Nagore Aramendi: "Udan ez nuen berehalakoan pentsatuko pilotan horrelako udazkena botako nuela"

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 19a, 16:03

Nagore Aramendi seme-alabekin, txapelarekin eta garaikurrarekin, Hiru Hiriburuak txapelketa irabazi ondoren. (Utzitakoa)

Bi urtez jarraian, bietan urrian, Donostia, Bilbo eta Gasteiz "gehien gustatzen" zaizkion bi kirolak eginez lotu dituela kontatu du Nagore Aramendik (Azpeitia, 1980). Iaz, pilotarien jarduna artean etenda zegoela, Donostiako maratoi erdia, Bilboko maratoia eta Gasteizko maratoi erdia osatu zituen hilabete berean. Aurten, Hiru Hiriburuak izeneko binakako pilota txapelketa irabazi du. "Grazia egin" dio kasualitateak, eta datorren urterako "bizikletaz edo" berriro hiru hiriak lotzen saiatuko ote den aipatu du, erdi txantxetan. Momentuz, joan den igandean irabazitako txapelaz gozatzen ari da.

Ia bi urte geldirik egon ondoren, duela urtebete itzuli zinen lehiatzera. Nolakoa izan da itzulera?

Pandemiaren etorrerarekin, 2020an geldirik egon ginen. Ez genuen partidarik jokatu; entrenamenduren batzuk egin genituen horretarako aukera jarri zutenean, baina hortik aurrera, ezer ez. 2021eko amaiera aldera, berriz, lau eta erdiko txapelketa antolatu zuen azken txapelketa honen antolatzaile berak, Iker Amarikak. Izena eman nuen, eta finalaurrekoetan kanporatu ninduen Ania Oronozek, igandeko finalean aurkari izan genuenetako batek, hain justu; finalean, berriz, Leire Etxanizek irabazi zion Aniari. Beraz, orain dela urtebete inguru itzuli nintzen lehiaketetara.

Hiru Hiriburuak txapelketa irabazi duzu nagusien mailan. Zer sentipen eragin dizu garaipen horrek?

Finalekoa oso partida gogorra izan zen. Lau eta erdikoaren ondoren binakakoari ekin genion, eta txapela irabazi genuen Leirek [Etxaniz] eta biok Gabirian, San Jose egunez. Orduan ere Oneka Bereau izan genuen aurrean, eta oraingoa baino errazago irabazi genuen hura. Aurkarien maila lehen ere ez zen txikia, baina uste dut goraka doala; gazteak dira, akatsik ez dute egiten, eta nekatu ere ez dira egiten. Oraingoan larri ibili gara partida aurrera ateratzeko.

Leire Etxanizekin osatu duzu bikotea. Lehendik ere ezagutzen zenuten elkar. Elkarrekin entrenatzeko modurik izaten al duzue?

Bai. 2018an jokatu genuen lehen aldiz elkarrekin, eta urte horretan eta 2019an txapel batzuk lortu genituen bikotea osatuta. Hain zuzen ere, berarekin batera irabazi nuen pandemiaren aurreko azken txapela. Pandemiaren aurretik, askotan egiten genituen frontoiko entrenamendu saioak elkarrekin, astean behin edo bitan, baita Oihana Orbegozorekin ere. Gero, Ados Pilota eta EPE (Emakume Pilotarien Elkartea) sortzearekin, pilota goxoarekin egiten den jarduna asko jaitsi da, mistoa ari da indartzen. Dudan adinarekin, ez dakit mistora pasatuko naizen. Pilota goxoarekin oso gustura ibiltzen naiz, eskuko minik ez dit eragiten pilota klase honek; mistoa probatu dut entrenamendu saio batzuetan, eta... Ez da, mutilek erabiltzen duten pilota mistoa ez bezala, asko korritzen duena edo zailagoa, neskenak ez du horrenbeste korritzen. Niretzat, gure kasuan, alde bakarra da pilota gogorragoa dela mistoa, eta ni oso esku txarrekoa naiz eta minberatu egiten zaizkit. Egia da gurekin goxoarekin aritzen ziren denak mistora pasatu direla eta hor dabiltzala, jokatu eta jokatu. Beraz, pentsatzen dut gu ere moldatuko ginela. Baina, bestetik, zirkulazio txarrekoa naiz, eskuak berotzea asko kostatzen zait eta erraz minberatzen zaizkit. Goxoarekin jokatzen dugunak gutxiago gara, baina hala ere, ez daukat entrenatzeko zailtasunik; Leirerekin ez bada, familian bete edukitzen dut norbait laguntzeko, gizon edota semeak. Bestelakoan, ia egunero egiten dut kirola: mendian, korrika, ibiltzen, pilotan, igeritan... Ez naiz geldirik egoten eta, beraz, sasoi puntu onean egoten naiz normalean, Hiru Hiriburuak honen gisa ezustean sortzen zaizkigun txapelketei aurre egiteko prest.

Zer-nolako txapelketa izan da Hiru Hiriburuak? Atano III.ean jokatu zenituzten txapelketaren finalak, harmailak jendez beteta zirela.

Hiru Hiriburuak txapelketa gauza desberdin bat izan da guretzako. Lehen aldiz antolatu dute aurten eta oso erakargarria izan da guretzat. Txapelketa laburra izatea ere ona izan da. Urriaren 2an hasi ginen Gasteizko Ogetan; han goizez jokatu genituen partidak. Urriaren 9an Bilboko Deportivon aritu ginen, eta urriaren 16an, joan den igandean, finalak jokatu genituen Donostiako Atano III.ean. Beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuak lotu ditugu eta hiru frontoi handi eta ederretan jokatzeko aukera izan dugu. Oso gustura ibili gara eta jendeak ere oso ondo erantzun du. Gauza berria izateak ere piztu du, agian, ikusmina. Dena atera da oso ondo. Honen aurretik, irail bukaeran sanmateotako finala jokatu nuen Adarragan, Logroñon (Errioxa, Espainia). eta hura ere oso ederra izan zen: frontoi hartan jokatzea, errioxarrek pilota nola bizi duten, pilotalekua bete-beteta eta sekulako giroarekin... Egia esan, udan ez nuen berehalakoan pentsatuko pilotan horrelako udazkena botako nuela, batik bat, berez azaro aldera arte ez nuelako lehiatzerik espero. Ederra izan da bi txapelketa horiek jokatzea, bost asteburu segidan aritu naiz partidak jokatzen eta ederra izan da benetan.

Emakume Master Cup-en inguruko txapelketak, Ados Pilota elkarte berriarenak... Zu pilotan hasi zinenetik garapen eta aldaketa nabarmenak izan ditu emakumeen esku pilotak. Nola ikusten duzu uneotako panorama?

Egia da, bai, bilakaera handia izan duela emakumeen pilotak gu jokatzen hasi ginenetik hona. Senarrari esan ohi diodan bezala, nik azkenengo pusketa hau aprobetxatzeko aukera izan dut, baina gaur egun neska gazteek egundoko aukerak dituzte. Guk laga egin genuen bere garaian, umetan ibili ondoren, neskek ez zutelako ondoren pilotan aurrera jarraitzeko aukerarik: ni korrikara pasatu nintzen, kuadrillakoak futbolera... Gu Ilunpen ibilitakoak gara eta gustatu, beti gustatu izan zaigu pilota; eta familia giroan ere, laga, laga, inoiz ez dugu guztiz laga izan pilota. Baina ez genuen pentsatzen berriro galtza zuriak jantziko genituela. Aukera hori sortu zitzaigun, ordea, asko pentsatu gabe murgildu ginen bertan, eta egundoko une politak ekarri dizkit. Leire, esaterako, ez nukeen bestela ezagutuko, eta Leire bezala beste asko. Nire moduan pilota maite duen beste neska talde bat ezagutzeko aukera izan dut eta oso giro ederra daukagu.

Ikusten dudana da indartzen ari dela emakumeen pilota. Adosekoek kuadrillatxo ederra dute, partida mordo bat jokatzen eman dute uda osoa. Neuk, dudan familiarekin, ezin dut itsu-itsuan pilotan horrenbeste murgildu, egunean bi partida jokatuz edota asteburu guztiak okupatuta izanez. Lotura hori ere ez dut nahi, egia esan, eta Master Cup-ak ematen dit lasaiago aritzeko aukera, nahiz eta egitura horren barruan ere gero eta txapelketa gehiago antolatzen dituzten; urte osoko egutegia betetzeko adina txapelketak badaude, baina zeuk egiten duzu aukeraketa, zeinetan izena eman eta zeinetan ez, askatasun osoarekin. EPEn egon nintzen, baina gaur egun ez nago inon. Orain dudan askatasun hauxe da nahi dudana: nahi dudanean, lasterketaren bat korrituko dut; hurrengo batean maratoi erdi bat egin nahi badut, egin egingo dut; eta pilota txapelketa batean izena eman nahi badut, izena eman eta pilotan jokatuko dut. Aukera guztiak irekita izatea ederra da, gustukoa dudan hori egiteko askatasuna izatea. Pila bat ari naiz gozatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide