Anbulatorioko egoera urtebetean "hobetu" egin bada ere, Udal Gobernuak osasun sistema indartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Julene Frantzesena 2022ko aza. 9a, 14:13

Atzoko udalbatzarreko irudia.

EH Bilduk osasun sistema publikoaz eta Azpeitiko anbulatorioaren egoeraz aurkeztutako mozioak iritzi trukaketa sortu zuen atzoko udalbatzarrean. Koalizioak arreta zerbitzua bermatzeko eta Azpeitiko anbulatorioan osasun mentaleko zerbitzuak indartzeko eskatu zuen, eta Udal Gobernuko kideen aldeko bozekin onartu zen mozioa. EAJk "harridura" agertu zuen mozioa aurkeztu izanagatik, eta hari "hauteskunde kutsua" hartuta, ezezko botoa eman zuten zinegotzi jeltzaleek.

Azpeitiko Udaleko ordezkariek atzo egin zuten azaroko udalbatzarra, eta beste hainbat gairen artean –izapide kontuak ia denak, eta aho batez onartuak–, osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa izan zuten hizpide. Horixe izan zen atzoko bilkuran zeresana sortu zuen gai bakarra; izan ere, udalean ordezkatuta dauden bi alderdien artean iritzi trukaketa sortu zuen testuak.

Eusko Jaurlaritzaren "murrizketak eta planifikazio eza" jarri zituen mahai gainean EH Bilduk mozioarekin, eta Azpeitiko anbulatorioko egoera horren erakusle dela azaldu zuten Udal Gobernuko ordezkariek. Herriko osasun zentroko egoerak urtebetean "hobera" egin badu ere, oraindik ere badirela hobetzeko hainbat gauza eta hutsune azaldu zuen Leire Goenaga EH Bilduren Udal Gobernuko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak: "Mozioaren funtsa kezketatik eta ezinegonetatik dator. Orain dela urtebete baino hobeto gaude, baina ezin dugu hilabetera nola egongo garen ziurtasunik gabe egon. Herritarren osasuna lehentasuna da, osasunak ez du kolorerik, eta ezin dugu hari baten gainean ibili". Amaia Etxeberria EAJren bozeramaileak, baina, mozioari "hauteskunde kutsua" hartu ziotela azaldu zuen. Jeltzaleek testuaren funtsarekiko desadostasunik ez zuten agertu, baina mozio aurkeztu izanak sortutako "harridura" tarteko, ezezko botoa eman zuten. Udal Gobernuko zinegotzien aldeko botoarekin onartu zen testua.

Murrizketekin "kezkatuta"

Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak Azpeitiko anbulatorioko azken urtebeteko egoeraren errepasoa egin zuen Nagore Alkorta alkateak mozioaren puntuak irakurri aurretik. Hark adierazi zuenez, arazoa "orokorra" da, ez Azpeitikoa bakarrik, eta aitortu zuen "denbora" beharko dela gauzak konpontzeko. Hain zuzen ere, Azpeitiko anbulatorioan azken urtebetean bizi izandako egoera ekarri zuen hark gogora, mozioa aurkeztu izanaren zergatia azaltzeko.

Goenagak 2021eko azarora jo zuen, herriko osasun etxeko egoera "larritzen" hasi zen unera. "Iazko azaroan familia medikuen baja luzeak etorri ziren, eta horiek ez ziren ordezkatu; beraz, hamar medikuren ordez, hiru gutxiago aritu ziren lanean. Ordutik, baina, baja gehiago izan ziren, oporraldiak ere bai, eta 5-6 mediku aritu dira eguneroko lana egiten". Hark adierazi zuenez, lanean aritu diren medikuek "arazo asko" izan dituzte egoera hori tarteko, baina lehen arreta bermatzeko "izugarrizko lana" egin dutela esan zuen. "Ahal duten guztia egin dutela eta herritarrei erantzuten buru-belarri aritu direla aitortu beharra dago. 4.500-5.000 herritar izan dira familia mediku finkorik gabe, baina egia da behar izan duena artatu egin dutela".

Hasi berri den hilabeteko egoera ere izan zuen hizpide hark. Izan ere, aurretik aipatu zuen egoera hartatik urtebetera, hamar medikutik zortzi ari direla lanean azpimarratu zuen Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Gainera, asteon, Osakidetzak hutsik diren postuak bitartekotasun postuekin betetzeko lan eskaintzak aterako dituela aurreratu zuen. "Ekainean ere atera zituen hiru postu Osakidetzak, baina inork ez zituen hartu; postuak betetzeko medikuak falta dira", aitortu zuen hark. Dena den, lehen arretako medikuei dagokienez, Azpeitiko anbulatorioko egoera duela urtebetekoa baino "hobea" dela esan zuen Goenagak, baina "hari baten gainean" ezin dela ibili aldarrikatu zuen.

Hala eta guztiz, beste hutsune bat ere izan zuen hizpide: osasun mentalaren arloa. "Asko kezkatzen" dituen gaia dela adierazi zuen, egoera zaurgarrian herritar asko daudelako eta pandemia tarteko zenbait gaixotasun areagotu egin direlako. Azpeitiko osasun zentroan psikiatra bakarra dagoela eta errefortzu batek astean behin laguntzen duela adierazi zuen, baina Azpeitiaren antzeko biztanleria duten herri hainbatetan, egunerokoan zerbitzua bi psikiatratak eskaintzen dutela jakinarazi zuen. "Osakidetzako ordezkariek aitortzen dute Azpeitian ere badirela bi psikiatra izateko adina biztanle. Dena den, gaur-gaurkoz, bi-hiru hilabeteko tartearekin ematen dituzte txandak, eta uste dugu arazo mentalak dituzten pertsonek ezin dutela hainbeste denbora itxaron".

"Hauteskunde kutsudun mozioa"

EAJren bozeramaileak "harridura" erakutsi zuen EH Bilduk mozioa aurkeztu izanagatik; izan ere, Etxeberriak azaldu zuenez, Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak aurkeztutako gai berberari buruzko mozioa landu zuten martxoko udalbatzarrean. "Zuek –Udal Gobernuari erreferentzia eginez– askotan esan izan diguzuen bezala, hauteskunde kutsua ikusten diogu mozioari". Etxeberriak begi onez ikusi zuen Azpeitiko anbulatorioko egoeraren urtebeteko balantzea egin izana, eta "gabeziak badiren arren", egoerak "txarrera beharrean egonkortzera" egin duela azpimarratu zuen. "Kontziente gara dauden gabeziez, baina ez dugu uste borondate faltagatik denik, lehen arretako medikuak falta direlako baizik". Goenagak, horri erantzunez, osasun sisteman "murrizketak" izan direla azpimarratu zuen, eta horrek "kezkatzen" dituela azaldu, baina hori profesionalen faltak eragindakoa dela badakitela esan zuen.

Gainera, Baigerak mozioa aurkeztu zuenean jeltzaleak "elkarlanerako prest" agertu zirela azaldu zuen Etxeberriak, "nahiz eta gero ez zen halakorik gertatu". Horri erantzunez, martxotik Osasun Sailaren feed back-a jasotzen "saiatu" direla azaldu zuen Nagore Alkorta alkateak: "Lerro bakarrekoa izan da jaso dugun erantzuna". Horren harira, Rebeka Larrañaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeko EAJren ordezkariak ere hartu zuen hitza, eta hark Osasun Sailak Azpeitiko Udalari emandako erantzunean jarri zuen arreta: "Arrazoia duzue egoera denon artean aldatu behar dela esatean. Baina ez dut uste gaia lantzen ari ez direnik esan dizuetenik goragoko erakundeek; ez dute esan ez dutenik arazorik ikusten eta ez dutela gaia landuko. Gauzak aldatzen ari direla esan dizuete. Errealitatea ikusita, arazorik ez dagoela eta ezer ez dutela egingo esan izan balute, ulertuko nuke mozioa aurkeztea, baina ez da horrela izan".

Hark, gainera, halako aldaketak emateko "denbora" behar izaten dela azpimarratu zuen. "Denbora pasatu egiten da, errealitateak aldatu egiten dira, eta gauzak kolapsatzen hasten direnean konturatzen gara buelta eman behar zaiela. Ezin da, ordea, dena segituan aldatu, kostatu egiten da. Axolagabekeria al da hori? Ez. Egoera aldatu egin da, eta egoera berriaren aurrean aldaketak egin behar dira".

Mozioaren puntuak

Honako hauek dira EH Bilduk mozioan jaso dituen eskaerak:

1.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak berma ditzala.

2.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio eredua alda dezala, lehen arretan haien garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko duten kontratu egonkorrak bermatuz. Halaber, gainerako osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xedearekin, Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea aztertzea, beti ere egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.

3.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehen arretako eskaintzen duten medikuen, erizainen eta gainerako osasun profesionalen kopurua handitu dezala, diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.

4.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Azpeitiko osasun zentroko Osasun Mentalaren Saileko profesional psikiatrikoak indartu ditzala.

5.- Azpeitiko Udalak aurreko puntu hauen guztien jarraipena egiteko konpromisoa hartzen du.

 

(Uztarriak joan zen uztaileko aldizkarian egin zuen Azpeitiko anbulatorioari buruzko erreportajea osasun langileekin, Osakidetzarekin, Udal Gobernuarekin, udaleko EAJren taldearekin nahiz Baigerako kideekin hitz eginda)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide