Klik!

Etxea gainean hartuta

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 31a, 15:24

Itsaso Aramendi azpeitiarrak eta Oier Iriondo debarrak ezohiko bidaia egin berri dute, Peru eta Lur semeekin. Uztailaren 1ean bizikletaz abiatu ziren Baionatik, eta 3.000 kilometro inguru egin ostean, urriaren erdialdera iritsi ziren helmugara, Budapestera. "Esperientzia polita" izaten ari zela nabarmendu zuten irailean, 2022ko Uztarria aldizkariko Klik! argazki erreportajea osatzeko hitz egin zutenean. 

Lehen bikotean, orain umeekin

Itsaso Aramendik eta Oier Iriondok bidaia dezente egin izan dituzte bizikletaz: Korsikara, Zeelanda Berrira, Asiako hego-ekialdera... Lehen bikotean egiten zituzten irteera horiek, baina orain, bi seme dituzte: 4 urteko Peru eta 2 urteko Lur. Dena den, guraso izateak ez die oztopatu hainbeste atsegin duten moduan bidaiatzea. Aramendik eta Iriondok baimena eskatu dute lanean, eta uztailaren 1ean abiatu zuten bidaia, seme txikiak gurdian hartuta.

Egunean 30-40 kilometro

Baionan hasi zuten bidaia, eta Budapesten amaitu dute, urriaren erdialdean. Aramendi eta Iriondo bizikleta banaren gainean joan ohi ziren, eta Iriondoren bizikletara lotuta bi semeak. Ibilbide luzea egin duten arren, ez zuten egun guztia bizikleta gainean pasatzen. "Goizean esnatu eta lasai gosaltzen dugu. Gero, ordubetetxo bat egiten dugu bizikletaz, eta gelditzen garen lekuan zerbait egiteko aprobetxatzen dugu. Bazkalostean, beste 25 bat kilometro egiten ditugu; umeak erdi lo joaten dira atoian", azaldu zuen Aramendik. Orotara, 30-40 kilometro egiten zituzten eguneko. Eta ibilbide horretan, haurren gustuko gauzak egiteko ere hartzen zuten tartea; besteak beste, ipuinak irakurtzeko.

Haurrentzako gurdia

Lehen, bizikletaz txangoren bat egiten zutenerako, bi haurrak elkarren ondoan joatea ahalbidetzen zuen gurdi bat zuen familiak. Baina modu horretan haurrak ika-mikan hasi ohi zirela eta, beste zerbait behar zutela pentsatu zuten. Hala, haur bat bestearen atzean joatea ahalbidetzen duen atoia topatu zuten Interneten. Erosi zuten atoia, probatu ere bai, eta bidaia motzetan ondo moldatzen zirela ikusita, luzeago bat egitera ausartu ziren. Guztira, 3.000 kilometroko bidea osatu dute, eta Aramendiren arabera, "oso ondo" moldatu dira.

Ibilbidea bidegorrietatik

Besteak beste, Frantziako, Alemaniako, Austriako eta Hungariako zenbait txoko zapaldu dituzte pedalkadaz pedalkada, eta ibilbide hori ez zuten kasualitatez aukeratu. "Ingurune horretan bidegorri ugari dago, eta bidaiaren zatirik handiena bidegorriz egin dugu. Autoekin ere tartekatu ditugu zati batzuk, baina Frantzian-eta oso lasaiak dira bigarren mailako errepideak. Gainera, nahiko lauak dira bideak, eta hori ere garrantzitsua da, zama handia daramagulako", azaldu zuen Aramendik. Bizikletak astunak izateaz gain, haien gainean traste ugari zeramatzatela zioen. "50 kilora hurbilduko da nire bizikleta, eta Oierrena, agian, 80 kilora ere bai, umeak daramatzalako kateatuta".

Haurrentzat plan "erakargarria"

Batetik, ibilbidearen ezaugarriak izan zituzten kontuan bidaiaren nondik norakoak zehazterakoan, "arriskua saihestu" nahi zutelako. Bestetik, ordea, bidaia "haurrentzako erakargarria" izan zedin nahi zuten. "Europan kanpin asko dago, bereziki Frantzian. Umeekin ibiltzeko oso egokia da Frantzia, kanpinetan denetarik dagoelako: igerilekuak, puzgarriak...". Hori horrela, gurasoak ez ezik, haurrak ere "gustura" zebiltzala nabarmendu zuen Aramendik. "Noski, bidaian zehar ere egunak izaten dira, etxean bezala".

Bizikleta bigarren etxe

Eguna hara eta hona igaro ostean, egunero munduko txoko batean lo egiten zuen familiak; hori bai, beti kanpin dendan. "Kanpin denda, lo zakua, su txikia... denetarik daukagu". Ekaitzak ere ez zuen haien eguneroko martxa oztopatu: "Tokatu zaizkigu ekaitzak, baina kanpin dendan egin dugu lo beti. Umeak ohituta daude, eta ez dira beldurtzen". Dena den, goiko irudian ikus daitekeenez, edozein une eta gune izan daiteke aproposa kuluxka egiteko. Ibilbidean zehar, gauza batek harritu du Aramendi: "Jende pila bat ikusi dugu bizikletaz bidaiatzen", kontatu du.

Elkarrekin egotearen ederra

Aramendik eta Iriondok orain arte bikotean bizi izan dutena haurrei transmititzeko aprobetxatu nahi izan dute bidaia. "Gu oso gustura ibili izan gara horrela. Bidaiatzeko unean oso gertutik bizitzen duzu dena; ez daukazu presaka ibili beharrik, lasai egon gaitezke elkarrekin... Bidaiatzeko modu hori umeekin ere probatzea nahi genuen, beraiek ere horrela ibiltzea zer den ikusteko; familian erosketak egitea, jatekoa prestatzea, kanpina muntatzea... Eguneroko presa horretatik irten eta laurok elkarrekin egotea nahi genuen", esan du. Lehen esperientziaren gozotasunaz pilak kargatuta, batek daki noiz etorriko den hurrengo abentura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide