Ekoizle txikien eta gertukoen aldeko apustuaren garrantzia aldarrikatu dute topaketa ekologikoan

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 14a, 19:11

Biolur elkarteak eta Elikaguneak antolatutako topaketak kolore eta zapore bereziak eman dizkio gaur ostiraletako ohiko azokari. Biolurren elkartutako abeltzainek beren jardueraren garrantzia aldarrikatuz egin duten bideoa estreinatu dute, besteak beste, gaurko topaketan.

Ostiraletako ohiko azokari topaketa ekologikoa gehitu zaio gaur Azoka Plazan. Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak Elikagunearekin elkarlanean antolatu du gaurko jardunaldia, Ekolurraren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Ostiralero Azoka Plazan elkartzen diren inguruko ekoizle txikiekin batera, gaurkoan eskualdean edari ekologikoak ekoizten dituzten beste batzuk ere izan dira. Haien sagardoak, txakolina zein zukuak dastatzeko aukera izan dute plazara joan direnek, behi zein arkume haragi ekologikoarekin Elikagunean prestatu dituzten pintxoekin batera; eta umeei zuzendutako jolasak eta eskulanak ere prestat dituzte antolatzaileek.

Izan ere, abelzaintza ekologikoaren onuren aldarrikapenak pisu berezia izan du topaketa ekologikoan. Biolurreko kide diren abeltzainek beren jardueraren garrantzia aldarrikatuz egin duten bideoa –Abeltzaintza ekologikoarekin dena hobetzen da– estreinatu dute, eta segidan bideo horretan parte hartu duten Judit Garciak (Etxeberri Goikoa) eta Gregorio Zuaznabarrek (Sarobe) hartu dute hitza, beste abeltzain batek, Ane Aranburuk (Ertxiñeko), gidatutako solasaldian. Ekoizle txikiak dira biak, ganaduaren eta baserrien ustiapen ekologikoaren aldeko apustua egin dutenak, eta egiteko zein ekoizteko molde horrek ingurumenari eta gizarteari dakarzkion onuretaz aritu dira. Abeltzaintza industrial kutsatzailearen aurrean, ekoizleek ez ezik kontsumitzaileek ere zeresan handia dutela nabarmendu dute, besteak beste, eta ekoizle txikien eta gertukoen aldeko apustuaren garrantzia aldarrikatu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide