Ardoa, txorizo egosia eta gazta aukeran, XV. Libre Ardo Dastaketa Egunean

Nerea Uranga 2022ko aza. 5a, 09:05

XV. Libre Ardo Dastaketa Egunaren antolaketan parte hartzen duten eragileetako ordezkariak. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Azaroaren 12an, gaur zortzi, egingo den ospakizunean, hamasei upategitako ardoak, 27 harategitako txorizo egosia eta herriko gaztandegietako gazta dastatzeko aukera izango da herriko plazan, 11:30etik 14:30era artean. Ardo dastaketarekin batera, Euskal Herriko VIII. Txorizo Egosi Lehiaketa jokatuko da.

Libre Ardo Dastaketa Egunak hamabosgarren edizioa izango du aurtengoa, eta datorren zapatuan, azaroaren 12an, ospatuko da 11:30ean hasita herriko plazan. Jan-edanerako festa egunaren barruan, ardoa dastatzeaz gainera, gaztaren eta txorizo egosiaren pintxoak dastatzeko aukera izango da, 14:30ak artean.

Ardo dastaketa eguna herritarrek zein bisitariek "eguerdiarte ederra" pasatzeko helburuarekin prestatu dutela esan dute ospakizun egunaren antolatzaileek. "Ardo Dastaketa Eguna egun seinalatua izan ohi da azpeitiarrontzat, eta aurten, dataz ohi baino beranduago bada ere, egin egingo da", adierazi du Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak. "Festa egun polita" izan ohi dela nabarmendu du Odriozolak: "Plazan giro polita sortzen da. Jende asko biltzen da, eta horren lekuko dira aurretik egindako hamalau edizioak". Ardo Dastaketa Egunaren antolaketan era batera edo bestera parte hartzen dutenak eskertu ditu zinegotziak: "Eskerrak eman nahi dizkiet bereziki eguna antolatzen eta aurrera ateratzen laguntzen duten norbanako, elkarte, harategi eta upategi guztiei; tartean, Gipuzkoako Merkataritza Federazioari, Odriozola Ardoak-eki, harakinen eta txerrikien elkarteei eta Azkune fruta dendari". 

Hamasei etxetako ardoa

Arabako Errioxako eta Errioxako jatorri izeneko hamasei upategitako ardoak dastatzeko aukera izango da aurtengo Libre Ardo Dastaketa Egunean. Honako upategietako ardoak izango dira dastagai azaroaren 12an: Arabako Errioxako jatorri izeneko Tobelos, Luis Alegre, Eguren Ugarte, Viña Salceda, Viña Real, Ostatu eta Pierola; Errioxako jatorri izeneko Rioja Vega, Zinio, Dominio de Berzal, Cvne, Beronia, Valcuerna eta Olarra; eta Nafarroako Inurrieta eta Portugalgo Quinta do Barco. Ardoa dastatzeko kopa euro batean salduko dute plazan, eta ardoaren txartelak (bi dastaketa) bi euroan salduko dituzte. Txartelak, beraz, binaka erosteko aukera egongo da. Postuetan Libre dinamikako kideak ariko dira ardoa ateratzen.

Edanari laguntzeko, txorizo egosiaren eta gaztaren pintxoak salduko dituzte plazan; pintxo bakoitzak bi euro balioko ditu. Gazta pintxoak bertako gaztandegiek jarritako postuetan salduko dituzte, eta txorizo egosiaren postuan Misio Taldeko kideak ariko dira lanean, eta hortik bildutako dirua talde horren elkartasun proiektuetarako izango da.

27 harakin, Euskal Herriko VIII. Txorizo Egosi Txapelketan

Azken urteetan ohi bezala, Ardo Dastaketa Egunarekin batera Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketa ere jokatuko da Azpeitiko plazan. VIII. aldia izango du aurten lehiaketak, eta Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako 27 harakinek parte hartuko dute. Era honetako lehiaketak beren lana eta produktuak ezagutarazteko garrantzitsuak direla esan dute txapelketaren aurkezpenean Valentin Odriozola eta Virginia Santoveña harakinek. Era berean, harakinek txapelketan parte hartzeko eta antolatzeko "egin duten ahalegina" eskertu dute, baita Ederto-harakil elkartea sortzeko Bertan merkatarien elkarteak emandako laguntza ere. Txapelketa aurrera eramateko txorizoak egosteko lanak Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldekoek egingo dituzte, eta egun horretan bildutako dirua, talde horren proiektuetara bideratuko da.

Txorizo egosi txapelketaren irabazleak txapela eta Mikel Sanjuan tailugileak egindako garaikurra jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren egiten dutenek, berriz, Azpeitiko Udalaren garaikurra jasoko dute. Txapelketan parte hartuko duten harakinek diploma bana eskuratuko dute, eta horien guztien artean asteburu pasa bat zozkatuko dute. Horrez gainera, txapelketan aurreneko postuan sailkatzen diren hiru harakinei datorren urtean Azpeitiko plazan txorizoa saltzeko postua jartzeko aukera eskainiko zaie. Aurten, beraz, 2019an egindako Euskal Herriko VII. Txorizo Egosi Txapelketan sailkatutako lehen hirurek txorizoa saltzeko postua jartzeko aukera izango dute plazan; edizio horretan, Azpeitiko Zabala harategia izan zen txapelduna, bigarren Olatzagutiako (Nafarroa) Pako harategiak egin zuen eta hirugarren Segurako (Gipuzkoa) Ondarre harategiak.

Aurtengo txapelketaren epaimahaia honakoek osatuko dute: Arantxa Arregi, Beatriz Larrañaga, Jesus Mari Deba, Mikel Uria eta Ederto elkarteko ordezkaria.


Arratsaldean, berriz, Errebalean San Martin festak izanik, sokamuturra izango da kale horretan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide