antzeko giro sozialetan mugitu naiz; 37 urte eman ditudan leku berean jarraitzen dut; lanean eta lanetik kanpo izan ditudan harreman sare horiek bere horretan edo oso antzera jarraitzen dute".

Dena den, galera bat sumatu du bere baitan. "Lanak ematen dizkizu alderdi onak, eta buru zein emozio aldetik ematen dizun gimnasiarako gaitasuna galtzeko bidean dago nire kasuan. Bestalde, lankideekin eta komunitatearekin harreman oso zuzenekoa izaten duzu, eta erdoil pixka bat sumatzen dut, hiru urte pasatu baitira azken eskolak eman nituenetik. Gazteekin etengabe jardute horrek asko pizten ninduen, eta horren falta sumatzen dut".

Ezpal egokien bila

Jubilatutakoan, denbora kudeatzen ikasi egin behar izan duela azaldu du Otamendik. Lagun batek esana ekarri du gogora. "Hala esaten zidan hark: 'Jubilatzeko adinera iristerako jubilatu zara, eta orain ikasiko duzu denbora ziztu batean joatea zer den'". Arrazoia eman dio hari. "Denbora hesitutako espazio bat zen lehen, eta orain ibai handi bat. Tarteka noraez antzean gelditzen zara, eta denborari zer neurri hartu ikasi behar duzu". Hala eta guztiz, nahi duen horretarako "zalantzarik gabe, denbora gehiago" duela adierazi du. "Idazteko ere denbora gehiago daukat orain".

Iraia Elias eta Otamendi, emanaldi batean. (Utzitakoa)

Idazleak ezin idatzi gabe egon. "Boladak izaten ditut. Bolada luzeetan egunero zertxobait lardaskatzen dut, apunte bidez idazten dut: gauzak apuntatzen ditut, burura etorritako gaiak, irudiak... Hori nahiko etengabe egiten dut. Gauzak pilatu eta handik saiatzen naiz interesa izan dezaketen ezpalak ateratzen". Komunikatzera iristea izaten du "betiko kezka" idazleak. "Esaten ari zaren hori beste molde batez adierazteko moduko ezpalen bat ateratzea nahi izaten dut; nire pentsamenduetan diren gauza horiek beste kolore batekin ematen saiatzen naiz, eta liburu bat edo dena delakoa kalerako janzterakoan ordu asko pasatzen dira".

Egiteko horretan bidelagun dituen pertsonak ekarri ditu gogora. "Batzuetan iturriko ura bezala etortzen da dena, baina nire kasuan gutxitan izan ohi da horrela. Zortez, lagunarte oso ona daukat, eta haiek laguntzen didate zorroztasuna bilatzen eta. Oso lagunarte kritikoa da, pertsona gutxikoa, baina oso ona eta egiten dudana egiten jarraitzeko ezinbestekoa".

Zaletasun irakunkorrik ez

Irakasle ibilbidea bukatuta, beste hainbat gauzarekin "kateatuta" jarraitu duela azaldu du Otamendik: kultura izan da, berak dioen moduan, "lur hartze horretan asko lagundu" dion gauzetako bat. Azpeitiko Kulturaz kooperatibako lehendakaria izan da hainbat urtez, eta egiteko horretan gogoz jardun du: "Herriko zenbait jardun koskorretan aritu naiz, oso gustura. Izan ere, zure inguru gertukoarekin lotzeko modua ematen dizu horrek, zure txikian zerbait ematen ari zaren sentipen hori... Ikusi dut militantziaren garai bateko emari hartatik geratzen direla oraindik txirripa batzuk".

"Ordekan" errenditzen den horietakoa dela dio, eta esan du hainbat errutina aspalditik dituela ezarrita. "Nik dakidala, zaletasunei dagokienez, ezertan ez naiz oso zale fina izan. Bidean topatu ditut garai bakoitzeko adin moduan ohiko samarrak diren zaletasunak: umetan kromoen eta zigiluen bildumak egiten nituen, gero irakurzale eta zinemazale ere izan nintzen... Baina horiek ere pasatu ziren. Gero, futbola ikusteko nahiz paseatzeko zaletasuna sortu zitzaidan... Gehien irauten ari zaidana literaturarako grina da, eta kulturarekin zerikusia duten gauzekiko zaletasuna ere bai". Politikan ere aritutakoa da, eman zituen hainbat urte herriko politikagintzan; Azpeitiko Udaleko zinegotzi izan zen lau urtez, Euskal Herritarrok hautes-elkartearekin.

Gaur egun, baina, izaten du bi astez behin ia inoiz hutsik egiten ez duen zita bat: Lagun Onakeko gizonen lehen taldearen partidak ikustera joaten da Garmendipera. Urteak daramatza etxeko norgehiagoketara joaten, "gustura" hark dioenez. "Semeari segika hasi nintzen, eta futbolzaletasuna piztu egin zitzaidan berriro ere. Gaztetan ere banintzen futbolzalea, baina gero, alde batera utzita izan nuen. Etxe askotan gertatzen den bezala, ordea, semea hasi zen futbolean, eta hari segika, futbola eta pilota, pilota eta futbola, kateatu egin nintzen". Pilota ere atsegin du, nahiz eta aparteko kirolzaletasunik ez duela aitortu duen: "A, eta uda partean arrauna ere jarraitzen dut pixka bat".

Otamendi ikasle talde batekin, Port Aventurara egindako txangoan.

Hamarkada batzuetan ere egin du atzera elkarrizketan; gaztetan izan zuten "furia aldi" bat, musikari eta zinemari lotuta. "Lagunartea ere halakoxea genuen. Musika asko entzuten genuen 70-80ko hamarkadetan, eta zinema ere halatsu jarraitzen genuen. Orduan bi zinema areto genituen herrian, eta astegunetan ere izaten ziren saioak. Zineklubak ere, garai loriatsua ez dut esango, baina izan zuen emanaldietara jende asko joaten zen aldi bat. Gero, bizimodu aldaketarekin eta familia eratzearekin, asko aldatu zitzaizkidan ohitura haietako gehienak".

Lagunartekoa eta festazalea

Lagunartean egotea, lagunekin egotea, atsegin du Otamendik, eta festak ere gustatzen zaizkio. "Etxezuloa eta kalezalea", bi hitzak erabili ditu bere burua definitzerakoan. "Festa giroan gustura ibiltzen naiz, komunitatearen ritual den aldetik. Gustura ibiltzen naiz, eta uste dut garrantzitsua dela; nire mundualdi honetan festek izan dute pisua". Danborradan ere parte hartzen du, Izarraitz Txoko soziedadeko taldearekin. Dena den, sasoi batean danborra jotzeari utzita egon zela ere azaldu du: "Denboraldi luze bat egin nuen danborradan atera gabe, baina orain urte mordoska daramatzat danborra jotzen. Gustatzen zait, egia esan".

Badu egunerokoan isiltasuna hausten dion lagun bat ere: irratia. "Ia ez dut kendu ere egiten, asko laguntzen dit. Telebista baino gehiago erabiltzen dut irratia, baina beno, ikusten ditut telesailak, baita albistegiren bat edo beste ere...". Eta frantsesa ikasten ere ari da, Azkoitiko Hizkuntza Eskolan, iaz hasita. "Gustura joaten naiz eskoletara, baina gogorrena da, norbere mugak oso agerian uzten dituela eta nire ganbara aldea zenbateraino dagoen bihurtuta ardagai lehorra erakusten duela. Adinak ez duela barkatzen".

Idazteari ez dio utzi, ezta ikasteari eta lagunarteari ere, eta bizitzako plazer txikiez gozatzen ere asmatzen du. "Eguna beteta izaten dut, ez dago sinesterik. Hiru urte pasatu dira jubilatu nintzenetik, eta...". Aitortu du zera bat: norbere B aldeaz hitz egitea ez da hain erraza. "Gu kalerako janzten saiatzen gara, baina inoren B aldea ezagutzeko besteei galdetu behar litzaieke".

Otamendi –eskuinean– lagun batekin, danborradan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide