Hementxe bertan

Mohammad Rafi: "Euskal Herrian bizitzeko jakin egin behar da euskara"

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 24a, 10:05

Mohammad Rafi. (Ihintza Elustondo)

Mohammad Rafi (Chandala, Pakistan, 1995) Euskal Herrian bizi da 2010. urteaz geroztik. 14 urterekin utzi zuen sorterria; lehenik, Zestoan bizi izan zen, eta egun, Azpeitia du bizilekua. Familia, lana eta kriketa dira haren eguneroko zimenduak.

Primeran hitz egiten duzu euskaraz. Non ikasi duzu?

Urola Ikastolan. Lehenik, irakasle berezi bat jarri zidaten euskara ikasteko, hiru-lau hilabetez, eta gero, eskolak normal jasotzen hasi nintzen. DBHko 3. mailan nengoen orduan. Inguruko jendeak asko lagundu dit, eta gaur egun, ondo moldatzen naiz euskaraz.

Zer egin zenuen ikastolako bidea amaitzean?

Bi urte eta erdi egin nituen Urolan, eta gero, Elgoibarko [Gipuzkoa] Mekara joan nintzen. Elektromekanika eta karrozeria ikasi nituen han. Ordutik, ogibide ezberdinetan aritu naiz, eta egun, herriko tailer batean aritzen naiz lanean. Asteburuetan, berriz, kriketean jokatzen dut.

Pakistandar asko aritzen zarete kirol horretan. Zuen kulturan ohikoa al da hori?

Pakistanen ez dira futbolean-eta ibiltzen, han ez daude Euskal Herrian bezainbeste futbol zelai. Pakistanen ia denoi gustatzen zaigu kriketa; hemen futbola den bezala da han kirol hori. 2010ean iritsi ginen hona, eta ordutik, urte batzuetan jende gehiago eta besteetan gutxiago elkartu izan gara kriketean jokatzeko. Gaur egun, Azkoitiko eta Azpeitiko jendea elkarrekin aritzen gara, eta pixkanaka, ari da berriro indarra hartzen kriketa. Igandeetan, normalean, 40-50 lagun elkartzen gara Goenan, eta ederki pasatzen dugu. Orain, gainera, paletan ere aritzen gara. Urrestillako frontoian elkartzen gara astelehen edo astearte gauetan, eta pala txapelketa antolatzea pentsatzen ari gara.

Mutilak bakarrik ibiltzen al zarete kriketean, ala neskak ere aritzen dira zuekin?

Momentuz, neskak ez dira ibiltzen; Pakistanen ez, eta Euskal Herrian ere ez. Dena den, emakumeen kriketeko talde nazionala sortu dute Pakistanen, futbolekoa ere bai, hockeykoa... Pixkanaka, ari da kiroletan emakumeen presentzia areagotzen. Baita hezkuntzan ere; gero eta emakume gehiago joaten dira unibertsitatera.

Azpeitian Pakistango jende asko bizi al da?

Bai, eta gehienak gure familiakoak dira, gainera. Pakistango Chandala herrikoa naiz ni, eta hango herritarren %60-80 Azkoiti-Azpeitian bizi dira egun. Ia herritar guztiok inguruan gaude. 1999an etorri zen gure aita Euskal Herrira, eta gero, gainontzeko familia guztia. Gaur egun, ezkonduta nago, eta alaba bat daukat.

Zergatik alde egiten du hainbeste jendek Pakistandik?

Hobeto bizitzeko. Lan asko egin eta gutxi kobratzen da han. Ikasketarik ez baduzu, diru gutxi irabazten duzu, gobernuaren lanpostuak eskuratzen ez badituzu behintzat. Orain ari da egoera pixka bat aldatzen, baina orain arte oso atzerakoia izan da Pakistan. Pixkanaka, hasi dira ikasteko erraztasunak jartzen, eta gero eta jende gehiagok egiten ditu unibertsitateko ikasketak. Eta ikasita, diru gehiago irabazten duzu. Hori horrela, egun jende gutxiagok uzten du herrialdea.

Zer moduz bizi zara Euskal Herrian?

Zoragarri, han baino hobeto. Ondo egokitu naiz, eta gustura bizi naiz hemen.

Zerbaiten falta sumatzen al duzu?

Familia guztia elkarrekin gaude Euskal Herrian, eta oso pozik nago.

Zure ustez garrantzitsua al da Euskal Herrian bizitzeko euskara ikastea?

Hemen bizitzeko derrigorrez ikasi behar da euskara. Pakistanen ere bi hizkuntza hitz egiten dira, eta han ere bat jakinda ez da nahikoa; biak menperatu behar dira. Ez zait ondo iruditzen Euskal Herrian bizi eta gaztelania bakarrik ikastea. Izan ere, euskara baldin badakizu, medikuarenera joateko, adibidez, ez diozu inori laguntzeko eskatu behar. Uste dut hemen bizitzeko jakin egin behar dela euskaraz, ia leku guztietan euskaraz egiten delako. Eskutitz formalak-eta bi hizkuntzetan iristen dira etxera, baina kalean euskaraz bizi da jendea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide