40. Euskal Antzerki Topaketak

Historia, oroimena eta errekonozimendua izan dira protagonista Euskal Antzerki Topaketen 40. Topa ekitaldian

Julen Imaz eta Anartz Izagirre 2022ko aza. 12a, 18:10

Euskal Antzerki Topaketen 40. edizioa da aurtengoa, eta urteurren borobil horren harira, ekitaldi berezia egin dute gaur, larunbata, Dinamoa sormen gunean. Bertan izan dira era batera edo bestera herriko antzerkigintzaren eta topaketen parte izan diren hainbat herritar, eta giltzarri izan diren hiru herritar ere omendu dituzte ekitaldian. Saioaren amaieran, urtemugaren harira Soreasu auzoan egindako murala bisitatu dute gonbidatuek, eta familia argazki erraldoia atera dute.

Urteurren borobila da aurten Euskal Antzerki Topaketentzat. Izan ere, 40 urte bete dira 2022. urte honetan lehen aldiz topaketak antolatu zirenetik. Ordutik, hainbat izan dira modu batean edo bestean topaketen parte izan diren herritarrak, eta Azpeitiko Udalak zein Kulturaz kooperatibak 40. Topa deituriko ekitaldia egin dute gaur, larunbata, topaketen ibilbidearen parte izan diren herritarrak omentzeko. Agertokiaren gainean, atzean, antolakuntzan eta bestelako hainbat zereginetan aritutako eta zaildutako jendea hurbildu da Dinamoa sormen gunean izan den ekitaldira, eta historia, oroimena, eta bereziki, errekonozimendua izan dira gaurko protagonista.

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultur batzordeburua izan da hitza hartzen lehena. "Aurrera begira bizi garen honetan, 40. urteurren hau aprobetxatu nahi genuen atzera begira jartzeko, errekonozitzeko eta balioan jartzeko duela 40 urte eta orain arteko urte guztietan hemen zaudetenok eta falta direnek egindako lana. Garen bezalakoak gara aurretik egindako ibilbide guztiari esker", azaldu du. Horrez gain, Kultur batzordeburuak gaineratu du "izaera" eman diola antzerkiak Azpeitiari: "Antzerkiak talentu asko ekarri du, eta horren adibide garbi bat da Herriye antzezlana". Era berean, Azpeitiak antzerkiari egindako ekarpena ere izan du hizpide Albizuk: "Euskal antzezle asko eman ditu Azpeitiak, eta garbi dago ondoren ere etorriko direla". Kulturaz kooperatibaren izenean Aitor Bengoetxeak hitz egin du, eta 40. urteurrenaren harira aurten egindakoak izan ditu hark hizpide. "Aurrera begira ari gara lanean, baina betiere atzekoa kontuan hartuta eta norabide hori ahal dela iparrorratz moduan hartuta". Bengoetxeak nabarmendu du "elkar topatzea" bilatu nahi izan dutela 40. Topa ekitaldiaren bitartez.

Hiru omendu

Gaurko ekitaldian Euskal Antzerki Topaketen zein Azpeitiko antzerkigintzaren parte izan diren hiru pertsona omendu dituzte. Alde batetik, Maria Jesus Aranburu aipatu dute; Pello Elorzak jaso du lore sorta haren izenean, Aranburuk ezin izan baitu ekitaldira agertu. Elorzak, Aranbururen izenean, 80ko hamarkadako garaiak izan ditu hizpide, 1983-1987 urteen arteko udal agintaldian izan baitzen topaketen lehen edizioa. Bestalde, agintaldi horretan bertan Azpeitiko alkate izan zen Imanol Elias ere omendu dute ekitaldian, hark, besteak beste, antzerkiarekiko zuen maitasunagatik eta Euskal Antzerki Topaketen sorreran giltzarri izateagatik. Hirugarren omendua, berriz, Pili Arrieta Azpeitiko Udaleko Kultur teknikaria izan da, hark 32 urte baitaramatza dagoeneko topaketen antolaketan. Ekitaldian izan da Arrieta, eta esker onak izan ditu solasaldian.

Bestalde, Euskal Antzerki Topaketetan modu askotan parte hartu duen Alaitz Olaizolak hartu du hitza ekitaldian. Antzezle ez ezik, zuzendari ere izan da Olaizola, eta baita Antxieta zein Lakrikun antzerki taldeetako kide ere; horrez gain, Emakumeen Antzerki Tailerreko irakasle ere izan zen. Herriko antzerkigintza goraipatu du ekitaldian: "Niri antzerkigintza asko gustatzen zait, baina iritsi naiz ondoriora herriko antzerkigintza gustatzen zaidala; herritarrek egiten dutena, herritarrentzat". Bestalde, Antxieta Antzerki Taldean zein Lakrikunen egindako ibilbideaz aritu da: "Guk amateurtasun horretatik edan dugu".

Wikipedian txoko bat

Aurtengo urteurren bereziaren harira, beste berrikuntzetako bat izan da Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Wikipediako orrialdea sortu izana, eta Euskal Wikilarien Elkarteko Edurne Agirre izan da proiektu horren gaineko xehetasunak azaldu dituena. Azken 40 urteetan, topaketen harira egindako kartelak, programak, eta informazio osatua dago Wikipedian, euskaraz. "Ez da inoiz bukatuko, eta denak izango du lekua orrialde horretan. Errelatoa denon artean sortzen joan gaitezke", nabarmendu du Agirrek. Orrialdearen atalak xehe azaldu ditu Euskal Wikilarien Elkarteko kideak, eta topaketen sorreran zein bestelako xehetasunetan egin du azpimarra.

Behin ekitaldia amaituta, Euskal Antzerki Topaketen 40. urteurrenaren harira egindako murala bisitatu dute gonbidatu guztiek, eta ondoren, argazki erraldoia atera dute denek batera.

Hona hemen gaurko ekitaldiko argazkiak: (Yuri Agirre/Kulturaz kooperatiba)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide