Herriko landa lurren mugak zehazteko eta digitalizatzeko prozesua hastear da udala

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 28a, 16:37

Izarraitz aldeko hainbat lursailen mugak zuzenduko dituzte proiektuaren lehen fasean.

"Mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea" dira helburuak. Hemezortzi eremu edo poligonotan banatuta daude udalerriko lursailak, eta Izarraitz barreneko 1 eta 7 poligonoetako lurren mugak dira zuzenduko dituzten lehendabizikoak. Poligono horietako lurjabeekin bilerak egingo ditu udalak azaroaren 24an. Izan ere, lursailen jabeen parte hartzea "ezinbestekoa" da prozesua gauzatu ahal izateko. Horiek ez dute inolako gasturik izango, baina "mugakideen artean adostasunik ez badago, ezin da proiektua egin", ohartarazi du erakundeak.

Landa eremuko lursailen mugak eta mugarriak zehaztu eta horiek digitalki jasotzeko eta gordetzeko lanak hastera doa Azpeitiko Udala. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailak dirulaguntza lerro bat jarri du martxan, udalerriek beren lurren mugak digitalizatu ahal izateko proiektuak gara ditzaten; eta Azpeitia da horretarako dirulaguntza eskatu duen udalerrietako bat.

"Mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea" dira luze joko duen proiektuaren helburuak. Udalaren arabera, landa eremuko lursailen mugak identifikatzea eta zehaztea "gero eta zailagoa gertatzen da". Belaunalditik belaunaldira mugen gaineko jakintza galtzen joan da, eta horrek hainbat arazo ekarri ditu eta ekar ditzake. "Jabeek edo haien oinordekoek landa jabetzak ahaztu edo ezagutzen ez badituzte, mugarriak eta mugak nahasgarriak izango dira edo, besterik gabe, desagertu egingo dira. Horren ondorioz, mendia ez da zaintzen, eta horrek ondorio larriak ditu landa munduan", azaldu du erakundeak.

Horrelakoei aurre egiteko sortu du Aldundiak aipatutako dirulaguntza lerroa, eta hori baliatuko du Azpeitiko Udalak herriko landa eremuko lursailen mugen nondik norakoak eguneratzeko eta behar bezala zehazteko. Beraz, 836 hektarea hartzen dituzten 500 partzela mugatzeko lanak hasi ditu erakundeak. Lehen fasean, Azpeitiko landa lurrak antolatuta dauden hemezortzi poligoenetako bitan egingo dituzte mugak zehazteko lanak; Izarraitz aldeko 1 eta 7 poligonoetako lurren mugak dira zuzenduko dituzten lehendabizikoak, "eremua oso zabala delako". Gainerako poligonoetako lanak "hurrengo urteetan" egingo dituzte.

Mugakideen adostasuna behar

1 eta 7 poligonoetan lursailak dituzten jabeekin bilerak egingo ditu udalak azaroaren 24an, 11:00etan eta 18:00etan. Izan ere, lursailen jabeen parte hartzea "ezinbestekoa" da prozesua gauzatu ahal izateko. "Jabeen partaidetza borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo", zehaztu du udalak, baina "mugakideen artean adostasunik ez badago, ezin da proiektua egin", ohartarazi du. Baldintza hori kontuan hartuta, erakundeak laguntzeko dei egin die lurjabeei, "mugakideekiko mugak adostu ditzaten".

Mugak zehazteko prozedura bukatutakoan lursaileen jabeek trukean jasoko dutena ere zehaztu du udalak. "Egingo diren lanen emaitza bezala, plano pertsonalizatuak emango zaizkie titularrei, lursailen mugak eta gaur egun dauden mugarrien zein berrien koordenatuak zehaztuz. Gainera, zuzenak ez badira, katastroko mugak zuzenduko dira".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide