Trikitilarien eta trikitizaleen bilgune bilakatuko da bihar Azpeitia

Julene Frantzesena 2022ko urr. 27a, 09:53

Trikigiroren iazko edizioko irudi bat. (Ibon Errazu)

Hainbat trikitilari gaztetxok emanaldia eskainiko dute 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Ondoren, ehundik gora lagunek kalejira egingo dute Alde Zaharrean, eta hori bukatzean, afaria eta erromeria egingo dituzte Sanagustinen. Trikigiro "edonorentzako plaza" dela azaldu du antolakuntza taldeko kide Lurdes Alkortak. Egitasmoan herritarrek duten parte hartzean jarri du hark arreta.

Trikilariek eta trikitizaleek hitzordu garrantzitsua dute bihar. Izan ere, Trikigiro jaialdia izango da iluntzetik goizaldera arte. Aurtengoa jaiaren zazpigarren edizioa izango da, eta aurreko urteetan egindakoari tiraka prestatu dute aurtengo egitaraua ere.

Zehazki, 19:00etatik 20:00etara Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Azkoitiko, Aizarnazabalgo eta Hernaniko hainbat trikitilari gaztetxok emanaldia eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. Ondoren, 20:00etatik 21:00etara, Alde Zaharrean barrena kalejira egingo dute trikitilari helduek, gaztetxoek nahiz haurrek. Hori bukatzean, parte hartzaile guztiek argazkia aterako dute plazan, eta gero afaria nahiz erromeria egingo dituzte Sanagustinen.

Prestatu dituzten ekintzetan trikitilari "mordo batek" parte hartuko dutela aurreikusten dute Trikigiroren sustatzaileek. Hala dio Lurdes Alkortak: "Gaztetxoen emanaldian 85 lagunek parte hartuko dute, eta kalejiran, beste trikitilari ugari ere izango dira; 120 bat edo". Afaritarako, berriz, 170 bat txartel saldu dituztela azaldu du.

2016an egin zuten Trikigiro egunaren lehen edizioa, eta orduko hura "benetan arrakastatsua" izan zela oroitu du Alkortak. Harrezkero, egitasmoa "ilusio handiarekin" prestatzen dutela azaldu du. "Pandemiaren eraginez, ezin izan genuen Trikigiro eguna egin, baina gainerakoan, urtero gauzatu dugu".

Denentzako festa

Garbi azaldu du Alkortak zer den eta norentzat den Trikigiro: "Edonorentzat plaza da. Hasiera-hasieratik trikitia ikasten ari diren ikasleei zuzendu izan zaie jaialdiaren zati bat, kalejiran edonork parte har dezake, eta afalosteko erromerian ere bai. Aurten, gainera, berrikuntza txiki bat ere izango da".

Hain zuzen ere, berrikuntza horretan egin du azpimarra. "Gaueko erromerian arituko ziren musikariak aurrez izendatzen ziren orain arte, baina aurtengoan nahi duen ororentzat izango dira ateak zabalik. Antolakuntza taldeak mahairik mahai ibiliko da taldeak osatzen, eta aspertu arte, nahikoa soinu eta pandero hots izango da Sanagustinen".

Aurtengoa ere trikitiaz nahiz panderoaz gozatzeko arratsalde-iluntze "ederra" izango dela aurreratu du egitasmoaren sustatzaileak. Trikigiroren helburuak ere ekarri ditu gogora. "Haurrek, gazteek eta helduek trikitia eta panderoa elkarrekin jotzeko juntadizoa egitea zen egitasmoaren hasierako helburua, baita gaur egun trikiti eskoletan dabiltzan ikasle horiek guztiek beren afizioa haientzat erreferente izan daitezkeen trikitilariek partekatzea ere". 

Gainera, Urola bailaran trikiti afizioa "betidanik indartsu" egon dela esan du hark, eta herritarrei hori erakustearen garrantziaz ere ohartarazi du. "Uste dut, hein batean, lortu dugula hori; izan ere, urtez urte, gero eta jende gehiagok parte hartzen du Trikigiron. Oso gustura gaude herritarren parte hartzearekin".

Trikitiaren loraldia bizitzen ari ote diren galdetuta, zera erantzun du Alkortak: "Zer esango dut ba nik... Nire lorea horixe da, trikitia. Baina, bai, gaur egun trikitia indartsu dagoela esango nuke. Azkoitian egin berri dute Trikigiroren antzeko zerbait, eta hilabeteren buruan bi ekitalditan jende ugari elkartzeak zerbait esan nahi duela uste dut".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide