Azoka Plazan eta Soreasu eraikinean eguzki plakak jarriko ditu Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2022ko urr. 25a, 10:16

Udaletxeko teilatuan hainbat eguzki plaka ikus daitezke. (Azpeitiko Udala)

Orain dela egun gutxi jakin du udalak horretarako Energiaren Dibertsifikaziorako eta Aurrezpenerako Institutuaren (EDAI) dirulaguntza jasoko duela. Gainera, iazko udan udaletxeko teilatuan jarri zituen eguzki plakak erakundeak, eta horretarako ere jaso zuen dirulaguntza.

Azoka Plazan eta Soreasu eraikinean eguzki plakak jarriko ditu Azpeitiko Udalak, eta erakundeak azaldu duenez, orain dela egun gutxi jakin du horretarako Energiaren Dibertsifikaziorako eta Aurrezpenerako Institutuaren (EDAI) dirulaguntza jasoko duela.

Ez da energia efizientzia bultzatzeko erakunde horretatik jaso duen lehen laguntza izango; izan ere, udaletxearen eraikinean eguzki plakak jartzeko ere jaso ditu dirulaguntzak udalak. Gainera, herriko kale argiteria LED argietara aldatzeko proiektuarentzako –766.000 euroko aurrekontua du– laguntza ere eskatuko duela jakinarazi du herri erakundeak.

Energia trantsizioan sakontzeko helburuz, eraikin publikoetan energia efizientzia hobetzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko azterketak egin ditu Azpeitiko Udalak. Horien ondorioz, hainbat eraikinetan plaka fotovoltaikoak jartzen hasia da erakundea, autokontsumorako pausoak ematea xede hartuta. Hain zuzen ere, iaz udaletxearen eraikinean jarri zituzten eguzki plakak, eraikin horretan kontsumitzen den energia sortzeko.

Plakak, udaletxean

Udaletxeko teilatuan 129 eguzki panel jarri zituzten iazko uztailean. Dibertsifikaziorako eta Energiaren Aurrezpenerako Institutuaren laguntza eskatu zuen Azpeitiko Udalak plakak jartzeko, eta eskuratu du: izan ere, eguzki plakak jartzera 149.465 euro bideratu ditu erakundeak, eta horietatik 74.728 euro EDAIk jarri ditu.

Udalak emandako datuen arabera, udaletxeko eraikinean 109.430 KWh kontsumitu ditu 2021eko abuztuaren 1etik 2022ko uztailaren 31ra bitartean, eta horietatik 49.736 KWh eguzki plaketatik jaso dira. Horrenbestez, udaletxean kontsumitutako energiaren %45,45 lortu dute plaketatik. Erakundearen arabera, "aurreikusitako energia" sortu dute horiek. Gainera, eraikinaren energia kalifikazioa hobetu egin da, D mailatik C mailara pasatu baita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide