Julen Egiguren: "Banekien Bakaikoari irabazteko kantxan denbora luzez aritu beharko nuela"

Julene Frantzesena 2022ko aza. 3a, 09:15

Julen Egiguren artxiboko irudi batean.

Iazko txapelduna garaitu eta finalerako bi txarteletako bat bereganatu du Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000). Bigarrenez, Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko du azaroaren 12an, zapatua, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Finalaz lehen aldi hartan baino gehiago disfrutatzea du xede, baita egokitzen zaion aurkariari aurre egitea ere.

Bigarrenez jokatuko duzu lau eta erdiko txapelketaren finala. 2020an gelditu zitzaizun arantza kentzea al duzu xede?

2020koa lehena izan zen, baina ez zitzaidan ondo atera. Orduko hartan izugarrizko paxara eman zidan Aitor Elordik. Pena izan zen, baina tira... Aurten finalera hobeto iritsiko naizela uste dut. Udan ondo aritu naiz, eta finalerdi zail bat gainditu dut. Aurtengorako jarri dudan helburua finalaz gehiago disfrutatzea da, baita tokatzen den aurkariari aurre egitea ere.

Aurreko urteko txapelduna, Joanes Bakaikoa, garaituta lortu duzu finalerako txartela. Gustura al zaude?

Ikaragarria izan da niretzat; izan ere, bera da aurreko urteko txapelduna. Denok dakigu bigarren mailan zein den Bakaikoa; zaildutako pilotaria da, erraz aritzen da eta oso zaila da hari irabaztea. Beraz, oso-oso gustura nago.

Zer moduz sentitu zinen herenegun kantxan?

Partida gogorra izan zen. Banekien Bakaikoari irabazteko kantxan denbora luzez aritu beharko nuela. Mentalki prestatuta joan nintzen partidara; ez nuen amore eman une bakar batean ere, nahiz eta partida guztian atzetik joan. Horrek asko balio izan zidan partida irabazteko. Horrez gain, partidan sentipen onak izan nituen; ikusten nuen irabazteko aukerak banituela.

Ba al zenuen finalera sailkatzeko esperantzarik?

Txapelketa hasi zenean, udako joko onari jarraipena ematea jarri nuen helburutzat. Lehenik, finalerdietarako txartela eskuratu nahi nuen, eta behin hori lortuta, Bakaikoa aurkari izango nuela kontuan hartuta, finala ez nuen xedetzat hartu. Hari gauzak zail jartzea nahi nuen, eta lortu dut.

Bi final jokatu dituzu azken hiru urteetan profesionaletan –lau eta erdikoa eta buruz burukoa–. 2020an egindako elkarrizketan esan zenuen txapel bat lortzea zela zure ametsa. Amets horrekin jarraitzen al duzu?

Hirugarren finala izango dut, bai. Lehen biak profesionaletan hasi eta nahikoa azkar jokatu nituen, nahikoa segidan, gainera. Bi aurkari gogor egokitu zitzaizkidan, eta ezin izan nuen txapela lortu ez batean, ez bestean. Ea hirugarrenean partida hobea jokatu, pixka bat gehiago disfrutatu, txapela lortu eta ametsa betetzerik dudan.

Iker Salaberria edo Hodei Exposito izango duzu aurrez aurre finalean. Nola ikusten dituzu arerio posibleak?

Ostiralean jokatuko dute horiek bigarren finalaurrekoa. Salaberriaren kontra ligaxkan jokatu nuen, partida oso gogorra izan zen, eta berak irabazi zuen. Exposito, berriz, hasiberria da, baina pilotari oso indartsua dela erakutsi du.

Nola ari zara finalerako prestatzen?

Aste hau datorreneko entrenamenduak antolatzeko baliatuko dut. Egin beharreko lan handiena eginda dago jada. Dena den, maila onari jarraipena emateko eta finalera indartsu iristeko entrenamendu saio batzuk egingo ditut.

Zer moduz doa denboraldia?

Urtea ez nuen batere ondo hasi. Iaz bi lesio izan nituen, segida antzean, eta asko kostatu zitzaidan horiei buelta ematea. Aurtengo lehen seihilekoa nire berezko maila baino baxuagoan igaro nuen; erritmo falta handia sumatzen nuen, eta ez nuen egoera iraultzea lortzen. Udan aldatu egin da guztia; pauso bat aurrera eman dut, eta disfrutatzen ari naiz.

Zer helburu jarri diozu zure buruari denboraldira begira?

Lau eta Erdiko Txapelketan aritu naiz, gustura nago egindako lanarekin; izan ere, finalera sartzea lortu dut. Oso gustura nago horrekin. Lehia hori bukatu eta berehala hasiko da Binakako Txapelketa. Luzea izango da, baina nire burua lehia horretan aritzeko moduan ikusten dut, ondo sentitzen naiz, eta ea txapelketa horretan ere emaitza onak lortzen ditugun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide