Labaka eta beste 43, autoen Urrakiko 40. Igoerarako

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 20a, 09:05

Labaka, Araneta, Cuesta, Del Cid, Gurrutxaga eta Arruti, Labakaren hasierako eta gaur egungo autoekin, atzoko aurkezpenaren aurretik

Igande goizean jokatuko da aurtengo edizio borobila, eta 1978ko lehen aldian ere parte hartu zuen pilotu azpeitiarraren partaidetza eta ibilbidea aitortu dituzte antolatzaileek probaren aurkezpenean. Iñaki Alberdi, Iokin Agirre, Iosu Alberdi eta Josu Mate dira Urrakin lehiatuko diren beste lau azpeitiarrak; eta Joseba Iraola galdakoztarra, berriz, irabazteko hautagai nagusia.

Igande goizean itzuliko dira autoen marruak Urrakiko maldetara. 40. aldiz itzuli ere, zenbaki edizio borobil hori ospatuko baitu aurten Urrakiko Igoerak. Hain zuzen ere, Marruak eskuderiak antolatu zuen lehen edizioa, 1978an. Euskal Herriko Mendi Txapelketako lasterketa beteranoetakoa da Azpeitikoa, "Jaizkibelekin eta Arraterekin batera, mitikoetakoa" ere bai, Marruaken lekukoa hartu zuen Lagun Artea eskuderiakoek nabarmendu bezala. Aipatutako txapelketaren aurtengo egutegiko azkenaurreko proba izango da Urrakikoa.

Joxe Labaka Azpeitiko pilotu beteranoa da Urrakiko 40. Igoeraren kartelaren protagonista. Izan ere, Labakak parte hartu zuen 1978ko lehen aldi hartan, eta 2022koan ere parte hartuko du. Kartelean, Labakak Urrakiko lehen igoera hartan erabili zuen Simca 1200 autoa eta gaur egun darabilen Mitsubishi EVO V-a ikus daitezke, eta atzo ere, aurkezpeneko prentsaurrekoaren aurretik, bi auto horiekin atera zituzten argazkiak.

Lagun Arteako Jorge del Cidek ondoan izan zuen Labaka aurkezpenean. Urrakiko Igoeraren 40. edizioaren atarian, "aipamen berezia" egin nahi izan diote antolatzaileek "euskal automobilismoaren benetako mito" bihurtu den gidariari. "Hainbat belaunaldi bizi izan ditu, baita kirol honen bilakaera bera ere", esan zuen Del Cidek, eta bilakaera horretaz hitz egitera gonbidatu zuen Labaka. Urte hauetan guztietan "automobilismoa eta lasterketak asko aldatu" direla esanez ekin zion azpeitiarrak, eta adibidea jartzeko, Urrakiko estreinakoan nola irten zen azaldu zuen: "Segurtasun barrarik ez, eskularrurik ere ez, eta motorako kasko batekin, horrelaxe irten nintzen". Autoen segurtasun neurrietan hobetu den guztia, autoen maila eta errepideak dira, Labakarentzat, duela 40 urtetik hona automobilismoak izan duen bilakaeraren alderdirik onena.

Aurkezpenean, horrelako lasterketa bat 40 aldiz antolatzearen lorpenak talde antolatzailearentzat "atzetik duen lan guztia" azpimarratu zuen Del Cidek, eta "bereziki" goraipatu nahi izan zuen Lagun Arteako presidente Jose Antonio Aranetaren lana. Era berean, urte guztiotan jasotako laguntza eskertu zuen Del Cidek, "babesle guztiena eta Azpeitiko Udalarena". Egoitz Arruti Kirol batzordeburua ere ondoan zuen Lagun Arteako kideak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioaren presidentearekin eta Iñigo Cuesta Gipuzkoako federazioaren presidentearekin batera; Lagun Artea eskuderiaren lana goraipatu eta Urrakiko Igoeraren antolatzaileak zoriondu zituen zinegotziak- "Lan asko eskatzen du horrelako proba bat antolatzeak, gero eta lan gehiago, gainera", aitortu zien ahalegina Arrutik Lagun Arteakoei.

"Motza baina maila handikoa"

44 pilotuk eman dute izena igandean Urrakiko Igoera jokatzeko, zerrenda "motza baina maila handikoa", antolatzaileen esanetan. Joseba Iraola galdakoztarra (Norma NP01) da maila handi horren adibide. Mendiko Igoeren Europako Txapelketan lehiatu da aurten Iraola euskal selekzioa ordezkatuz, eta bera da igandean Azpeitian irabazteko faborito nagusia. Iraola bezala eserleku bakarreko ibilgailuekin irtengo diren Aitor Manso (BRC B49, txapelketaren liderra), Iñaki Jauregi (Speed Car) eta Julien Salaberri (Speed Car) izan daitezke Iraolaren aurkaririk gogorrenak Urrakin.

Turismoen artean "lehia irekiagoa" aurreikusten dute antolatzaileek. Bruno Scherer (Porsche 911 GT3), Igor Urien (Citroen AX), Javi Elortegi (Seat 600), Alberto Marcos (BMW M3) eta Urrakiko Igoeretako "beste mitiko bat", Lebeiti (Renault Clio N5) aipatu zituzten atzoko aurkezpenean, baita Iñaki Alberdi (Porsche 911 GT3) eta Iokin Agirre (BMW M3) azpeitiarrak ere.

Etxeko pilotu gehiago ere ariko dira igandean Urrakiko maldetan: Iosu Alberdi eta Josu Mate azpeitiarrak, Ugaitz Olariaga eta Egoitz Odriozola azkoitiarrak, Gurutz Agirretxe errezildarra eta Ekain Otaegi beizamarra.

Ordutegiak

Zapatuan, 15:00etatik aurrera egingo dituzte egiaztapen teknikoak eta administratiboak, Epaitegien plazan eta Garoa kafetegian, hurrenez hurren.

Igandean, 09:00etarako itxiko dute Urrakiko errepidea eta 10:00etan hasiko da entrenamendumanga bakarra, eta ondoren etorriko dira lasterketaren bi manga ofizialak. Antolatzaileek gogoratu dute ikusleek proba hasi baino ordu erdi lehenago egon beharko dutela lasterketa ikusteko aukeratzen duten lekuan, eta debekatuta dagoela ibilbide bazterrean autoak aparkatzea.

Sari banaketa 14:00 aldera egingo dute Antzibarrena industrialdean. Bestetik, lasterketaren emaitzak zuzenean jarraitu nahi dituztenek horretarako aukera izango dute fotomotor.es webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide